Paperekoa

Ilunpetik argitara atera nahian

Emakumea eta baserria ideiatik hasten da erreportajea. Oinarrian hori du. Ezagutzea eta ezagutaraztea emakume baserritarrak asko izan zirela eta gaur egun ere generazio berriek lanean jarraitzen dutela, eta noski, Euskal Herriko emakumeen historia orokorretik lupa Zestoaren gainean jarrita, hemen ere lehen izan ziren bezala orain ere badirela emakume baserritar horiek. Soroperiak gainean ditugu, eta hori ere banuen aitzakia polita gaiari heltzeko. Santa Luzi eguna ere orain gutxi pasata…

Baina lana bidean nahaspilatu egin zait pixka bat, nik buruan nuenetik lortu dezakedanera koska handia dago, eta hasieran beldurtu egin naiz: informazio eskasia dago bai ahozko edo idatzizko testigantza aldetik eta bai irudi aldetik… Batek baino gehiagok esango du lerrook irakurrita, “inuzentea zu! Lehendik ez al zenekien hori?”. Inuzentea ni, bai, uste bainuen egongo zela Zestoako edo Urola bailarako emakume baserritarren inguruko publikaziorik, garai bateko argazkirik, eta horrek irekiko zidala bidea. Bigarren buelta bilatu diot gaiari, ordea (norbere buruaren justifikazioa izango da akaso), eta pentsatu dut aurrera jarraitzea erreportajearekin, daukadanari helduta; azken batean ezagutzen dugun emakume baserritarraren historia ez al da bada historia ezkutua? Gordea? Ilunpean geratua?

Premisa horretatik abiatuta, garbi dut ondorengo orriotan inori ez diodala, lehengo emakume haiez ari naizen tartean behintzat, ezer berriegirik kontatuko. Baina uste dut oraindik ere tamalez gaiaz beraz idaztea dela berritasuna, edo bai behintzat memoria egin eta emazte horiek oroitzeko modua. Gure amonaz gogoratu naiz (eta aitonaren lana gutxietsi gabe). Zenbat lan egin ote zuen emakume hark! Eta non geratu ote den generazio horren, eta aurrekoaren, eta aurrekoaren esfortzu eta izerdia… Gizona soroan zela, sutondoan, haurrak magalean harturik egoten zen emakumearen iruditerian, askotan.

Beraz, erreportajean lotu ditut agian gure herria XX. mendean guztiz aldatu zuen 36ko gerra garaiko eta frankismoko kontuak, ez beti zuzenean baserriari lotuak baina bai emakumeari, salto egin dut orain urtebete inguru emakume nekazarien eskubideak arautzeko bidean Legebiltzarrak onartutako legea, eta Zestoara emandako saltoarekin bukatuko dut, Olatz Aranberri Elortza, Goikoetxeko baserritarrari egindako elkarrizketarekin.

Horrenbeste lan egin zuten eta egiten duten ilunpetako emakume guztiengatik.

Atzeguardia lehen lerrora ekartzen denean…

Gerra garaira egingo dugu salto tarte txiki batean. Gure generazioarentzat 36ko gerra denboran jada urrutiko kontua da (Franco bizirik ez ezagutzeak egiten duen efektua izango da akaso), baina denboran neurtzen hasi ordez generazioka neurtzen badugu, hortxe ditugu gure aiton-amonak.

Baina nola gogoratzen dugu garai hura? Historia liburuetan fronteaz hitz egiten da, nondik nora jo zuten erasoek, zein estrategia ibili zuten alde batekoek bezala bestekoek… Eta memoria kolektiboan ere gehiago jotzen da bide horretara: gudarostera, fusilamenduetara… Eta irakurle, mesedez, gaizki ulerturik egon ez dadin, horri guztiari ez diot garrantzirik kendu nahi; gerraren beste zati bat kontatzeko daukagula soilik esan nahi dut. Zer dakigu herrietan, etxeetan, gizartean geratu zenaz? Nola egin zitzaion aurre urte horietan bizimoduari?

Emakumeak izan ziren egunerokotasun horren lekuko. Gerra hastearekin batera zenbait emakume armak eskuan frontera joan baziren ere, atzeguardiara bidali zituzten berehala. Gudara zihoazen senarrak, aitak, semeak agurtu, eta beraien gain geratu zen gizartearen martxa. Asko izan ziren lehen gizonek lan egiten zuten fabriketan lanean hasi zirenak. Eta horrez gain etxea, familia… eta ia oihu egiten zuen gerra osteko isiltasuna.

Baserrian geratu ziren emakumeek plusa zuten. Azienda eta soroa. Zenbaiten kasuan jendeen mugimenduak medio jaten emateko ahoak ere gehituko ziren etxean ziurrenik; izango zen izeba, lehengusu edo ilobaren bat… Hau kontakizun orokorra izanik, Zestoa eta inguruetan ere ez zen oso egoera desberdina izango. Eta aipatu gabe behintzat utzi nahi ez ditudalako botatzen ditut hitz aski ezagunak airera: errizino-olioa, ile-mozketak, umiliazioak…

Gerra hiru urtean pasa zen, baina ondorena ere ez zen samurragoa izan. Emakumeak etxera sartu zituzten, erreprodukzio lanetara, “emazte eta ama ona” izatera. Etxea txukun mantendu, haurrak zaindu, otorduak prestatu… Eta baserritarrek beste hamaika lan ere bai, baina onarpena zero; etxea eta familia gobernatzearena, eta hori bere “betebeharra” delako.

Guri ere baserritar hitza esaten digutenean, zein figura datorkigu burura? Gizona. Ariketa berezia egin behar izaten du gure buruak baserritar hitzarekin emakumea irudikatzeko, non eta ez den behintzat bereziki emakume hitza zehazten. Baina nekazal-munduan ere badira emakumeekin lotu diren lanak. Salmenta, adibidez. Azoka, esnea… Orain hilabete batzuk argitaratu zen aldizkari honetan esne-banatzen ibilitako emakume baten testigantza. Txaperi baserrikoa, bera. Eta begira zer kasualitate, argazki zaharren artxiboan nekazal-munduari lotuta emakumea agertzen den erretratu bakarra ondoan ikusten duzuen horixe izatea; Alondero etxeko atarian emakumea bi astorekin esne-banaketa egiten.

Eta noski, ez da gizarteak egindako lana ez onartzea bakarrik; horrek berarekin dakar juridikoki ere emakumea desagertuta egotea. Baserrian besteen pare lan egin bai, baina erabaki garrantzitsuak nork hartzen zituen? Gizonak. Bera zen, azken batean, baserriko nagusia; bai sozialki eta bai juridikoki. Etxea berea zen. Ondorengotza maiorazkoak jasotzen zuen. Nekazari edo baserritar moduan, langile bezala, paperetan gizona agertzen zen.

Eta gaur egun nola dago legearen aurrean emakume baserritarra?

Azken urteetan, beste alorretan bezala honetan ere aurrerapausoak eman dira parekidetasunerako bidean. Eta oraindik pauso gehiago behar badira ere, emazte nekazariaren kasuan ere badago zer kontaturik. Arlo juridikoari erreparatzen badiogu, agian saltorik esanguratsuena Emakume Nekazariaren Estatutua izeneko legearen onarpena izan da.

2015eko irailean onartu zen lege hau Legebiltzarrean. Emakume nekazarien eskubideak arautu, berdintasuna bultzatu eta andreek baserrian egiten duten lana aitortzea helburu hartuta eman zitzaion baiezkoa. Europar Batasunean mota honetako lehen legea izan zen. Emakume hauei babesa eman eta ahalduntzeko bidea irekitzeko asmotan onartu zuen 2014an Eusko Jaurlaritzak lege proiektua Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundietako ordezkariekin eta emakume baserritarren inguruan lanean jarduten duten hainbat eragilerekin batera; hala nola Landa XXI, Gure Soroa, Hitzez eta Arabako Emakume Nekazarien Sarea.

Honela hasten da lege proiektua, eta garbi uzten du egoera bezala helburua: “Nekazaritzaren sektorean emakumeek jasaten duten bereizkeriari aurre egiteko beharragatik onartu da emakume nekazariaren estatutua: batik bat, profesionaltzat jotzeko, jendartean aintzat hartzeko eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egikaritzeko”.

Nekazaritza ustiategien titulartasunari buruzkoa izango da, agian, legeak ekarritako berrikuntza handienetakoa. Emakumeak baserrien titulartasuna eskuratzea eta ustiategien titulartasuna partekatua izatea arautzen du legeak. 2015ean Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko ustiategi guztien %32 zegoen emakumeen izenean.

Lege proiektuan lanean aritu direnek azpimarratzen dute horrelako legeek balio dutela beste emakume batzuk ere nekazaritzara saltoa egiteko.

Eta gaia Zestoara gerturatu nahian, herriko emakume baserritarren hitzak jasotzeko intentzioarekin ekarri ditugu Olatz Aranberri Elortzaren hitzak ondoko lerrootan. Eman nahi dut aurretik, baina, beste datu esanguratsu bat ere (ez dena baserri mundura mugatzen, emakumeon jarrera eta izaeretara baizik). Danbolinetik ahalegindu gara herriko emakume baserritar batekin eta bestearekin elkarrizketak lortzen, baina gehienak pena handiz baina ez dira gure galderak erantzutera animatu. “Ni bezala asko egongo dira eta ez dakit ba…”, “ni zein naiz bada Danbolinen ateratzeko…”. Eta esan behar dut, inor minduta sentitu aurretik, erantzun horiek guztiz zilegi direla eta ulertzen ditugula. Baina bada baita ere emakumeon ibilbidearen eta bizipenen isla bat ere, lotsagatik, erreparoagatik atzera egiten dugu askotan. Olatz bera lehen ere elkarrizketatuta dago Danbolinen, eta oroitarazi digu; baina ausartu da galdera labur batzuk erantzutera. Baietza bezala ezetza eman duzuen guztioi ere milesker.

Olatz Aranberri Elortza, 1966an jaioa, Goikoetxe baserrian bizi da. Azken hogeita hamahiru urteak daramatza han, bertara ezkonduta. Kalean bizi izan zen bere haur eta gazte denboran, nahiz eta baserri mundua ez duen sekula horren urrutikoa izan; gurasoak baserritarrak zituen.

Zein da gaur egun baserrian jokatzen duzun papera?

Baserrian baditugu alde batetik behiak, eta bestetik baratzea. Ni bigarren honetan aritzen naiz lanean gehien bat. Behiekin oso tarteka eskua botatzen dut, baina normalean langileek egiten dute lan hori. Eta horrez gain, baserriko emakume asko bezala etxeaz arduratzen naiz; haur eta helduen zaintzaz, batez ere.

Nolakoa da zure egun normal bat?

Goizean goiz jaiki eta lehendabizi sua pizten dut. Ondoren seme-alabentzako gosaria prestatu eta bukatzen dutenean alaba eskolara eramaten dut. Erosketaren bat edo beste egin ondoren kafea hartzen dut normalean lagunekin, eta berriz ere etxera bueltatzen naiz bazkaria prestatzera. Goiza, beraz, etxeko lanetan pasatzen dut. Eta arratsaldean heltzen diot baratzeari, afal-garaia iritsi arte.

Zure gurasoak baserritarrak ziren. Nola gogoratzen duzu zure amaren baserriko papera?

Orduan denetik egiten zuten baserrian emakume haiek. Normalean, gainera, gizonak etxetik kanpoko lana izaten zuen; eta hura falta zela ere ganaduari jaten eman egin behar! Gure amak lan asko egiten zuen baserrian.

Eta ordutik hona asko aldatu al dira gauzak?

Tira, tresna aldetik bai. Etxeko lanetako aparatuetatik hasi eta nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen ditugunetaraino. Gure etxeko lanek ere ez dute zer ikusi handirik lehengoekin. Orain labadora elektrikoak dauzkagu!

Baina emakumearen egoeraz ari bazara… Beno, aldatu, gauza batzuk aldatuko ziren seguru asko. Baina oraindik ere gizonaren papera da baserritar moduan markatzen dena eta emakumea oraindik ere askotan ezkutuan geratzen da, bigarren mailan. Guk, ordea, jarraitzen dugu lehen bezalaxe (aparatu hobeak baditugu ere) baserriko lanak egiteaz gain etxekoez arduratzen. Nekez topatuko duzu lan horiek bere gain hartzen dituen gizonik baserrian…

Lehen asko ibiltzen zinen azoketan.

Bai, asko ibilitakoa naiz, gainera! badira hamalau-hamabost urte ordea, joateari utzi niola. Alaba izan nuen, aita zahartuta zegoen dagoeneko, osaba bat ere etxean geneukan ordurako… Eta horien guztien ardura norbaitek hartu beharra zeukan. Gero gizona ere gaixotu egin zen…

Etxekoen zaintza lanen pisua hartu zenuen zure gain.

Bai, hala tokatu zen.

Eta Zoroperietan ere ibiltzen zinen garai hartan ezta?

Oso gustura egoten nintzen egun horretan herriko plazako postuan. Herriko bakarretakoa izango nintzen, gainera, eta jende asko gerturatzen zitzaidan. Lehen postu asko jartzen ziren. Gaur egun pixka bat jaitsita dagoela esango nuke. Baina tira, nik oso oroitzapen onak ditut.

Itsaso Zubiria Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide