Paperekoa
BAI, LEIA, NAHI DUT – Kepa Iribar
— 2016-12-09Irakurle lagun, berriz ezkontzea erabaki dut. Nere emaztea, zu bezalaxe, lerro hauek irakurriz ari da berria jasotzen, espero dut ez didala ezezkorik emango.
Nire erabakiaren arrazoia sinplea da: txepel xamarrak izan ginela baieztatu dut. Gure kuadrilakoon adina eta asteburutan lana egitearen ondorioz, bodetako zirkuitotik kanpo aspaldi gelditu nintzen. Alegia, urtean ezkontza mordoxka bat izateari aspaldi utzi niola.
Eta orain, bizpahiru egunen barruan, ezkontzen inguruko pare bat kontu iritsi dira bapatean nire belarrietara. Whasap bidezko gonbidapena ikusi dut. Zer iruditu zaidan? nere lagun batek esan ohi duen moduan, “gustatu egin behar”. Gaur egun gonbidapenarekin batera kontu korronteko zenbakia, zenbatekoa, eta dirua ingresatzeko epea. To, tiro bakarrarekin txori sarda osoa behera!
Bestelako pasadizoa ere entzun dut irratiz, ez dakit non gertatua: ezkondu eta lau hilabetera banandu den bikotearena. Pentsatzen aritu naiz: horrelakoetan zilegi da gonbidatuak kontu korrontearekin mezu bat bidaltzea eta jarritakoa bueltan eskatzea? agian kalteordainak eskatuz epai bidean jarri behar gonbidatzailea, hori ere ikusiko dugu berandu baino lehen.
Beraz, nere erabakia irmoa da (lerro hauek gehienbat emazteari interesatzen zaizkio): boda ultramodernoa nahi dut. Gonbidapenak whasap, twitter, eta skype bidez soilik. Hiru menu aukeran: 100 eurotan goi mailakoa, 30ean plater konbinatua, 15ean bokata. Star Wars zalea izanik, Arroabeko frontoia Halcon Milenario bihurtuko dugu. Lan horretan laguntzen duenak %2ko deskontua kontu korrontean sartu beharreko zenbatekoan. Gonbidatu guztiak mozorrotuta: Yoda, Chewakaa, Darth Vader… aukera zabala dago. Ni Han Solo kapitaina, eta emaztea Leia printzesa. Inor haserretzen bada, Donostian Benitoren abestiarekin gertatu zen moduan, benetako laser ezpata pare bat prest izango ditugu.
Behin hau argitaratuta, edozein egunetan izango duzue nere berri. Wasapa bidaliko dizuet, adi: “orain dela denbora asko, asko… urruneko galaxia batean (Getaria ez dago hain urrun baina tira), Leiak eta Hanek elkar ezagutu zuten…”. Ezkontza udaberri edo udaran, eguraldi onarekin behintzat.
Gora ezkon berriak!!!!
Kepa Iribar
Egin zaitez bazkide