188. Harri tiraka, distantziatik

Mundua mundu denetik existitu dira anonimoak edo egile ezezaguneko oharrak. Anonimoak, diktadura batean edo arrazoi batengatik indarkeria jasateko arriskua dagoen kasuetan edo norbere segurtasuna kolokan jartzen den egoeratan, guztiz ulertzekoak dira. Herri “aske” batean, ordea, zenbait iritzi edo salaketa anonimatuan ezkutatuta egitea koldarkeria da. Anonimo bat baino gehiago jaso genituen –baita neuk ere– zekorketen erreferendum hura zela-eta. Zorionez, ez ziren meatxuzkoak baizik-eta iritzia emateko, eskerrak! Egun hauetan ere, danborrada dela eta ez dela, izan omen dira anonimo batzuk. Koldarkeria hutsa bai, hitzaren indarra erabili beharrean burua txanopean estali eta harrikadak botatzen ibiltzea bezala. Behin Anjel Lertxundik esandakoa datorkit burura: “Dicen que vienen tiempos en los que, por fin, la palabra sustituirá a las armas. Ojalá. Pero, ¿cómo conseguir que la casa del lenguaje sea habitable? Creo que nuestro futuro está en la respuesta.”

Sorgin-ehizak ote datoz bada? Makartismo garaiak? Ezin-ikusia, eta lagun hurkoa salatzen ibiltzeko boladak? Lukasengana joan behar ote dugu ba? “Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez? Nola esan diezaiokezu senideari: ‘Adiskide, utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen’, zuk zeurean duzun haga ikusten ez duzula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko”. Lekuz kanpokoa dirudi Bibliaren aipamena baina laster ikusiko duzue zergatik ekarri dudan hona.

Eta eman dezadan nire iritzia behingoz. Larrialdi egoera hau dela eta, bada errespetua galdu dionik eta egin behar ez diren gauzak egin dituenik. Luze joko luke denak aipatzeak. Baina anonimoak bidaltzen ibili behar al da, norberak bere iritzia eta amorrua azaltzeko, edo gizarte libre batean gaudenez, aurpegia eman eta danbolin-en, prentsan, irratian, kartelean edo maria-santisiman adierazi eta hobe ez al da? Tira, hemen utziko dugu.

Gaurko gaia duela ia ehun urteko anonimo bat da. Batzuk gogoan izango dute 2017ko urtarrilean, “Aztarka” hauetan bertan, “Ez da posible eskatzen dutena ez ematea” izenburupean, dantzari buruzko gatazka baten berri eman nuela (danbolin digitaleko bilatzailean titulua sartzen baduzu, irakurle, laster aurkituko duzu artikulua). Kontua da 1928ko maiatzeko jaiak pasa eta berehala, alkateak, Ramon Izetak, denboraldi baterako eten egin zituela bailableak eta sekulako arazoak sortu zirela herrian. Izugarrizko eztabaidak udaletxean, baina azkenean hartu zuten erabakia: bandak jo zezala pieza bat sueltoa eta beste bat lotua, baina angelusaren ordurako dena bukatzeko baldintzarekin. Hori bai, guztiz debekatuta geratu ziren eskandalagarriak iruditzen zitzaizkien fox-trotak, charlestonak eta tangoak.

Orduan ez nekien tartean anonimoak ibili zirela han ere, baina egun hauetan etxe-txukuntzen, alegia, udaletxe-txukuntzen ari naizela hara non aurkitzen dudan gai horrekin lotura duen anonimoa. Ez du urterik jartzen, are gutxiago izenik (horregatik da anonimoa, arbi-ondua!) baina garai hartako agirien artean azaldu da eta tankera hori eman diot.

Querido amigo Ramón [erdaraz idatziko dut, itzulita zaporea maskaldu ez diezaiogun]: Haga el favor de meditar sobre estos puntos. ¿Ha meditado Ud. alguna vez el escándalo que está poniendo porque bailan, y la semilla que están sembrando entre los niños inocentes? ¿Ha pensado alguna vez que Ud. tendrá que dar cuenta de todo eso y de todos los pecados que se cometen delante de Dios y que ha de ser pronto? Ramón, por Dios, no se engañe a Ud. mismo porque a Dios no se le engaña con decir que si no hay aquí vals irán a fuera. A Ud. no le pedirá cuenta de los que van fuera. ¿Y Ud. quiere complacer a cuatro o a seis sinverguenzas más para ir con ellos al infierno? Piense; piérdanse todos antes que me pierda yo, un amigo que le aprecia.”

Herriko apaizen bat ote? Udaleko kideren bat, handikiren bat? Ezagutuko ote zuen Ramon Izeta alkateak noren letra zen? Ez ote da anonimoa eta goian azaltzen diren bi jota eta “n” moduko bat ote dira bidaltzailearen seinaleak? Eta zergatik ez du orduan agiria sinatzen? Bueno, galdera mordoa.

Zaila da jakitea zer eragin izango zuen gutun “anonimoak” alkatearengan, baina garai haietan Jainkoa eta infernua aipatze soilak beldur ikaragarria eragiten zuen. Ukituko zion bihotza, bai, eta horren seinale da erabakia neurri zorrotzekin hartu zutela: angelusaren ordurako, hau da iluntzerako, dena bukatzea; erlojuaren arduradunari agindua ematea kanpaiak zuzen jo zitezen; zalantzaren bat izanez gero alkatearekin kontsultatu beharra… Eta gero, jakina, udaltzainak, serenoak eta apaiz eta beato guztiak ibiliko ziren hura dena zelatatzen; eta zuzen ez zebilenak salaketa eta multa ederra ordaindu behar. Azaltzen dira udaleko aktetan makina bat herritar, isun ederrak ordaintzera kondenatuak, biraogile edo “blasfemo” omen zirelako.

Ez dute horrelako kezkarik argazkian soinu eta dantzan ageri diren gaztetxoek. Hori bai, berotasunik, suhartasunik gabe, behar den distantzia zuzen-zuzen mantenduz.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide