Albisteak
Txoko feministak ekintzak antolatu ditu martxoaren 8rako
— 2016-03-04‘Feminismoak egingo gaitu herri’ lemapean, Zestoako Txoko Feministak, martxoaren 8rako hainbat ekintza antolatu ditu. Asteartean, 19:30ean, ekitaldia izango da plazan eta ondoren, emakumeen afaria jubilatuen tabernan. Afarirako sarrerak koioten daude salgai igandera arte. Ikasle eta langabetuenak 8 eurotan eta langileenak 12 eurotan.
Zestoako Txoko Feministak, martxoaren 8ko eguna kalera irteteko eta aldarrikatzeko egun modura ulertzen du. Emakumeek jasaten duten zapalkuntzak aurpegi ugari dituela diote taldeko kideek, aurpegi laborala, prekarioa, zaintza emakumeen esku hartu beharraren aurpegia, etorkinen zapalkuntzaren aurpegia, kontrolaren aurpegia, kolpeena, burua makurtu beharrarena edo hilketena. Zestoan ere aurpegi hauetako asko daudela ohartarazi nahi dute eta herri osoa betaurreko moreak jantzi eta kalera ateratzeko deia egiten dute, feminismoak egingo baikaitu herri.
Bestalde azpimarratu nahi dute Zestoako emakumeen artean aniztasun handia dagoela eta taldearen helburua Txoko Feminista denen bilgunea izatea dela.
Egin zaitez bazkide