185. Errepublika garaiko alaitasuna

Aurreko batean esaten nuen Zestoako euskal jaiei buruzko orrialde eder bat badela Ahora egunkarian, eta duela urte asko Anastasio Alkorta zenak eman zidala fotokopia; nahiko kalitate gutxikoa dela, ordea, eta jatorrizkoaren bila nenbilela Interneten. Ezin aurkiturik, Guerrita toreatzailearen elkarrizketa bat ekarri nuen, angularik ez daukat baina patatak salduko dizkizut esango lukeen dendari txar batek bezala. Eta, tira, konfinamendu arraio honek askotarako ematen du eta, hara bada, aurkitu dut azkenean nahi nuena.

Ez da ahaztu behar Ahora, Madrilen argitaratu zela 1930etik 1939ra bitartean, eta gehienbat Espainiako jendeari zuzendutako argitalpena zela. Horrela bada, oso itxura ederreko eta exotismoz beteriko irudiak agertzen dira, ikusten duzuen bezala (ez ahaztu argazkian bertan klikatuz gero, handiago ikusteko aukera daukazuela).

Irudiak komentatzera sartu aurretik, egin dezadan sarreratxo bat. 1934an gaude. Ignazio Etxaide Etxeberria Erdikaleko gazteak, Euzko-Etxea elkarteko lehendakari gisa, idatzia aurkezten dio uztailaren 24an Zestoako Udalari, aurreko urteetan bezala Euskal Jaia antolatu nahi dutela adieraziz. Abuztuaren 12an, igandean. Era berean, Gurutzeaga frontoia eskatzen du, “pilota partida bikain bat” antolatzeko, eta musika banda eta txistulariek beren emanaldia eskaini dezaten. Dirulaguntza txiki bat ere eskatzen du, hori guztia garai haietako bedeinkazioarekin bustita: Es gracia que espera alcanzar de ese Ilustre Ayuntamiento, a quien desea largos años de vida”.

Ederra da Ahora argitalpenaren orrialdea, ederra bere diseinu grafikoa, ederrak argazkiak. Izan ere, Pascual Marin (Tutera, 1893 – Donostia, 1959), Zaragozan ikasi, Donostiara etorri 21 urterekin eta gu hemen erakusten ari garen argazkiak egin zituenerako, oso argazkilari famatua zen.

Harri-jasotzea, ezin falta kanpotarrei exotismo puntu bat erakusteko eta euskaldunen indartsu fama topikoa erakusteko: “Hona hemen, Zestoako festetan, harri-jasotze txapelketan parte hartu zuten bi euskal atletak”. “Dos atletas vascos”, halaxe dio egunkariak.

Indarra baino gehiago azpimarratzen da, ordea, edertasuna eta distira. “Gazte zestoarrak festetan euskal dantza tipikoa dantzatzen. Distira handia izan zuten festek, eta eskualde osotik etorritako kanpotar ugarik ikusi zituzten”. Besteak beste arku-dantza eta zinta-dantza ageri zaizkigu. Erdi-erdian antolatzaileak edo. Txapel eta jertse beltzezko gaztea Alkortatarren bat ote da edo Anastasiok kasualitatez ote zeukan Ahora-ko ebakina? Ez dakit zer emango nukeen argazkietan azaltzen direnen berri jakiteagatik! Ez dira hain zaharrak argazkiak, eta animatuko nuke edade pixka bateko jendea horko pertsonak ezagutzeko ariketa egitera. Zein ibiltzen ziren orduko dantza taldeetan? Zein kulturgintzan? Tira, hor botatzen dut enbidoa, hartu nahi duenarentzat.

Kirmen Uribek dioen bezala, “Galdutako eskubideak, iraganeko mundua, bizi-bizi zegoen herrietan. Hantxe aurkitzen zuen kaleko jendeak garai galdu bateko esentzia”. Egia da, hantxe aurkitzen zuen ordurako indarra hartuta zegoen Eusko Alderdi Jeltzaleak galtzeko arriskuan zegoen mundu ikuskera bat eta etorkizuna, eta hantxe aurkitzen zuten hiriko kanpotarrek mundu exotiko eta erromantiko bat.

Eta kasualitateak gaurko argazkiak eta Guerrita toreatzailearenak uztartu egin zituenez (hauek aurkitzen ez eta haiek erakutsi), ezin galdera bota gabe geratu: zer dela eta, kanpoko egunkariek, publizitateak, postalek… interes handia dute gure herriko folklore eta tradizioez (dantza, herri kirolak, pilota… nonahi aurki liteke Zestoako argazki edo kronikaren bat) eta batere ez nobilladez? Nik ez dut Zestoako nobilladei buruzko argazki bat bera ere aurkitu gerra aurreko egunkari-aldizkarietan. Zergatik ote? Gaurkoagatik ez dut emango erantzunik, beste batzuk direlako gaurko protagonistak: Errepublika garaiko alaitasun ederra erakusten duten dantzari eta jende gazte horiek. Ez zekiten asko, zer etorriko zen bi urte beranduago! Baina ez gaitezen festa apurtzaileak izan, arraioa!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide