187. ‘Zestoa vibró de ambiente’

Bi mundu, bi alderdi, cara o cruz, leon-kastillo… “Ikusle ugari eta parte-hartze txikia zaindariaren gauean” Legazpin; “Zestoa vibró de ambiente” hiri termalean; La Voz de Euskadi, egunkari efimeroa (1983-1985); Pepe Rey ospetsua zuzendari… Horiexek, orrialde bizi eta eder baten osagaiak. 1984ko maiatzaren 2 hark eta erreportaje hark badute testuinguru edo istorio polita, gatz eta piperrez gozatutakoa, baina hori hobe orduko jendeari galdetzen badiezue. Xanti Sagarzazuk –eta uste dut Joxemari Elorzak, Tomas Odriozolak eta beste batzuek ere bai, ez nago seguru– jakingo dute zein izan ziren kazetariaren ibilerak Legazpi eta Zestoa aldetik eta gauaren zehaztasunak. 

Tira, Legazpiko danborradari buruz esaten diuenak, karrozaren eta erreginen kontu hori-eta oso interesgarriak ditugu, eta hausnarketa batzuk (erreginak, kantinerak…) ez direla atzo goizekoak adierazten digu. Baina utz dezagun Legazpi…

“Zestoa vibró de ambiente”. Oraingo gazteek –gazteek zentzu historiko apala dute, orainaldia dute zaindari– pentsatzen dute danborradako giro izugarri hori orain gutxiko gauza dela baina bistakoa da ez dela horrela: “Ia mende erdia dirauen Zestoako danborrada arrakasta betea izan zen (…). Gaueko 10:30ean hasi zen plazan, eta izugarrizko jendetza zebilen, nahiz eta laneguna izan eta Zestoako biztanleek bakarrik duten jai”. 

Parte-hartzaileak, honakoak: Gure Txokoa, Ekain, Ertxinpe, Ipintza, Lauiturri eta Talde Ekologista. Danborrada bitxia, anarkikoa, ederra, herrikoia… Baina utz diezaiegun hango giroa azaltzen kronikaren egileei (Shanti Sagarzazu – Izaskun Arrieta): “Plaza jendez gainezka zegoen, eta brinkoak, dantzak eta ‘kopeoa’ etengabea zen. Gero, Arkupe txaranga arduratu zen festarekin jarraitzeaz; orgiastikotzat jo dezakegun festarekin jarraitzeaz. Zestoa akelarre txiki bat izan zen, eta inolako beldurrik gabe egin zen gau-pasa. Eta nolako gau-pasa! Gau hartan bainuetxe-herri hura zer izan zen ikusteko, bizi egin behar da gau-pasa hura, edo bestela benetako protagonistari galdetu behar zaio, alegia, Zestoako herri osoari. Zorionak.” Argazki oinek ere ederki asko erakusten dizkigute festaren ezaugarriak: “Zestoako danborradan parte hartzen du, nolabait ere, herri guztiak. Irekia da, anarkikoa, parranda zalea, eta historikoa. Bainuetxe-herriko danbor eta barrika konpartsek, puruak ahoan zituztela, 10:30ean irten ziren”. Argazkiek ere, Luis Otaegirenak, merezi dute ondo begiratzea, jende ezaguna ikusteaz gain, hainbat bitxikeria badituzte eta: janzkerak, sardeak eta eskuareak…

Aurtengo danborrada berezia izango da, eta hala ere ez zaio alaitasunik faltako –espero dut– eta horixe nahi nuke, gerta ala gerta Zestoako danborradak beti titular horixe behintzat mantentzea: “Zestoa vibró de ambiente”. Eskerrik beroenak egoera zail hauetan Zestoa girotzeko lanean ari zaretenoi eta Gora Bihotzak! Bejondeizuela!

Argazkiaren jatorria: “Atzoko prentsa”, www.kmliburutegia.net




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide