Albisteak
‘KaleAtzegizale’ kanpaina abiatu du ATZEGI elkarteak
— 2016-10-18ATZEGIk, adimen desgaitasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak, berriro ere urteko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du, “KaleAtzegizale” lelopean.
Aurtengo kanpainaren bitartez, modu anonimoan adimen desgaitasuna duten pertsonen egunerokoa errazago egiten duten pertsonei euren jarrera aitortu eta eskertu nahi zaie.
ATZEGIk adimen desgaitasuna duten pertsonekin harremantzeko moduak berebiziko garrantzia duela gogorarazi eta eguneroko keinu txiki horiek (agurtu, hitz egin, irri egin, euren egunerokoagatik galdetu…) desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatean duten balioa azpimarratu nahi du.
Asko eta asko dira gure inguruan jarrera positiboa dutenak. Baina sarritan ez dira kontziente jokaera atzegizale horrek duen garrantziaz. Eta guk gogorarazi egin nahi diegu, balioan jarri eta eskerrak eman, adimen desgaitasuna duten pertsonak diren bezalakoak, euren erritmoarekin eta izakerarekin, errespetatzen dituzten dendari, bizilagun eta bestelakoak balioan jarri. Eta honekin, bide batez, horrelako jarrerak orokortzea lortu.
Aurtengo karteleko protagonistak Laura eta Ander dira. Joseanek, Anderren aita den aldetik, bere semearentzat inguruko pertsonekin duen harremana zein garrantzitsua den azaltzen du; “Polikiroldegian, eskolan, supermerkatuan… Sarritan, keinu txiki horiek, Ander autonomoagoa izatea ahalbidetzen dute eta bere gizarte trebetasunak eta bizi kalitatea hobetzen dute”. Familiak ezin baitira beraien senideak dauden leku guztietara iritsi baina guztion artean lor dezakegu ingurune guzti horiek ATZEGIzaleak izan daitezela.
Urola Kostan ATZEGIk 95 familia bazkide ditu, 54 kolaboratzaile eta 792 atzegizale ditu. Kanpainaren inguruko informazio guztia www.atzegi.org/kaleatzegizale webgunean duzue. Kanpaina horren baitan honako bideo hau argitaratu du ATZEGIk:
Egin zaitez bazkide