Paperekoa
Santa Engraziako erlojua eta auzolanaren gizalegea
— 2016-11-09Garai batean, erlojuak oso etxe bakanetan ziren garaian, telefonoetako edota ordenagailutako ordularirik ez zegoenean, “goizeko hamarrak dira, goizeko hamaikak dira” entzuteko irratirik ez zegoenean, poltsikoko erlojua jende handiak bakarrik erabiltzen zuenean, orduan, eliz dorreetako erlojuen agindupean mugitzen zen jendea. Haiek kanpaien bitartez adierazten zieten zer ordutan bizi ziren, zein ordutan erantzi behar zuten txapela otoitz bat xuxurlatzeko…
Santa Engraziako erlojua: Erdoiztatik, Etumeta aldetik, Altzolatik, Aizarna gainetatik, buelta guztian entzungo zuten haren kanpai-hotsa; boladatan Akoatik ere garbi-garbi –eta agian kaletik ere bai– eta orduan esango zuten: “Bazetorrek hego haizea!”.
Beste senide ezagunagoak bezalaxe, Santa Engraziakoak ere, bere baitan izango zuen esaera zahar hura: “Omnes vulnerant, ultima necat”, alegia, denek zauritzen dute, azkenekoak hil egiten du. Azkenaldian, hilzorian zegoen gure erlojua bera ere, baina ospitalera eraman eta sendabidean jarri dute Xabier Alvarez Ieregi eta herriko jendeak, lehengo lege zaharrean, auzolanean.
Historia apur bat
1914an jarri zen erlojua Santa Engrazian. Yeregui y Cía erlojugileek egindako 81garrena izan zen; dirudienez, azkenekoa. Ieregitarrak erlojugintzan aritu ziren diesel motorgintzan hasi aurretik. Hasiera haietan, Joxemari Azpeitia Odriozola, Santagrazizarra (1896-1986), arduratu zen erlojua zaindu eta pisuak altxatzeaz; bi egunetik behin joaten omen zen ermitara erlojuari harriak jasotzeko giltza ematera.
1975ean ermitan berritze-lan sakona egin zen auzolanean, baina erlojuari berari ez zitzaion gauza handirik egin: egurrezko euskarria berritu, kanpaira zihoan besoa moldatu eta horrelako gauzak. Santagrazizarrak jarraitu zuen erlojuaren zainketa lanetan, biloba alboan zuela, harik eta Zestoara, alabaren etxera, jaitsi zen arte.
Hala, erlojua gelditu egin zen giltza emateko laguna falta zuelako. Orduan, Erramun Etxaide Legoia zestoarrak 1996. urtean geldirik zegoen Santa Engraziako erlojua berriro martxan jarri zuen. Horretarako, giltza emateko sistema elektrikoa jarri zion erlojuari, Joxe Orbegozoren laguntzarekin. Ordutik aurrera inork ez zeukan Santa Engraziara igo beharrik erlojuari giltza ematera. Dena dela, Erramunek hainbat urtetan jarraitu zuen ermitara igotzen, mantentze-lanak egin eta erlojua zaintzera. Erramuni ezina etorri zitzaionean, Joxemari Azpeitia Rementeriak (1960) egin izan ditu erlojuaren zaintze lanak, aitonaren bideari jarraituz.
Ari zela, ari zela, ordea, erlojua matxuratzen joan zen eta konponketa beharra zeukan. Orduantxe topo egin zuten Joxemari Azpeitia Rementeria eta Xabier Alvarez Ieregik. Xabier bere aurrekoek egindako Yeregui marka zeramaten erlojuen ikerketan zebilen, jarraipena egin eta behar izanez gero, zaharberritzeko lanak martxan jartzeko asmoarekin. Handik gutxira etorri zen konponbidea.
Zahartu, gelditu eta berritu auzolanean
Azkenaldian, geldirik zegoen erlojua. Jesus Illarramendik dioen bezala, “joaten nintzen bakoitzean, erlojua geldirik; han tokatzen nintzenean [Santa Engraziako] Joxemarirekin saiatzen ginen biok martxan jartzen baina egun bat egiten bazuen, hurrengoan geldirik, eta askotan gu behera jaisterako ere bai; ez genuen asmatzen. Egun batean, halabeharrean, topo egin nuen Zumaian Ieregirekin, paseatzen ari nintzela; han badauka monumentu polit bat [itsas pasealekuan dagoen erlojua] eta berak galdetu zidan: Gustatzen al zaik? Eta, nik, bai motel…! Eta, hola eta hola gabiltza, ba, Santa Engraziako erloju hori inolaz ere martxan jarri ezinik”. Xabier Alvarezek ordurako ieregitarren erlojuei buruzko ikerketa lan bikaina eginda zeukan, makina bat artxibo eta paper zahar arakatuta, eta ondo ezagutzen zuen Santa Engrazikoa ere, eta esan omen zion: “Talde bat osatuko diagu eta derrepente jarriko diagu martxan”. Hala hasi zen ehun urte pasatxo dituen erlojuaren konponketa, auzolanean.
Aurreneko lana, “ospitalera” jaistea
Kemen handiko gizona dugu Xabier eta bere astindurik gabe ez zen aurrera aterako proiektua. Berehala jarri zen harremanetan Zestoako Udalarekin eta Elizarekin (jabea bera da) eta erlojua konpontzeko auzolana martxan jartzea proposatu zien. Ondo hartu zuten erronka bi erakundeek eta bakoitzak ahal zuen neurrian ekonomikoki laguntzeko ere prest azaldu ziren. Lantoki gisa, Lasaoko Gureak tailerra izandakoa aukeratu zuten. Aurtengo uztailaren 26an, hainbat herritarren aurrean aurkeztu zen erlojua auzolanean berritzeko proiektua. Eta berehala osatu zen lantalde eder askoa; “Auzolanean Kuku lantaldea” jarri diote izena eta eslogana, berriz, “Auzolanean kukuaren kantu hotsen erritmoan elkarlanean”.
Auzolangile horietako bat Manuel Arregi da. Beretzat auzolanak eta Santa Engraziako kontuek esanahi berezia dute: “Orain dela 40 urte pasa, auzolanean teilatua eta beste berrikuntza batzuk egin zirenean, han ere ibili nintzen, eta gure etxetik lau lagun behintzat ibili ginen”. Garai hartan (1975-05-11) Argian erreportaje mamitsu bat ere idatzi zuen lan haiei buruz.
Arregik dioenez, “hemen laguntzaile lanetan, mekanikoak daude, lan horietan ibili direnak, eta azkenean hau engranaje bat denez, horientzako ez da lan arrotza. Arrotza izango da erlojuaren xehetasunen bat… baina mekanika bera ez.”
Irailaren 15ean hasi zituzten erlojuaren desmuntatze-lanak eta hurrengo egunean, arratsaldez, Lasaora jaitsi zituzten erloju zaharra eta trepeta guztiak traktorean. Honela kontatu digu prozesua Xanti Zabalak: “Joan ginen Santa Engraziara eta ikusi genuen erlojua; gero etorri zen Aitor [Villa, erlojugile profesionala] erlojua zuzendu behar zuena, gero esan zigun zer desmuntatu behar zen, denon artean desmuntatu genuen eta gero jaitsi egin behar zen; eta nik andrea Ariztaingoa dudanez, esan nion taldeari nik zuzenduko nuela traktorea eta suhiari esan nion (koinatua edadetuagoa da eta beldurtu egiten dira horrelako tokietan ibiltzen). Eguraldia oso txarra zen, euria tokatu zitzaigun eta hala ere ez genuen atzera egin. Traktorea kargatu genuen eta Santa Engraziatik Edarritzagatik barrena, Lasaora ekarri genuen erlojua”. Lan horietan, Arkaitz Uranga, Domingo Uranga eta Pako Txapartegi ariztaindarren laguntza jaso zuen lantaldeak eta dena prest gelditu zen lanean hasteko.
Lasaora bisita egitera hurbildu garenean, Manuel Arregi, Jesus Illarramendi eta Jon Egiguren erlojuaren bueltan dabiltza. Tomas Bergara eta Juanmari Elosua Porte ere hemen izan ohi dira, baina gaur ezin izan dute etorri. Jada muntatuta daukate baina probisionalki, bertako jaietan jendeari erakutsi egin nahi diote-eta. Manuelek eman digu orain arte egindako lanen berri: “Aurrena garbiketa orokor bat egin genion kanpoan, erlojua desmuntatu gabe; nahiko zikinkeria zeukan eta kartxerrarekin garbitu genuen ura eta garbigarri arin bat erabiliz. Horren ondoren, piezaz pieza desmuntatu genuen dena erabat. Gero pieza denak garbi-garbi egin genituen; lehendabizi disolbentearekin kendu ia zikinkeria dena, eta gero erabili da esmerila-sarea, gehiena harekin kentzeko, gero paper latza ere bai”. Garbi-garbi egin ondoren, berriz muntatu egin dute dena. Gustura ari dira lanean denak, broma giroan. Egigurenek zera esan digu: “Nik bizitza osoa mekanika munduan eman dut. Orduan, mekanika hau ikusten dudanean, gustatu eta sentitu egiten dut mekanika zahar hau. Hori ikusi, engranajeak ikusi, horrek egiten duen lana ikusi, sasoi hartan egindako mekanika izateko, horrek beti erakarri egiten nau. Horrez gain, Santa Engraziako erlojua bada… Nik Santa Engraziako ermita ni bizi nintzen baserritik [Aginaga] beti aurrean eduki izan dut, eta horrek jotzen dituen kanpai-hotsak, ba neure baserritik alde egin nuen arte aditu izan nituen”.
Erlojuari behin behineko kanpai bat jartzen utzi ditugu hirurak; izan ere, Lasaoko festetan, erlojuaren mugimenduaz gain, orduak nola jotzen dituen ere erakutsi nahi diote-eta jendeari. Ondoren, dena desmuntatu egingo dute berriro.
Ikerketa
Garbitu dute erlojua, beste pasara bat eman eta “de brillo” jarriko dute, baina prozesu honetan egingo den beste lan ikaragarria erlojuaren beraren ikerketa da. Itsaso Lopetegi zestoarra eta Asier Leon ondarrutarra, biak ingeniariak, arduratuko dira horretaz. Itsasok gradu amaierako proiektu gisa aurkeztuko du hemen egindako lana. Erlojuaren pieza nagusienen izenak apuntatzen ari da orain, Xabier Alvarez Ieregiri galdetuta: “Rueda imperial, de movimiento y de soneria, rueda primera, rueda segunda..”. Gero pieza horiek denak neurtu, krokisak atera, eta hiru dimentsiotan jarriko dituzte, ordenagailu bidez: “Kontua da mekanismo dena aztertzea zinematikoki, indarraren arabera nola mugitzen den, engranaje bakoitzak zer indar daukan eta nola eragiten duen pisuaren arabera… Orain arte garbitzen egin dute lana eta, gero, martxan jartzeko muntatzen dutenean orduan izango da interesgarriena: non dauzkan arazoak ikusi eta horiei irtenbidea ematea…”. Erlojua konpondutakoan proiektuaren txosten sakona argitaratuko dute. Prozesu osoaren zehaztasunak adieraziko dira: funtzionamendua, erlojuari egingo zaizkion moldaketak, eta abar.
Datozen lanak
Erlojua behar bezala Santa Engrazian kokatzeko, beste hainbat lan gelditzen direla, dio lantaldeak. Horiek egiteko auzolanaz aparte jende profesionala ibiliko da. Hainbat lan aipatu dizkigute: Bentatik ermitarako bidea pixka bat moldatzea, kanpoaldeko instalazio elektrikoa moldatzea (agian, argindar kablearen azken metroak lurperatuta eta kanpoko hormako kaxak beste lekuren batera aldatzea, dagoen lekuan itsusi samar geratzen da-eta), tximistaren arriskuak saihesteko neurriak ezartzea…
Horiez gain, beharrezkotzat jotzen dute erlojuaren pisuak jasotzeko motor berria ipintzea eta erlojuaren itxituran aldaketa batzuk egitea: esate baterako, eskailera eta erlojua kokatzen den tranpala berritzea. Gainera, ikusi dute erlojua lehen zegoen baino beherago jarriz gero, kristalera handi bat jarri edo leihatila bat ireki, kristalez itxi eta jendeak ikusteko moduan jar daitekeela.
Beste asmoa da herritarrei erakustea erlojua. Erabat berrituta eta Santa Engraziara jasotzeko moduan dagoenean, Zestoan eta Aizarnan erakusketa antolatu nahiko lukete. Erlojuaren oinarrizko funtzionamendua, historia, zaharberritze-lanen prozesua eta abar azalduko lirateke. Horretarako, erlojuaz aparte, testuak, argazkiak, ikus-entzunezkoak eta abar jarri nahi dituzte erakusketan, eta heldu zein eskola-umeentzat bisita gidatuak antolatzeko gogoa ere badaukate. Beraz, lan ikaragarri daukate oraindik baina esaera zaharrak dioen bezala, gustuko lekuan aldaparik ez.
Dena ez da lana, ordea
Erreportajea egiteko batekin eta bestearekin kontu-kontari ari garela, tailerreko sirena batek jo du. Xantik azaldu digu sirena horren nondik norakoa: “Gu goizeko hamarretan etortzen gara eta ordu bata ingurura arte jarduten dugu. Lantokira joaten denean bezala etortzen gara gu; bakarrik, ez dugula fitxatzen. Bakar bakarrik jotzen dugu sirena hamaiketakoa egin behar dugunean. Su bat badago hemen eta haren ondoan zegoen entxufe bat, eta egun batean ukitu nuen eta sirenak jo zuen; aiba!, hau primerakoa, pentsatu nuen: gosaria preparatzen dudanean, jotzen dut eta denak etortzen dira eta gosari txiki bat egiten dugu; hamar minutu pasatzen ditugu, gehiago ez. Atzo odolkiak ziren, gaur berriz hirugiharra eta arrautza, hurrengo berriz tortilla, hurrengoan txorizoa eta solomoa… Sukaldeko lanak neuk egiten ditut, gustatu egiten zait horrelako gauzatan-eta”.
Erlojua maitatzeko modua
“Gure helburua da kultur ondarea zaharberritzea” esan digu Bego Arrutik, Xabier Alvarez Ieregiren emazteak. Ez dute, ordea, horretarako enpresa profesional bat kontratatzeko aukera hartu. Jakina, oso garestia aterako litzatekeelako, baina bada hori baino motibo garrantzitsuago bat: “Auzolanaren bidez egiten baduzu lan hau, hemen parte hartzen duen jendeak, herriko jendeak, gehiago maitatzen du erlojua. Ez da berdina norbait etortzea kanpotik, konpontzea erlojua eta jendeak esaten du: ‘etorri dira erlojua konpontzera’ eta kito. Zeuk egiten baduzu lana, askoz gehiago maitatzen duzu, hori da garrantzitsua. Gainera, erakusketak ere egingo ditugu eta, hartara, Santa Engraziara joan ezin den jendeak Zestoan edo Aizarnan ikusi ahal izango du erlojua; baita umeek ere, ikaragarri gustatzen zaie-eta; umeei txikitatik erakutsi behar zaie horrelako gauzak zaindu egin behar direla”.
Manuel Arregi konforme geratu da Begok esandakoarekin: “Nik lehen, erloju zaharrei, ba, kanpotik begiratzen nien eta kito. Orain, beste nonbaiten erlojuren bat ikusten badut erreparatuko diot. Orain ulertzen dut, erlojuen mundu hau, beste era batera”.
Begori eta Manueli ez ezik, gainerakoei ere zerbait berezia eragin die Santa Engraziko erloju zaharrak. Jon Egigurenek gauza hauek errekuperatzea nahiko luke “ondarea direlako; bai Aizarnakoa, bai hau, nola edo hala. Gero gustatuko litzaidake Aizarnan eta horrelako erloju bat dagoen tokietan, ba, talde bat sortzea, halako erlojuren lagunak edo”. Illarramendik, berriz, etorkizunari begiratzen dio: “Gu hemen ibili garen bezala, orain 20-25 urte Legoia eta Joxe Orbegozo, beraiek ahal zuten moduan, ahalegindu ziren bezala, alegia erloju horri kuerda emateko sistema eta gainontzekoak elektrikoki jartzen eta abar, ba ederra izango litzateke orain beste generazio bat gure atzetik izatea eta hartzea errelebo hori.
Gaur egun hain zabaldua dagoen joera bati muzin eginez –alegia, zertarako daude ba udalak eta erakundeak? edo besteek egin dezatela– joera horri muzin eginez, milaka urte dituen gizalegeari edo ohiturari heldu diote auzolankide hauek: Nik neuk zertan lagun dezaket gure herria hobea eta ederragoa izan dadin? Aurrekoek, hor sarri-sarri teilatua konpontzen ibili direnek, horien aurretik erlojuaren pisuak igotzeko motorra ipintzen ibili zirenek, duela berrogei urte berritze lan handi haietan ibili zirenek, haien aurrekoen aurretik ibili zirenek, auskalo noiztik datorren kate bat osatzen dute, gaur egunera arte. Geroak esango du etorkizunean zer gertatuko den. Puska batean behintzat han izango dugu gure erlojua bizi-bizirik, eta noiz edo noiz haren kanpai-hotsa Akoa aldetik garbi-garbi entzuten dutenean, gure ondorengoek ere segiko dute esaten: “Bazetorrek hego haizea!”…
Fernando Arzallus
Egin zaitez bazkide