Paperekoa
Erabakitzeko aukera izango du Zestoak
— 2017-04-28Erabakitzeko eskubidea, herri galdeketa, Gure Esku Dago, hitza, demokrazia, Hitziturri, M-7… Ezagunak egingo zaizkizu, seguru, hitz potolo horiek guztiak. Azkenaldi honetan, prentsatik ez bada kaletik, kaletik ez bada whatsapp-etik, eta whatsapp-etik ez bada Facebooketik iritsiko zitzaizun zer edo zer horri buruz, ezta?
Tantaz tanta, tantaz tanta… blai! Kanta, salta, aupa, hauta… bai! Tantaz tanta, hitza hartu… gai! Bere geroa nork ez du erabaki nahi? Olatua badator! Erne! Hau da garaia, olatua hartzekoa, erabakitzekoa… diote Andoni Egañaren hitzek Skasti musika taldearen abestian. Maiatzaren 7rako antolatutako herri galdeketen harira Zarautzen egindako kanta da, baina Zestoan ere egina da hautetsontzietarako deialdia. Iritsiko al da, ordea, olaturik ibaian gora? Hitziturri elkarteak antolatu du gurean galdeketa, eta taldeko kideekin izan gara 3.000 herritar parte-hartzera deituak diren eguna nola aurreikusten duten galdetzeko.
Hitziturri Zestoara begira dago, baina hemengoa ez da egin den eta egingo den galdeketa bakarra, ezta?
Zestoakoa ez da kasu isolatu bat. Azken urteetan berotzen ari den erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendutik datorren ariketa da. Gaur arte Hego Euskal Herriko 90 herritan egin da galdeketa, eta maiatzaren 7an Debabarrena, Durangaldea, Lea-Artibai, Uribe Butroe, Uribe Kosta, Urola Kosta, Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Lasarte-Oria, Usurbil eta Zeanuri batuko zaizkie; guztira beste 50 herri gehituta, 140. Ekainaren 18an Basaburua, Bortziriak, Imotz, Mendialdea eta Sakana ere gehituko dira zerrendara, eta datorren urtea amaitzerako 600.000 herritar baino gehiago bizi diren eremuetara iritsiko dira galdeketak.
Zein izango da zestoarrok BAI edo EZ erantzun beharko diogun galdera?
‘Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?’ Bailara guztian galdera bera izango da: Orion Zarautzen, Getarian, Zumaian, Aizarnazabalen Zestoan, Errezilen eta Azkoitian.
Beste herrietako parte hartzeak ikusita, Zestoarako aurreikuspenik bai?
Denetariko emaitzak ikusi ditugu orain arte herri batetik bestera. Azpeitian, esaterako, %40aren bueltan ibili ziren 2016an, baina herri asko dira %15-20ko parte hartzea izan dutenak. Emaitzak positiboak ala negatiboak diren balioesteko ezin dugu, ordea, erakundeetarako hauteskundeekin konparatzen hasi. Ezagutu ditugun “benetako” bozketak dira, oso errotuta ditugunak, hautagaiak aukeratzen ditugu, hurrengo urteetan gure ordezkari izango direnak; eta Euskal Herrian orain antolatzen ari garen galdeketen kontrara, lotesleak dira.
Ez dugu parte hartze aurreikuspenik egin, gure nahia da maiatzaren 7an ahalik eta herritar gehien hautetsontzietara gerturatzea eta bere iritzia ematea.
Loteslea ez izatearena…
Tira, lehen pauso bezala ulertu behar du jendeak. Ariketa demokratiko bat egitera goaz, eta horren helburua da erabakitzeko gaitasunean ahalduntzea. Herritarrak sentitu behar du, sinetsi behar du benetan gaitasuna eta eskubidea duela herri honen norabidea eztabaidatu eta erabakitzeko.
Zer esango geniokeen loteslea ez dela eta, bozka emateak merezi ez duela dioenari? Ezin dugula erakundeen zain egon, gizarteak egin behar duela presioa eta herritarrok bagarela gai harriak mugitzen hasteko; baina ez herritar bat eta bi, bere beharra ere badugula orain, erakundeetatik hauteskunde lotesleak antolatu daitezen gero. Horrelako prozesuek gizarte gero eta indibidualistago hau kohesionatzeko ere balio dezakete.
Ez da kasualitatea gizarte zibiletik sortutako mugimendua izatea. Nola ikusten dituzue erakundeak?
Erakundeak eroso daude oraingoz. Mugak ikusten dituzte, arazoak, zailtasunak, eta benetako presiorik sentitu ezean gehiegi kokatu gabe jarraituko dute. Baina aurreko galderaren haritik, Euskal Herrian beste kasu askotan gertatu den eta gertatzen ari den bezala, gizarte zibilak hasi behar du pausoak ematen. Badakigu herri honek noizbait benetan erabakiko badu, apustu politiko sendoak egin beharko direla erakundeetatik; hori ez da gauetik goizera gertatuko, ordea, eta herritarroi dagokigu bide horretan lan egitea eta erakundeei pauso horiek eman ditzaten eskatzea.
Eta gizartea bera nola ikusten duzue?
Norbaitek esan digu ez dagoela Gure Esku Dago sortu zenean, giza katea egin zenean zegoen ilusio hori, gar hori. Indar erakustaldi hura ederra izan zen, eta horrek erakusten digu Euskal Herrian badagoela erabakitzeko nahi bat. Baina badakigu, baita ere, olatuak gora eta behera egiten duela, eta une jakin batean piztu zen ilusio hari begira ere ezin dugu geratu esanez “hura bai izan zela ederra”. Eskoziako erreferenduma bidean zen, Katalunia indar handiz hari zen pausoak ematen, eta Europan nabari ziren mugimenduek zirrara sortu zuten une hartan. Dena dela, “hura bai izan zela ederra” moduko esaldiak pentsatu baino, ez al da hobe pentsatzea giza katean erakutsitako indarrak ekarri gaituela honaino? Alegia, euforia uneak bizi beharra daude, egia da, eta urratsak ematen jarraitzeko beharrezkoak ere badira askotan; kontziente izan behar dugu, baina, une puntualak direla normalean horiek, eta hankak lurrean jartzen ditugunean, orduan erakutsitako indarra bideratzen jakin behar dugula.
Maiatzaren 8a ere iritsiko da. Orduan zer?
Gure Esku Dago ekimen herritarrak bere bidearekin jarraituko du erabakitzeko eskubidea lortu bitartean. Hitziturrik, berriz, bere helburua beteta bukatuko du bere jarduna. Espresuki Zestoan galdeketa antolatzeko sortutako elkartea da, legeak hala eskatuta hautetsontziak jartzeko elkarte batek egin behar baitu deialdia; eta azken hilabeteetako lanaren ondoren emango dio amaiera galdeketarekin.
************************************
Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren azken urteetako bilakaera pausoz pauso:
Gure Esku Dagoren aurkezpena Ficoban
Erabakitzeko eskubidearen alde dozenaka lagun bildu ziren 2013ko ekainaren 8an, Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpenean, Irungo Ficoban. Euskal Herria herri bat dela adierazi zen, eta erabakitzeko eskubidea euskal herritarrei dagokiela, euskal herritar soilik sentitu, espainiar edo frantziar sentitu, edo munduko beste edozein naziotako kide sentitu.
Giza katea
Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde 150.000 lagunetik gora bildu zituen Durangotik Iruñera egindako giza kateak. Etorkizuna eraikitzeko euskal herritarrok bidea elkarrekin egiteko nahia adierazi zen han, 2014ko ekainaren 8an.
Mosaiko erraldoia
Eskoziarrak zoriontzea, katalanei galdeketaren atarian animoak helaraztea eta Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko beste pauso bat ematea helburu, mosaiko koloretsuak osatu zituzten, 10.000 lagun bilduta, 2014ko azaroaren 8an, Zurriolako hondartzan.
Gaur hautetsontzia, bihar erabakia
Euskal Herriko bost hiriburuetako estadioetan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko borondatea agertu zuten milaka lagunek. Herritarren borondateak josi ziren eta erabakiaren aroa deituari hasiera eman zitzaion 2015ko ekainaren 21ean.
Galdeketen lehen olatua
Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagaren ostean, galdeketen lehen olatua etorri zen Euskal Herrira 2016ko ekainaren 5ean. Goierrin, Debagoienean, Aramaion, Azpeitian eta Ispasterren egin zituzten herri galdeketak. Deituta zeuden 150.000 herritarretatik %30ek parte hartu zuen. Bakaikun eta Diman egin zituzten, ondoren, azaroaren 27an; %60tik gorako parte hartzea lortu zuten.
Galdeketa Zestoako udalerrian
Eta lehen olatu horrek bultzatuta sortu zen joan den irailean Hitziturri Zestoan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik praktikara pasatzeko herri galdeketa antolatzeko. Juridikoki herri galdeketak berme guztiak betetzeko elkarte gisa sortua, lehen pausoa hautetsontziak jarri ahal izateko sinadurak biltzea izan da. Legeak herritarren %10en onarpena eskatzen du, eta Hitziturrik zifra ia bikoitza lortu du 610 sinadura jasota. Baina lan neketsuena maiatzaren 7koa izango da. Nola dago antolatuta eguna?
Bozketa loteslea ez izanda ere zuzentasun eta gardentasun berme guztiak eskaini nahi dira, eta horretarako hainbat batzorde prestatu dituzte. Alde batetik egongo da kontrol batzordea deitutakoa, mahaiak eta mahaikideak antolatuko dituena, aurretiazko bozka kontrolatuko duena… Eta hori osatuko dute herriko zenbait abokatuk, legelarik edota zuzenbidean adituak diren pertsonak. Bestetik egongo da jarraipen batzordea, mahaikideen eta kontrol batzordearen arteko lotura egingo du. Eta ikuskatzaileak ere izango dira, galdeketaren gardentasuna bermatzeko. Euskal Herriko nahiz nazioarteko ikuskatzaileek begiratuko dituzte mahaietako aktak, eta emaitzak ere haiek emango dituzte. Horien artean izango dira Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea, Joxe Arregi jesuita edo Maria Jesus Aranburu EAJko kidea eta Gipuzkoako Kultura Diputatu ohia.
************************************
Hauteslekuak eta bozka ematea
Maiatzaren 7an 9:00etan irekiko dira hauteslekuak eta 20:00ak arte egongo dira zabalik: Zestoako Kultur Etxe atarian, Zestoako plaza nagusian, eta Arroagoiko, Arroabeko eta Aizarnako plazetan. Bozka udalerriko edozein mahaitan eman ahal izango da.
Zer agiri onartuko da botoa emateko?
-
Bizilekuko udalerria “Zestoa” jartzen duen Nortasun Agiria (NAN) izanez gero, nahikoa izango da horrekin.
-
NANan Zestoa agertu ez, baina bertan erroldatuta egonez gero, NANrekin batera errolda-agiria beharrezkoa izango da.
-
EHNArekin bozka eman ahal izango da, baina errolda-agiriarekin batera aurkeztuz.
-
Etorkinen kasuan identifikatzeko balio duen argazkidun agiri ofizialen bat beharko da (pasaportea, AIZa NIEa, gidabaimena…) eta errolda agiria, identifikazio agirian bizilekua Zestoa dela zehazten ez bada.
Aurretiazko bozka
Maiatzaren 7an bertan bozkatu ezin duenak aurretiazko bozka eman ahal izango du, Hitziturrik Laranjadi plazan duen lokalean
-
Apirilaren 24tik 28ra, 18:00etatik 20:00etara
-
Apirilaren 29an eta 30ean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara
-
Maiatzaren 4an eta 5ean, 18:00etatik 20:00etara
-
Gaixotasun edo ezintasunen bat dutenek etxetik bozkatzeko aukera ere izango dute, kontrol batzordeari etxera joateko eskatuz gero.
Itsaso Zubiria
Egin zaitez bazkide