Paperekoa

Jardunian – EUGENIO ALKORTA

Alkorta taberna Portale izango da aurrerantzean. Hamabost urte dira hango pastelak bukatu zitzaizkigula. Gozotegia eta taberna ere ez ziren, ordea, betikoak. Aurretik zalgurdientzako ukuilua izan zen, 1926an Urola trena martxan jarri baino lehen Zumarragatik Arroara zihoazen bidaiariek atseden hartzen zutenean.

Aldamenean zegoen Alkorta fonda Erdikale barrenean, egun banketxea dagoen eraikinean. Pío Barojak han hartu zuen ostatu Zestoara iritsi berritan. Besteak beste, 1917ko Juventud, egolatría liburuan dator pasartea: “Comí opíparamente, bebí con algún exceso y animado por la buena comida decidí quedarme allí”. Barojaren lagun Azorinek ere idatzi zuen ostatuaz, bertan egindako egonaldi baten ostean: isil-isilik hiru platerako otordu mamitsuak ematen dituzten herri txikietako ostatu garbi eta atsegin horietakoa zela zioen. Gazteleraz hitz egindakoan, irribarre egin eta begiak kliskatzen zituen amama bat ere bazela zioen.

Taberna hogeiko hamarkada bukaeran zabaldu zuten, berritze lanak eginda. Herrian “Barrera” noa esaten zutenean, Alkortaz ari ziren. Ez zioten taberna esaten. Gozo-dendako mostradorea kristalezkoa zen eta herriko umeek kosk-kosk jotzen zuten txanponekin gozokiak erostera joandakoan.

Eugenio Alkortak Zarauzko etxean hartu gaitu. Erdikaleko pinturak ditu hormetan, eta istorioak kontatzen laguntzen duten dokumentu zahar sorta ederra ere badu, urrea bezala gordeta. Eugenioren aita –hura ere Eugenio– herriko alkate izan zen 1936an, eta aitona Blas ere bai, mende hasieran. Eugenio Alkorta semeari askotan proposatu zioten alkategai izatea, bai EAJn egin zituen urteetan, baita EAn egindakoetan ere, baina ez zuen inoiz onartu. 82 urte ditu eta bihotza beti 81 taupadatan, minutuko kolpeak makinak jartzen dizkionetik. Labea berotzen jarritakoan bezala, kontu-jaten jardun dugu, petit choux eta errege-opilaren anis usaina gogoan.

Hamabost urte dira erretiroa hartu zenuela. Gero semeari laguntzen ere jardun zenuen. Azkenekoz noiz jantzi duzu mantala?

Oraintxe jardun dut alabari roskoa, errege-opila, egiten erakusten baina ez dut bestela batere egiten. Mantala kendu nuenean, erraz jarri nintzen beste gauzetara. Utzi egin nuen erabat, bestela bateko afari, besteko etxekoentzako, beti pastela egiten jardun behar. Ez dut egiten.

Zein dira tabernaz eta gozo-dendaz dituzun aurreneko oroitzapenak?

Ni hamasei urterekin-edo hasi nintzen aitari pastelerian laguntzen, eskola bukatuta. Anaia Karlos tabernan egoten zen eta arreba Pili dendan. Orduan jende asko etortzen zen meriendatzera eta txokolatea ematen genuen. Volados esaten zaienak egiten genituen, azukre zurizko makila luze batzuk, uretan sartu eta gozatzeko. Aitak obradoreren batean ikasi zuen, baina nik ez. Udaran beti pasteleroa ekartzen genuen, ia beti Zaragozakoak izaten ziren. Bainuetxean ere sukaldari ibiltzen ziren, eta handik etortzen ziren, ekaina erdian hasi eta iraila erdira arte jarduten zuten. Haiek beti formula berriak ekartzen zituzten eta haiekin ikasten nuen. Hasieran bizkotxoa, madalenak, sagar tarta, hojaldrea, gauza errazak egiten genituen, floriturarik ez. Gero ikasi nuen Zaragozakoekin.

Aita pasteleroa zen orduan; aitona ere bai?

Aitona Blas txokolateroa zen. Alkorta ostatua zen, fonda esaten zitzaiona, ondoko etxean. Azpian estankoa egon zen 1890etik 1928ra, eta baita txokolateria ere. Kartelak “Chocolatería y caramelos” jartzen zuen. 1928an “pastelería” errotulua erantsi zioten. Garai batean, orain taberna dena, ukuilua zen. Ostatura etortzen ziren bezeroak bazkaltzera-edo Zumarragatik Zumaiara bidean eta diligentziak han egoten ziren. Zaldiei jana eta edana emateko tokia zen. Atze aldean, txokolateria zegoen eta kakaoaren makina bat bazen rodiloak zeuzkana, astoak tirata ibiltzen zena. Gero aitonak, nik uste dut gure aita Eugenio martxan jartzeagatik edo, taberna jarri zuen. Pentsatzen dut gure gurasoak ezkondu zirenean izango zela. Pentsioa aparte zegoen, baina bi etxeak barrutik lotuta zeuden, pasabidea zegoen batetik bestera, eta Makazagatarrak goiko pisuan bizi ziren. Pasteleria errotulua 1928an jarri zuten eta hor nonbait zabalduko zuten taberna. Garai hartan, Blas aitonak ostatuko aurreneko pisuan ipini zuen Unión Patrióticaren egoitza ( 1927). [Unión Patriótica 1924an Miguel Primo de Riverak sortutako alderdia zen. “Monarkia, erlijioa eta aberria” zituen printzipio nagusi, karlisten “ jaungoikoa, aberria, erregea”-ren antzekoa. Boterea kontra izan orduko desagertu zen].

Aitona Blas alkate izan zen ( 1902-1906 ) eta nire aita Eugenio ere bai 1936ko otsailetik nazionalek herria hartu bezperara arte; Kongresurako hautagai ere izan zen gainera. Zestoan EAJk agintzen zuen orduan, eta gure aita independente bezala zegoen alkate. 1936an gerra etorri zen eta ihes egin zuen: Bilbora lehendabizi eta gero Mimizan-era (Frantzia); Landetako herri koxkor bat da hori. Han errefuxiatu eremuan egon zen arduradun bezala edo antolaketan, hango agintariekin zubi-lana egiten. Angulak eskaintzen omen zizkieten, Frantzian ez zekiten angula zer zen eta behin 500 kilo eman omen zizkieten.

Herriko gehiago ere baziren han Mimizanen, eta gu berriz, ama eta hiru anai-arreba, Maconen (Frantzia) egon ginen, Antoine Griezmannen herrian. Ni gazteena nintzen: bi urte, lau eta sei geneuzkan. Gure osaba Anastasio dena gordetzekoa zen eta hark zioen 100en bat lagun joan zirela Zestoatik ihesi.

Gerra lehertu eta alde egin behar izan zenuten hortaz. Zer gertatu zen zuekin eta negozioarekin?

Aitari taberna konfiskatu egin zioten 1936ko azaroan, eta 5.000 pezetatako multa ezarri zioten. Aitona Blasek gutuna bidali zuen, eta gutun horretan esaten du nola “1936ko irailaren 21an izan zen herriaren liberazio eguna, Ejertzito Nazional Gloriosoak egin zuela sarrera triunfala”, eta egun gutxira errekisatu ziotela semea bizi zen etxea: “Semeak Fronte Popular nefastoarekin bat egin zuela, bere atsekaberako, eta bere aholkuaren kontra”. Konfiskatutakoa berea zela zioen eta agindua altxatzeko erregutzen zuen. 1937ko ekainean idatzitakoa da eskutitza. Udara ere bazetorrela eta familia mantentzeko irekitzeko baimena eskatzen zuen. Eta, hala, baimena eman zioten gure amari, 1937ko udaran zabaltzeko. Aitak gerra bukatutakoan bere burua entregatu zuen eta Ondarretako kartzelan izan zuten preso. Aitona Blas 1941ean hil zen; aitari haren hiletetarako baimena eman zioten eta, gero, kartzelara ez zuela bueltatu behar esan zioten. Ez zuen denbora askorik egin kartzelan.

Geroko urteak nola joan ziren? Herrian guztiek elkarrekin bizi behar?

Tabernara etortzen ziren Franco agintzen jarri eta herriko jabe egin zirenak, eta aita ere “normal-normal” joaten zen haien negozioetara generoa-eta behar bazuen, nahiz eta ondo zekien nortzuk izan ziren bere aurka egiteko esan zutenak. Akordatzen naiz nola egiten zieten omenaldia irailaren 21ean, Iraetan gorriek fusilatu zituzten zazpi karlista azkoitiarrei. Jende pila bat etortzen zen handik, trena beteta. Guri aitak ez zigun sekula gorrotoz hitz egin. Gerraz hitz egiten zuen bisita jakinen bat zegoenean, baina guk kasu gehiegirik ere ez genien egiten.

Zu beti futbola, pilota eta ehiza kontuekin

Berrogeita hamar urte egin nituen Errealeko bazkide eta gogoratzen naiz tabernan txikiteoa bukatu eta autobusean joaten ginela Atotxara. Ordu baterako bukatuta egoten zen hemengo lana, eta segidan Donostiara. Partidak goiz izaten ziren oso, hiruretan-edo, argirik ez zegoen-eta. Pilota partidak ikustera jende mordoa etortzen zen herrira, Azkoititik-eta trena bete-bete eginda ailegatzen zen eta denek nahi izaten zuten batera zerbitzatzea. Aita eta osaba bai, haiek ibiltzen ziren pilota partidak eta zezenketak antolatzen. Zoroperia ere gure aita udaletxean zegoenean, zinegotzi zenean, hasi ziren egiten, 1933an. Elgoibarren Urte Zaharretan eta Deban urte hasieran egiten zutenaren antzeko ospakizun famoso bat nahi zutela, eta pilota, musika eta idi probak antolatu zituzten. Idatzietan ez du Zoroperi edo Soroperi jartzen, ganadu feria jartzen du gazteleraz.

1895ean egin zuten lehen zine emanaldia Parisen, eta zinea asmatu orduko zuen aitona Blas hasi omen zen ematen…

1908an, Alkorta ostatuko kafetegian jarri zuten zinematografoa eta urte hartan bertan, herriko festetan, irailean espektakulua egiteko proposatu zioten udaletxeari, 125 pezetaren truke. Sei pelikula txiki eman eta tartean bandak jotzeko baimena eskatu zuten. Azkenean plazan ez, udaletxean eman zituzten pelikulak. Argindarra udaletxeak ordaindu zuen. Gaueko hamarretarako bukatuta.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide