Paperekoa

Agur Puertekoari! Kaixo Konpitterokoari!

Irailean itxi zituen ateak Puertekoak. Askok izenez ez duzue ezagutuko, baina Aizarnako denda dela esanez gero, ziur denok jakingo dugula zeri buruz ari garen. Bizitza lanean pasatu ostean erretiroa hartu eta atseden hartzeko garaia iritsi zaie Agirre anai-arrebei. Erabakiak ezustean harrapatu ditu asko Aizarnan. Baina dendarik gabe geldituko zirela pentsatzeko astirik ere ez dute izan, Puertekoak ateak itxi bezain azkar bere lekua hartu baitu Konpitterokoak. Aldaketa horren atzean Juan Joxe Agirre eta Luis Mari Izetaren arteko solasaldi bat baino gehiago egon da.

Puertekoari agurra emateko, Jon Egigurenek danbolin.eus webguneko Komunitatea atalean artikulu bat idatzi zuen. Orrialde hauetan, Egigurenen artikulua eta orain Konpitterokoan denda jartzeko ardura hartu duen Luis Mari Izetari egindako elkarrizketa dauzkazue.

2016ko irailaren 10ean, Jon Egigurenek danbolin.eus webgunean argitaratua:

Puertekoa taberna eta saltokiari agurra

Iraileko lehen egunean itxi ditu ateak Aizarnako Puertekoa saltoki eta taberna izandakoak. Izen hori oso ezaguna da gure bailara eta inguruetan. Adinean aurrera doazenek gehienek ezagutu dute etxe hori, eta hara sartu-irtenen bat egin dutenak ere, ugari izango dira seguru asko.

Gaur egun denda bakarrik zegoen martxan, ia-ia ezinbesteko zerbitzua zen Aizarnarako. Baina etxe horren iraganari begiratzen badiogu, historia luzea dauka kontatzeko. Nik ez dut dena ezagutzen, baina dakidan neurrian saiatuko naiz orri honetan azaltzen.

Etxe horrek artisautzan ere egiten zituen produktu batzuk, ezagunena txokolatea izango zen seguru asko. Bazuen txokolate tableta ugari egin zuen makina dotore bat. Chocolates Aguirre izena zuten handik ateratzen ziren tabletek. Aizarnan bertan ez ezik, Azpeitian ere oso estimatua izatera iritsi zen Aizarnako txokolatea. Gogoan dut oraindik erakusleihoko irudia txokolate tableta dotoreekin.

Beste artisau produktu bat ere gogoan dut: kandelak, hain zuzen. Santu Guztietan eta Aste Santu inguruan zenbat kandela egiten zen, batek daki. Elizarako gehien bat, baina etxean ere ezinbestekoa zen kandela, urtean zehar motibo asko izaten baitzen kandelak pizteko: ekaitza zenean, deboziozko santuari ipintzeko, etxez etxe ibiltzen zen Ama Birjinari jartzeko… Eta argindarrik gabeko gauak ere askotan izaten ziren.

Auzoko ogia hornitzea ere etxe horrek egiten zuen. Zestoatik ogia ekartzeko astoa erabiltzen zuten. Askotan ikusi nuen Julian zena galtzada zaharrean gora otarreak bete-bete eginda zituela. Hori guztia autoak Aizarnara iritsi aurretik, jakina, geroztik furgonetak egiten baitzuen lan hori. Bide batez, gainera, Zestoako lantegietara aizarnarrak eramaten zituen.

Jatetxe eginbeharra ere ondo bete du Puertekoak. Etxe horretan familiarteko bazkari edo ospakizun asko egin dira, erromeria ondorengo afari ugari ere bai. Beti jan goxoa prestatutako fama zuen Euxebi zenak, eta hori nik ere baieztatu dezaket.

Jatetxe betebeharra ondo bete izan duela esan dugu; bestalde, tabernarena ez da gutxiago izan. Batek daki Aizarnakoak garenok zenbat ordu pasatu ditugun taberna horretan otorduak, tragoak eta lagunarteko tertuliak tarteko. Tokia eta lagunartea oso baliagarria da horretarako, baina seguru alkoholak ere laguntzen zuela…! Erosketak egiterakoan, berriz, zenbat harreman izan ote zen erosleen artean, zenbat albiste eta berri jasotzen ote zen! Auskalo!

Esan daiteke, gizaldi oso bateko lanak ari garela aipatzen eta aipatu gabe asko utziko nituen seguru asko. Urte asko dira saltoki batek bizirik irauteko eta zaila egiten da gizaldi bat bi lerrotan irudikatzea. Dena dela, ondo merezi dute Ixiarrek eta Juanjoxek erretiratu osteko bizimodu lasaia. Goza dezatela!

Itxi da Puertekoa, baina nik barruan eramango dut bizi naizen bitartean, han momentu eder asko igaro ditudalako eta momentu haiek ezin dira ahaztu ate batzuk itxi direlako. Agur Puertekoari.

Amaitzeko, esan behar Puertekoak utzi duen hutsunea orain Konpitterokoak beteko duela. Horrek ere badu historia luzea kontatzeko, baina hori beste baterako utziko dugu.

* * * * * *

_mg_4639

Luis Mari Izeta: “Jendeak denda handietara joateko ohitura du, baina herritarrak hemen bertan geldi daitezen saiatu nahi dugu”

Noren ideia izan da denda irekitze hori?

Langabezian nengoen, eta arratsaldero Juanjo Puertekoa eta biok Erdoiztara joaten ginen oinez. Halako batean, aipatu zidan erretiroa hartzekoa zela eta denda itxi egingo zutela. Nik lokala banuela eta animatzeko, ea zergatik ez nuen denda zabaltzen. Nik ez nuen neure burua egunero dendan ikusten. Dendarekin bakarrik soldata ateratzea zaila izango zela ere esan zidan, baina tabernarekin batera soldata bat atera nezakeela.

Zer esan zuten etxekoek denda irekitzeko aukera zegoela azaldu zenienean?

Etxekoei kontatu nien Juanjok esandakoa, eta andreak esan zidan ea nola ikusten nuen neure burua. Zalantza handiak nituen, baina pixkanaka berotzen eta animatzen joan ginen etxekoak. Juanjorekin hitz egin, eta haiek ixten zutenean guk irekiko genuela erabaki genuen. Inaugurazio ofiziala hilabetea bukatu aurretik egin nahi dugu.

Taberna bakarrik izatetik denda ere izatera pasatzea aldaketa handia izan al da?

Oraindik urduri nabil, ez bainaiz sekula lan horretan ibili aurretik. Ni beste aldean egon izan naiz beti. Lehen baino genero gehiago jarri dugu. Jendeak denda handietara joateko ohitura du, baina herritarrak hemen bertan geldi daitezen saiatu nahi dugu.

Hasiera honetan zer erantzun jaso duzue?

Hemen gehienek estimatzen gaituzte, nahiz zaharrek, nahiz gazteek. Ogia baserriraino eramatea asko estimatzen dute. Aurreko igande batean, adibidez, hortxe etorri zitzaizkidan gazte batzuk. Haragia eta jatekoa erosi eta elkartera joan ziren afaltzera.

Zer ordutegi daukazue?

Denda, berez, goizeko bederatzietan irekitzen dugu, baina goizeko zortzietan Zestoara jaitsi eta baserritarako ogia hartu eta banaketa egiten dut. Batzuetan jendeak deitu egiten dit eta hurrengo goizean, ogiarekin batera, laranja batzuk edo olioa eramateko eskatzen didate. Dendako gauzak eramateko, alegia. Jendeak asko eskertzen du. Uste dut jendea orain hasi dela konturatzen Puertekoak zer zerbitzu eskaintzen zuen. Denda handietan gauzak erosten dituzu, baina beti dago ahazten zaizun zerbait. Hemen gauden bitartean denda irekita dagoela esan liteke.

Zein dira zuen hornitzaileak? Bertako produktuak saltzen al dituzue?

Ahal dugun guztia bertako produktua saltzen dugu: berdura, arrautzak, gazta… Bertako produktuak dauka lehentasuna. Gero, jakina, badaude nahitaez kanpotik ekarri behar dituzun produktuak ere.

Denda irekitzeko beharrezko administrazio tramiteak egitea konplikatua izan da?

Tabernako kontuak eramaten dizkigun aholkularitzak lagundu digu, bestela ezinezkoa izango zen guretzat. Denda ireki aurretik ere ikuskatzailearekin hitz egin nuen osasun aldetik eskatzen zituzten baldintzen berri jakiteko. Guztia behar bezala eta baimen guztiekin ireki dugu.

Obra handia egin behar izan al duzue denda ireki aurretik?

Zerbait egin dugu, baina ez horrenbeste. Ikuskatzaileak jarri zizkigun baldintzak betetzeko, adibidez, harraska bat jarri dugu, baina apalak nik neuk egin ditut egurra erosita. Hozkailuak eta izozkailua Deban itxi berri duten denda bati erosi dizkiogu, bigarren eskukoak, modu onean.

Urko Canseco




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide