Paperekoa
HAN “LOSE”. ETA HEMEN? – Aimar Etxeberria
— 2016-11-09Lose. Amerikarrek galdu egin dute. Munduak galdu egin du. Bai, hala? Ez dakit. Estatu Batuetako emakumeek eta gutxiengoek bai, ziur naiz horiek galdu egin dutela; beltzek, latinoek (mexikarrek bereziki), heterosexualitatetik aldentzen den edonork galdu du. Baina gizakiak erabaki du hori hala izatea, ezagutzen den animalia arrazionalenaren erabakia izan da. Arrazionaletik zerbait baldin badu (gu), behintzat.
Emakumeekiko errespetua ezagutzen ez duen pertsona batek gidatuko du mundu mailako superpotentzia nagusiena datozen urteetan, etorkinak kanporatuz herrialdea “garbitu” nahi duen azal zuriko gizonezko edadetu batek. Garrantzitsua da, bai, Trumpen ezaugarri fisiologikoak aipatzea. Baina ez dira Estatu Batuetako gutxiengoak soilik hitzordu elektoraleko galtzaileak. Eta ez, ez naiz ari Hillary Clintonez, Wall Street eta enparauez baizik.
Edinburgon lur hartzearekin batera antzeko egoera bat bizi izan nuen. Brexita genuen orduan eztabaidagai; Europar Batasuna utzi edo bertan jarraitzearen artean bozkatu behar zuten britainiarrek. Orduko hartan ere, etorkinen aurkako mezuak ziren nagusi 28en taldea uztearen alde egiten zuten horien artean. “Let’s take back control” (berreskuratu dezagun kontrola), zioten Brexitaren aldekoek. “Make America great again” (egin dezagun berriz Amerika handi), aldarrikatu dute Trump-zaleek. Bada, ba ote bi leloen artean ezberdintasun nabarmenik? Iraganeko denboren aldeko apologia hutsean oinarritzen dira, nire ustez, biak ala biak ere. Eta beldurra eragiten du aipatu herrialdeen iraganari erreparatze hutsak.
Urruneko kontutzat har dezakegu erretorika hau guztia, baina komeni izaten da, tarteka bada ere, norberaren zilborrari begirada azkar bat ematea. Nork ez du eztabaidatu lagunartean etorkinen aferaz? Nork ez du entzun “etorkinek lana kentzen digute” bezalako perlarik hitz-asperturen batean? Edo “diru-laguntzen bidez bizi dira” edo antzekorik? Ez al da hau guztia txanpon beraren beste aurpegia baino?
Horregatik, norbaitek galdu badu, gizakiak berak galdu duela esango nuke. Elkartasunak galdu du, hurkoari opa izateak galdu du. Britainiarrek galdu zuten; amerikarrek galdu dute. Galtze bidean ote gu ere?
Aimar Etxeberria
Egin zaitez bazkide