Paperekoa
AMONATXO ILOBAREN POZ – Janire Diaz
— 2016-10-08Igogailua hartu eta azkenengo pisura igo gara, afalostean, tripa bete eta telebistaren konpainiarekin egunaren errepasoa egitera. Goxo, etxean bezala. Ez da baserriko sukaldea, familia osoa batzen duen plazatxoa, baina espazio hau geureganatzen ari gara, ezta amona? Zestoako San Juan egoitzako azkenengo pisuan, amona Mariaren jardunak entzuten ari naizela etorri zaizkit lerro hauek idazteko desirak. Zenbat istorio, zenbat liburu eta zenbat bizi partekatzen diren pareta hauen tartean!
Gizartea aldatuz doan neurrian, estereotipoak ere aldatzen doaz eta zahartzaroa ikusteko moduak ere eraldatu egin dira, eredu familiar berriei lotuta. Badirudi lehen baserrian amona edo aitona orain baino errazago integratzen zela eta orain berriz, familiako “zama” izatearen mamua sortu da. Mamu inutila, baina hor dabil bueltaka gure aitona-amonengan, industrializazioa eta gizartearen erritmo horrek sortuta. Eta beldurra diot mamu horri, aitona-amonak gainetik kentzeari, haiek kargatzat ikusteari. Bitartean, amonari begiratzen diot eta irribarre egiten dit, elkarri ezer esan gabe. Irribarrea itzultzen diot.
Gure sistema honetan guztiz beharrezkoak dira hainbat zaintza eredu, hots, zahar egoitzak, etxez etxeko laguntza eta eguneko zentroak, besteak beste. Baina tamalez oraindik ere badirudi ezkutatu nahi diren bizitzak jasotzen dituzten komunitateak direla, kolektibo baztertuak. Hausnarketa horretan, burua altxatu eta egongelari begiratu bat botatzen ari naizela, aitona-amonak begira ditudala ohartu naiz. Maitagarriak dira.
Eta zahartzaroaz hausnartzen jarrai nezakeen luze eta zabal, baina azken lerro hauek etxe horietako protagonistei zuzenduko dizkiet. Amona Maria (amonatxo maitea, irribarrea), Kanario (klarinetista, banda-kidea), Ignazia (amona pinpirina, Azpeitiko missa deitzen diote), Pako (Getariako arrantzalea, abeslaria), Consuelo eta Esperanza (Extremadurako amonak), Juanito eta Mari Kruz (Aizarnazabalgo anai-arrebak) eta gainontzeko guzti-guztiak. Bakoitza berearekin, bere istorioarekin eta bere abenturarekin, garrantzitsuak direla ozen esan nahiko nuke; behar zaituztegula.
Janire Diaz
Egin zaitez bazkide