Albisteak

1928an Brown Boveri etxeak kaleratutako trenaren hiru erreplika egin dituzte Trena Bost Pulgada elkarteko kideek

2014ko urtarrilean ireki zuten Iraetako tren zirkuitua. Pandemia gurera iritsi zenean itxi zituzten bertako ateak. Ordutik itxita dago baina Trena Bost Pulgadako kideak ez dira geldirik egon. Mantenu lanak egin dituzte azken hilabeteetan eta tren berriekin lanean ere aritu dira: hiru tren ikusgarri egin dituzte. 1928an merkaturatu zituzten Brown Bovery etxeko trenaren hiru erreplika egin dituzte Patxi Goenagak (Zestoa, 1955), Jose Juan Etxeberriak (Zestoa, 1964) , Jokin Menoiok (Lemoa, 1965) eta Iarone Goenagak (Zestoa, 1989). Lan polit zein ikusgarria egin dute.

2017an bururatu zitzaien tren horien erreplikak egitea. Menoiok azaldu du Patxiren garajean zeuden batean adostu zutela, “batek bota eta gainerakoek baietz esan genuen” azaldu du lemoarrak. Patxiren alaba Iaroneri laguntza eskatu zioten orduan. Ingeniaria da bera, eta trenaren argazkiak eta bi plano orokor eman zizkioten: “Aitak laguntza eskatu zidan eta nik esku bat bota nahi nuen. Lanean jarri eta trenaren planoak atera nituen, nahiko azkar egin nuen” azaldu du. Iaronek plano guztiak amaitutakoan, Menoioren txanda izan zen, berak moztu zituen trenen piezak eta gero, Goenagaren eskuetara iritsi ziren horiek. Goenagak bere garajean orduak pasa ditu trenaren erreplikak detailez detaile egiten. Denen arteko lana izan dela azaldu du Menoiok baina talde lan guztietan bezala, batek pisu handiagoko lanak egin dituela, Patxik hain zuzen.

Tren horiek merkaturatu zituztenean, hamar ziren eta bakoitzak mendi baten izena zuela azaldu du Etxeberriak: “Guk ere gure tren bakoitzari mendi horietako baten izena jarri diogu”. Lortutako emaitzarekin oso gustura daude hirurak. Ez dira geldirik egotekoak eta proiektu berriak ere badituzte esku artean. Zirkuitua noiz irekiko duten galdetutakoan, oraindik datarik ez dutela diote, egoera pixkanaka bere onera itzultzen doan heinean irekiko dute berriro ere tren lorategia. Momentua iristeko irrikatan daude, jendeak trenekin goza dezan.

Hemen dituzue Iraetan hartutako argazkiak eta bideoa:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide