Paperekoa

Iraoberri ekintza zentroa, pottokekin lan eta bizi

Ibañarrietara bidean, Irao baserriaren parean dago Iraoberri ekintza zentroa. Pottokekin aritzen dira lanean Adur Barroso, Juan Jose Alberdi eta Thomas Nolan. Zentroa erakutsi, eta proiektua azaldu digute.

Pottokak hazi eta haiekin hainbat ekintza egiten dituzte. Euskal Herriko poni arraza da pottoka. Bertako ingurura egokitutako arraza da. Gehienez 1,30 metro inguruko altuera dute, eta 200-300 kiloko pisua. Paleolito garaitik gure mendi eta harenetan dabilen animalia bat da. Sastarrain bailaran ere urte ugari daramatzate; Ekain haitzuloko hormetan ageri diren zaldien irudiak ditugu froga paregabea.

Oraingoz, aurreproiektu bat da Iraoberri ekintza zentroa. Baimen guztiak eskuratutakoan, gauzatuko dute behar bezala buruan duten proiektua. Hala ere, dagoeneko lanean ari dira. Arlo ezberdinak lantzen dituzte pottokekin; heziketa, kirola eta turismoa esaterako.

Ekintza aipagarrienak klaseak, ibilaldiak, karroan egiten diren paseoak eta zaldi udalekuak dira. Thomas Nolan, zaldi irakaslea da; pottokekin klaseak ematen ditu. Juan Jose Alberdi mantentze lanetan ibiltzen da, eta Adur Barroso denean pixka bat, baina, gehienbat, koordinatzaile lanetan.

Egun, 40 bat pertsona dabiltza zentroko klaseetan. Gehienbat, inguruko herrietatik etortzen dira: “Ez dakigu zergatik, baina zestoarrak ez zaizkigu animatzen”. Urte osoan, guztira, 2.000 ekintza unitate egiten dituztela esan digute.

Klaseak ordubetekoak izaten dira. eta ingelesa eta zaldiketa uztartzen dituzte, Thomas irakaslea irlandarra baita. Zaldiketari dagozkion gauza teknikoak erakusten dizkiete ikasleei, saltoak, zaldia nola domatu, posizioak… Ibilaldiak, hemen inguruan pottokekin egiten dituzten paseoak dira. Denboraren arabera, gutxi gorabehera zehaztuak dituzte. Ordubetekoa Iraetara joan-etorria izan ohi da. Bi ordukoa, Aizarnazabalera joan-etorria. Lau ordukoetan, berriz, Pagoetako parke naturalera joan izan dira, Izarraitzera edota Erniora.

Pottokek mendiak garbitzeko eta haragitarako bakarrik ez dutela balio erakutsi nahi dugu; kirolerako ere oso baliagarriak dira”. Batez ere, altuerari dagokionez, umeentzat eta hasiberrientzat oso animalia egokia da. Iraon eskaintzen dituzten klaseek kirol irteera bat izan dezakete. Horren adibide da bertako ikasleek hil honetan hipodromoan egindako erakustaldia.

Izan ere, eguneroko martxatik aparte, urtean zehar badituzte ekintza puntual batzuk. Pasa den irailaren 10ean, adibidez, Donostiako hipodromoan izan ziren. Euskal Herriko Pottoka Hazleen Elkarteak antolaturik, pottoka erakustaldi bat eskaini zen. Han izan ziren Sastarrain Baserri Eskolako pottokak eta haiek erakusten Iraoberriko ikasleak. Domarako eta jauzirako zein erabilgarriak diren ikusteko aukera paregabea izan zen.

Irailaren 17an, berriz, “Gurdi Bidean” hartu zuten parte. 18 eguneko ibilaldi bat da, Burgosetik, Pasaiara. Araba, Nafarroa, Errioxa eta Gipuzkoa zeharkatzen dituzte. Irailaren 17an izan zen azken etapa, eta Donostiako kaleetatik pasatu ondoren, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriara iritsi ziren. Azken etapa horretan hartu zuten parte Iraoko pottokek.

Hasieran esan bezala, oraindik ez dute benetan nahi duten proiektua gauzatu. Guk ulertzeko moduan, pottoka protagonista izango den parke tematiko moduko bat eraiki nahi dute. Estatu mailan, arraza autoktonoa zaintzen erreferentzia izango litzatekeen zentro bat. Pottokez gain, beste animalia batzuk edukitzea ere aurreikusten dute: bisonteak, orkatzak… “Iraoberri erakusleiho bat izatea nahiko genuke”. Baina ez hemen bakarrik, Euskal Herriko beste zenbait eremutan ere horrelako zentroak egotea da nahia, betiere bertako arraza kontserbatzeko helburuz. Ikuskizuna izango litzateke ardatza, gauzak nahi bezala irteten badira; harmailadun leku bat daukate buruan. Kirol lehiaketak-eta ospatu daitezkeen leku bat izango litzateke, eta bertako pottokak beste poniekin lehiatuko lirateke. Pupilajea ere buruan dute: zaldia edukitzeko leku egokirik ez duten zaldi jabeei zaldia edukiko eta zainduko liekete.

Kontu horiek guztiak, ordea, baimenak lortutakoak jarriko dituzte martxan. Espero dugu lehenbailehen izango dela. Bitartean, pottokekin lanean jarraituko dute buru-belarri, arraza desagertu ez dadin, betiere Euskal Herriko Pottoka Hazleen Elkartearekin elkarlanean.

Animatu Iraoberri ekintza zentrora, eta ezagutu bertatik bertara euskal pottoka. Bertan zain izango dituzue Urki, Izar, Mendi, Irritzi, Gogor, Kalimero, Fargo, Balerdi, Robin eta Beltz.

Amaiur Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide