Paperekoa

“Errespetu handiko esku-hartzea izango da”, Jose Antonio Azpiazu.

Herritar asko ez zen ohartuko azken asteetan normalean baino mugimendu gehiago dagoela herriko eliza nagusian. Sartzen garenean ohikoa izaten da hezetasun eta egur usaina egotea, baina azkeneko egunetan produktu kimikoen lurrina ere antzeman daiteke. Mugimendu eta usain berri horien arduradunak Jose Antonio Azpiazu organogileak enpresako langileak dira. Azpeitiko familiarteko lantoki txiki honek jaso du Zestoako elizako organoa zaharberritzeko ardura. Gaur egun enpresa osatzen duten bi anaiek aitarengandik jaso zuten ofizioa. “Gure aita 17 urterekin Azpeitian zegoen OESA enpresan hasi zen lanean. 1974-1975 urtean itxi zutenean bere enpresa sortu zuen eta gaur egun bi anaia gara bertan lan egiten dugunak”, esan digu Jose Antonio Azpiazuk.

Bera da bietan zaharrena eta hasiera batean aitarekin batera ibili bazen ere, gaur egun Aritz anaiarekin dabil. “Hamaika urte dira elkarrekin lanean gabiltzala”, argitu du Aritzek. Organoen mundu hau odolean dutela esan liteke. “Gure gurasoek lantokian ezagutu zuten elkar”, adierazi du Jose Antoniok. Urte hauetan Europako hainbat herrialdetan lan egitea tokatu zaie. “Portugalen, Frantzian, Alemanian edo Austrian ibili gara, besteak beste. Horrez gain, Limako (Peru) komentu batean ere organo bat jarri genuen”, kontatu digu Aritzek.

Euskal Herrian lan egiten dute, baina gehienetan kanpora joatea tokatzen zaie eta etxetik hain hurbil egonik “gustura” daude biak. Beraien azken lana Ourensen izan da eta dagoeneko hitzartuta dute Zestoako lana bukatzen dutenean Asturias aldera joango direla. Euskal Herrian lan gehiago ez badute egiten ez da ez dutelako nahi. “Deitzen diguten lekura joaten gara. Askotan kanpokoak Euskal Herrira eta bertakoak kanpora joaten gara”, dio Jose Antoniok. Organoa jarri zuen enpresa berari deitzea ohikoa dela gehitu du Aritzek. Euskal Herrian organo asko dago, baina azken urte hauetan beharrezko mantenua ez zaiela egin uste du Aritzek. “Organo bat auto bat bezala da. Bere mantenua behar du eta beharrezkoa denean ez badiozu egiten hurrengoan mila ordaindu ordez bi mila ordaindu beharko dituzu. Organoekin gauza bera gertatzen da”. Kultura alorrean egon diren murrizketen ondorio moduan hartzen du. Horrez gain, organo-musika elizarekin lotzeak kalte egin duela uste du. “Organoa elizarekin lotzen du jendeak eta azken urteetan jendeak eliza boikoteatzeak organo kulturari kalte egin dio”, bere ustetan. Nahiz eta eliza barruan egon “instrumentu profanotzat” definitzen du eta herrietako ondare moduan ulertu beharrekoa.

Ia 90 urte

Zestoako organoaren kasuan, 1928an eraiki zuen Rafael Puignauk. “Dauden organoekin alderatuz tamaina ertaina duela esan liteke. Eliza honetarako tamaina egokia du”, Jose Antonioren aburuz. Puignau maisuak eraikin honi egokituta eraiki zuen eta bere lan guztietatik tente dagoen bakarra da. Horrek, “izaera berezia” ematen dio, eta egiten zaion lehen zaharberritze lana denez, esan liteke “bere egoera originalean” dagoela Azpiazutarren arabera. “Beste herri batzuetan organoak denborarekin berritzen joan direnean elementu asko aldatu zaizkie, bere izaera galduz hainbat kasutan, baina Zestoan bere horretan mantendu da”. Urte hauetan guztietan afinazio lanak edo esku-hartze txikiak egin dira soilik. Gauza handirik ez. Ia 90 urteko instrumentu bat izateko egoera onean dagoela aitortu dute biek. “Organo bat jartzen denean lanak 50 urtetako bermea izaten du batez beste”, adierazi du Jose Antoniok. Epe horretatik aurrera esku-hartze sakon bat egitea gomendatzen dute organoak osatzen dituen materialak denbora, eta erabileraren eraginez, higadura eta matxurak izaten baititu. “Errespetu handiko esku-hartzea izango da eta organoak bere originaltasuna mantenduko du”, argi utzi nahi du Jose Antoniok.

Soinu bera

Soinu aldetik ez dela inolako aldaketarik egongo diote. “Lehengo soinu bera izango du edo zenbait kasutan hobeagoa zenbait hauspok zuloak baitzituzten”, argitu du Jose Antoniok. Organoaren hauspoak egiteko garaian, besteak beste, ardi larrua erabiltzen da aldi berean material gogorra eta flexiblea baita. Denborarekin ordea, larrua usteldu eta zulatu egiten da eta ondorioz, hauspoak haizea galtzen du. Hori soinuaren kalitatearen aurka doa. “Baliteke zenbait kasutan behetik ez antzematea ondo, baina organoa jotzen duenak segituan nabaritzen du”, aipatu du. Ordezkatzen diren material guztiak originalaren berdinak izango direla ere azpimarratu dute. “Orain ardi larrua dagoen lekuan ardi larrua erabiliko dugu eta horrela organoko beste material guztiekin”. Julian Serrano organo jotzailea izan da berrikuntza honen bultzatzaileetako bat Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bidez. Lanen gastuak ordaintzeaz eliza arduratuko da. Besteak beste jendearen dohaintzak erabiliko dira zaharberritzea aurrera eramateko.

Lehen fasean organoaren pieza denak askatuko dituzte banan-banan. Hauspoak berritu ondoren organoaren egurra garbitu eta pipiak jota dauden zatiak tratatuko dituzte. Jarraian, hodiak garbitu eta zuloren bat edo kolperen bat badute konpondu egingo dituzte. Eta azkenik, pieza guztiak atzera muntatu eta organoa harmonizatu eta afinatuko dute. Aritzen iritziz hau da lanaren zatirik astunena. “Hodi bakoitza bere tonuan dagoela konprobatu behar duzu eta kontuan izanik bi mila pieza egon daitezkeela lan luzea da, baina hau ez da behin egiten den zerbait. Hodi guztiak behin afinatu dituzunean bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz egiten den lana da. Mentalki oso gogorra da”.

Martxoan hasi zituzten organoaren zaharberritze lanak eta “udararako bukatuta” egongo direla espero dute Azpiazu anaiek. Lanak bukatzean kontzertu bat ematea aurreikusten dute.

Urko Canseco




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide