Paperekoa

Jardunian – KRISTOBAL GOGORZA ARROITAONANDIA

ESKUA denda txikia bezain handia dela garbi geratu zaigu Kristobalekin elkarrizketatu ondoren. Denda gehiago ezagutzen genuen Kristobal bera baino, izan ere, denda hor dago beti, gure eskura, baina Kristobalek han eta hemen jarduten du ikasten, irakasten, bezeroak zaintzen… eta denbora libre gutxi dauka.

Tiburtzianeko Milagrosen eta Abeletxeko Luisen semea da Kristobal, Lasaokoa, hiru seme-alaben aita eta gauza askoz ere gehiago… Lanbideari dagokionez fisioterapeuta, osteopata eta Psikoneuroimmunologian (PNI) aditua. Irakaslea ere bai. Eta berak esanda bezala, berritzaile amorratua.

Minez egon behar al da zuregana joateko?

Ez da egon “behar” baina hala egon ohi da niregana etortzen dena. Badirudi beste erremediorik ez dagoen arte itxaroten dugula.

Zer min tratatzen dituzu?

Zein ez ditudan tratatzen esango dizut. Minbizia, adibidez. Gaur egun ez dakit tratatzen eta ez dut tratatzen. Zenbait gaixotasunetan ez ditugu emaitza onak edo ez nahi bezain onak behintzat. Kasu horietan, hasieratik garbi esaten diogu bezeroari, ez garela aukera onena. Aldiz, emaitza onak izaten ditugu bizkarreko, lepoko, sorbaldako eta horrelako minak tratatzerakoan, baita hesteetako arazoetan ere, herniak tratatzerakoan ere bai…

Noiztik datorkizu osteopatiakiko interesa?

Fisioterapia ikasketak 1992an bukatu nituen, eta pare bat urtera Osteopatia ikastea erabaki nuen. Garai hartan ez zen orain bezain ezaguna, baina ikusten nuen oso interesgarria zela osteopatiak ematen zuen ikuspegia osasun eta gaixotasun arloetatik begiratuta. Denborarekin egiaztatu ahal izan dut hala dela.

Non egin zenituen ikasketak?

Fisioterapia ikasketak Zaragozako unibertsitatean egin nituen, Osteopatia Alcala de Henaresen eta PNI San Pablo CEU unibertsitatean, Madrilen. 18 urte nituenean Fisioterapia ezin zitekeen Euskal Herrian ikasi, orain dela urte gutxi hasi dira Bilbon eskolak eskaintzen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Osteopatia, gaur egun, Fisioterapiako graduondokoa bada ere, orduan ez zegoen araututa. Osasun profesionalei zuzenduriko Osteopatia ikasketarako eskaintzarik ez zegoen inguruan eta Alcala de Henaresera joan nintzen Escuela de Osteopatia de Madrid (EOM) eskola txiki batera, eta han 5 urte egin nituen. Eskola hori, gaur egun, munduko Osteopatia eskolarik handiena da, lau kontinentetan egoitzak dituelarik; horietako bat Donostian, noski, geuk ekarri genuen. PNI ikasketak bukatu ondoren, zabaldu beharreko ikasketak zirela sentitu genuen eta, gaur egun, Donostian ikasteko aukera eskaintzen dugu.

Beraz, titulazio askoren jabe zara.

Aipaturiko horiez gain, Fisiatria eta Kinesiologiako lizentziatura, Buenos Aireseko General San Martin Unibertsitatean eskuratuta, eta DEA ditut, Cadizeko unibertsitatean aterata. Oraintxe bertan doktoretza bat ateratzeko lanetan gabiltza, tesia bukatu eta Sevillako unibertsitatean aurkeztu behar dugu.

Euskal Herritik kanpo asko ibili zara, orduan. Arlo horretan murgiltzen den jende asko ezagutuko duzu, ezta?

Profesional asko ezagutzen ditugu. Ikasle asko izan baititugu bai PNIn eta baita Osteopatian ere. Oraintxe bertan Donostian 140tik gora ikasle izango ditugu. Guk gehien bat fisioterapeutak ezagutzen ditugu, gure eskolan Osteopatiako Masterra fisioterapeutek soilik egin baitezakete. PNI ikasten, adibidez, badaude medikuak, psikologoak eta nutrizionistak ere. Horiek guztiak meritu ikaragarria dute, unibertsitateko ikasketak egin ondoren beste urte pila bat ikasten pasatzen dute motibazio bakar batekin: bezeroei ahalik eta zerbitzu hoberena ematea. Hori neketsua eta garestia da. Errazagoa izango litzaieke betiko jardunean jarraitu eta etxean lasai geratzea, baina formatzen jarraitzen dute etengabe. Osasun arloan jendeak uste duena baino bokazio eta profesionaltasun gehiago dago, eta askotan ez da behar den bezala baloratzen.

Zer izan da ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?

Oraindik ikasten ari naiz. Uste dut garrantzitsuena ikasteko dudala.

Zer ibilbide egin duzu lan munduan?

Hasieran Osakidetzan eta Osasunbidean egin nuen lana urtetan. Nafarroan plaza bat atera nuen Osasunbidean, baina neure kasaka kontsulta irekitzea erabaki nuen, eta Kristina emaztearekin Eskua sortu nuen Donostian. Kontsulta pribatu batek segurtasun gutxiago ematen du, baina lanerako askatasun gehiago. Dena den, lehenengo urte haien oso oroitzapen onak ditut; Lesakan, Beasainen, Mendaron, Lartzabalen, Azpeitian eta beste hainbat lekutan ibili nintzen.

Zer tratamendu eskaintzen dituzu?

Nire tratamendua osteopatian datza, batik bat; fisioterapian oinarritua eta psikoneuroimmunologiarekin osatuta. Batzuetan tratamendua soilik behar izaten da, baina, beste batzuetan, eguneroko bizitzan zenbait aldaketa ere beharrezkoak izaten dira. Gure bizimoduak, estresak, jateko erak, ariketa ezak, emozioak eta gainerakoek eragin handia baitute osasunean. Eta, noski, pertsona batetik bestera asko aldatu daiteke tratamendua.

Definituko al zeniguke, labur-labur, osteopatia, fisioterapia eta PNI?

Ez da galdera erraza… Fisioterapiak eta osteopatiak oinarri bera dute eta terapia manualean oso antzekoak dira. Fisioterapiak gaitzen alderdi organikoa, fisiologikoa eta fisikoa tratatzen du, ebidentzia zientifikoan oinarrituz. Osteopatiak sendatze prozesurako, gorputz-estruktura bere osotasunean hartzen du, alderdi guztiak kontutan hartuz. Eta PNIk fisiologiako arlo guztiak hartzen ditu kontutan, beraz, arazoaren sorrerara doa.

Gaixotasun edo kalte fisikoen aurrean fisikoki interbenitzeaz gain emozionalki ere tratatzen al duzu bezeroa?

Ondo dakigu emozioek eta psikologiak, oro har, eragin handia duela osasunean eta azaldu daitezkeen sintometan. Horregatik, batzuetan psikologoen premia ikusten dugu eta haiekin elkarlanean jarduten dugu.

Medizina alternatiboaz zer harreman eta iritzi daukazu?

Zenbait kasutan oso alternatiboak gara. Berrikuntza lanaren zutabeetako bat denean logikoa da hala izatea. Garai batean, osteopatia ere alternatiboa zen, eta orain fisioterapeutek unibertsitatean ikasten dituzte hain arrotzak ziren hainbat kontzeptu. Psikoneuroimmunologiarekin ere gauza bera gertatuko da edo gertatzen ari da; pixkanaka-pixkanaka, bere onurak agerian gelditu ahala, medikuntza ortodoxoan erroak botako ditu. Eta horretan ari gara gu lanean. Helburua ez baita alternatiboak izatea, geure neurri apalean, osasun zainketa gero eta hobeago baten bila joatea baizik. Azkenean, osasun zerbitzu onak izatea denontzako onuragarria da, neuretzat eta nire familiarentzat ere bai.

Ezagutzen al dituzu biodeskodifikazioa, hipnosia, konstelazioak…? Erabiltzen al dituzu? Zer iritzi duzu horiei buruz?

Ezagutzen ditut, neurri batean. PNI sakontzen 2003. urtean hasi nintzen, Madrilen, eta urte batzuk daramatzagu formazio hori eskaintzen Euskal Herrian. Zuk aipaturiko horiek oso tresna interesgarriak dira esku egokitan baldin badaude. Zenbaiti emaiozu bada, motozerra bat…

Zer gomendio egingo zenioke fisikoki osasuntsu sentitzen denari?

Osasuntsu sentitzen denari zorionak eman eta horrela mantendu dadila, bere burua pixka bat zainduz baina larritu gabe, beldurrik gabe eta osasun egoera hortaz disfrutatuz.

Eta hala sentitzen ez denari?

Galdetuko nioke ea zein den bere plana, “Zerbait egin beharko da, ezta? Edo larrialdietara joateko momentuaren zain gaude?”. Askotan badakigu zer egin behar dugun, beste inork baino hobeto, baina norbaitek esateko beharra izaten dugu. Eta ez baldin badakigu zer egin, bada, dakienari galdetu beharra dago, eta, gero, martxan ipini behar.

Zestoan egun bakar batean egoten zara, ezta?

Bai. Donostian ere kontsulta daukagu, ikastaroak ere ematen ditugu eta beste zenbait enpresatan ere elkarlanean gabiltza. Denera ezin iritsi…

Jakin dugu 2017ko urtarrilean Sastarrainen eskainiko duzuela ikastaro bat: PNI eta kirola. Zeini zuzendutako ikastaroa da?

Kirolean hobekuntza eraginkorra bilatzen duenarentzat izango da: kirolarientzat, horien laguntzaileentzat edota osasun arloko profesionalentzat. Bi eguneko ikastaroa izango da, urtarrilaren 14an eta 15ean, eta hiru modulutan banatuta eskainiko da. Interesa duenak naturalki.com webgunean aurkituko du informazio gehiago, baita izena emateko orria ere. Eta, jakina, nahi duenak ESKUAn galdetu dezake. Horretaz aparte, Koba koba trail probaren 2.edizoan babesle bezala egongo gara berriro ere.

ESKUA belar denda bat baino gehiago da, ezta? ESKUA terapia zentro bat da. Osasun arloko profesionalak egiten dugu lan eta belar dendak kobertura egokia eskaintzen du osasun egoerara iristeko behar diren ohiturak eta bizi jarrerak izateko; elikaduran eta beste hainbat gauzatan.

Zer zerbitzu dituzue?

Belar dendan, elikagai ekologikoak, osagarriak eta abar edukitzeaz gain, podologia, dietetika, fisioterapia eta osteopatia zerbitzuak eskaintzen ditugu. Dena den, saiatzen gara ahalik eta zerbitzu zabalena eskaintzen eta etorkizunean profesional gehiago izango dira seguru asko.

Zein da ESKUAren filosofia?

Osasun arazoei ahalik eta erantzun egokiena ematea; erantzun hori guk eman ahal izanez gero, geuk eman, eta ezin baldin badugu, aukera onenera bideratu. Pazientea da garrantzitsuena.

Zeinek hartzen dute parte ESKUAn?

Emaldik antolatzen du dena. Zestoako dendaren buru Jone dago. Nutrizionista Aitziber, podologo gisa Amaia eta fisioterapeuta Ainhoa. Donostian eta Zuatzun, Uxue fisioterapeuta eta osteopata, eta Kristina haur eta haurdunaldietan aditu moduan (fisioterapia, osteopatia eta PNI erabiliz). Donostian jendearekin harremanetan Sara. Ni fisioterapeuta, osteopata eta PNIn aditu gisa nabil Donostian eta, astean behin, Zestoan.

Zein jende mota joaten da zuengana?

Era guztietako jendea sartzen da gurera, gazte eta adineko gizon eta emakumeak, jende arrunta eta xelebrea… denetik.

Dendari dagokionean, zeri ematen diozue garrantzia?

Ahalik eta zerbitzu onena eta profesionalena ematen saiatzen gara; gertukoa eta pertsonalizatua. Elikadurari ere garrantzia ematen diogu. Naturak osasuntsu mantentzeko aukera asko ematen dizkigu, hori beti gogoan dugu ESKUAn.

Zergatik ESKUA izena?

19 urte inguru nituenean, ikasketak burutzen ari nintzela pentsatu nuen “egunen batean zentro bat irekitzen badut ESKUA izena jarriko diot” eta halaxe egin nuen.

Zer jakinarazi nahi zenukete?

Osasun arloan proaktiboak izan behar dugula. Askotan, gaixotasuna noiz iritsi zain egoten gara eta gero harritu egiten gara etortzen denean. Gaixotasuna azaldu aurretik eta ondoren erabakiak hartzen jakin behar dugu, erantzukizuna norberarena baita. Horrenbestez, ondorioak norberak pairatzen ditu. Gu hemen gaude ahal dugun bezain beste laguntzeko prest.

Maialen Kortadi Iparragirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide