Paperekoa

720 SINADURA ONDO EGITEN JARRAITZEAREN ALDE

Maiatzaren 26ko ohiko udalbatzarrean edukiontzietan oinarritutako hondakinen bilketara aldatzea onartu zuen udalak. Erabakiaz kezkatuta, herritar talde batek bilera bat deitu zuen ekainaren 7an. Sinadura bilketari ekin zioten eta 720 herritarren babesa lortu dute. Taldearen helburuez eta asmoez gehiago jakin nahian, galderatxo batzuk erantzuteko eskatu diegu.

Herritar talde bat bildu zineten joan den ekainaren hasieran. Zer dela eta?

Edukiontzien sistemara itzultzeko udalak hartutako erabakiak kezkatuta hasi ginen elkartzen. Gaur egungo sistema ezartzeko hondakinen mahaia antolatu zen, eta asko kostata, adostasunera iritsi ziren udaleko bi alderdiak, teknikariak eta hainbat herritar. Sistemaren aldaketak izugarri hobetu ditu atariz atariko kuboen sistema martxan jarri den guneetako bilketa datuak. Hori gutxi ez, eta gaur egungo udalak mankomunitateari eskatutako txostenean, ikuspuntu ekologiko eta ekonomikotik, sistema aldatzea erabaki okerra litzatekeela erantzun diete.

Hori guztia hala izanda, ezin dugu inola ere ulertu udalak atzera edukiontzietara itzultzeko hartu duen erabakia, eta ezin dugu besterik gabe onartu. Are gutxiago adostasunik gabe eta eztabaidagune bat ireki gabe egin nahi duenean.

720 sinadura bildu dituzue. Zer sinatu dute herritarrek?

Sinatutakoa lau puntu nagusitan oinarritzen da: emaitza onak ematen ditu; sistema adostua da eta liskarrik gabe ezarri zen, gainera, mankomunitateko herrien artean kexa gutxien Zestoan jasotzen da; zaborra desagertu da kaleetatik, lehen edukiontziak ondoan zituzten etxeetakoek urruntzeko eskatzen zuten eta orain kuboak etxe atarira gerturatzea nahi dute; sailkapena hurbilagotik kontrolatzen da, eta norbait nahastuz gero, biltzaileek momentuan zuzendu dezakete. Azken hori funtsezkoa da, baina iruditzen zaigu udala eta mankomunitatea erlaxatu egin direla bildutakoa kontrolatzerakoan (sistema aldaketan pentsatzen edo).

Ez gaude itsututa, ongi funtzionatzen duelako gaude sistema horren alde eta ez gaude aldaketen aurka. Funtsean, aldaketarik egitekotan hausnartuta eta hoberako izatea nahi dugu.

Bildutako sinadura horiekin zer egin duzue?

Uztaila amaieran udalean idatzi bat sartu genuen udalbatzarra osatzen duten bi alderdiekin bildu nahi genuela eskatuz. Ez zuten eskaria aintzat hartu, eta hauteskunde ondoren, berriro eskaera bera luzatu diegu. Oraingoan ahoz erantzun digute eta, itxura denez, urriaren 24an izango da bilera (elkarrizketa publikatzerako bilera eginda egongo da). Gero, azaroaren 3an, bilera ireki bat egingo dugu herritarrei udalaren erantzunaren berri emateko eta hurrengo pausoak zehazteko.

Eta aurrerantzean zer?

720 sinadura horiekin gure helburua hondakinen mahai bat osatzea da. Eztabaida arlo politikotik atera eta arlo teknikora eramango duen mahai bat. Gaur egungo sistema ezartzeko oso inbertsio txikia egin zen eta oso malgua da edozein aldaketa egiteko. Asko kezkatzen gaitu edukiontziak jartzeko inbertsio handi bat egiteak; izan ere, emaitza txarrak ematen baditu, urte askotarako hipotekatuta geldituko ginateke, atzera bueltarik gabe. Halako arazoak hausnartuko diren espazio bat lortuz gero, gure helburuak betetzat emango genituzke.

Amaiur Aristi Arregi

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide