Paperekoa

Jardunian – Julia Urreaga – “Agertokian txiki egiten naiz”

Rurala eta kosmopolita, ameslaria eta alferra. Agertokiz agertoki ibiltzeko ausardia du, baina hara aitortza: “Sekulako lotsa emango lidake nire letrak euskaraz abesteak”. Julia Urreagak bi alderdi ditu, denok bezala, eta guk bi elkarrizketa behar izan ditugu ondoko galdera-erantzunak lortzeko, kazetari honek lehenengo grabazioa galdu egin zuelako. Orpoetarainoko gabardina sofistikatu batekin iritsi zen lehenengo elkarrizketara; pijamatan imajinatu dugu bigarrengoan, telefonoz eta goizeko 9etan egin diogulako. Bartzelonatik aritu zaigu, etxea txukundu eta garbigailua jarri eta gero.

Nor da Julia Urreaga?

Julia Urreaga da Bartzelonan bizi den neska bat, diseinua ikasten duena. Pertsona kreatiboa, irekia eta denbora guztian gauzak egiten egon beharra daukana.

Abeslaria zarela ez al duzu esan behar?

[Kar kar kar] Ahal badut ez dut esaten. Jendea ezagutu eta berehala behintzat inoiz ez.

Zein esparrutan garatzen duzu sormena?

Musikan, jakina, eta ikasketetan. Nire karreran irudimena asko lantzen da. Produktu eta espazioaren diseinua lantzen dugu. Metakrilato tubo batez intxaur-hauskailu bat sortu genuen duela gutxi.

Non egon nahi zenuke hamar urte barru?

Gustatuko litzaidake musikatik bizitzea baina, aldi berean, zerbaitez bizi zarenean presio bat dago eta ez duzu benetan hainbeste gozatzen, horrek zalantza sortzen dit. Ideala nire bi arlo gustukoenak uztartzea litzake: musika eta diseinua. Eta posible ikusten dut oso lotuta daudelako. Talde batek duen identitate grafiko guztia, taldearen estiloa, janzkera, eszenografia, argiztapena…

Ametsen atzetik joatekoa al zara?

Bai… Ametsen atzetik joan behar dela uste dut, bidean gauza asko lortzen eta ikasten direlako. Dena dela azkar desilusionatzen naiz.

Nola suertatu zitzaizun Rural Zoombies-en sartzeko aukera?

Duela urte batzuk, santelmotan parrandan nenbilela Manuk [Rodriguez] gonbidapena egin zidan: “Julia, esan didate pianoa jotzen duzula eta musika gustatzen zaizula… Malder-en artean hori zen taldearen izena teklatu baten bila gabiltza”. Lokalera joan nintzen probatzera eta asko gustatu zitzaien, eta hor hasi nintzen sintea jotzen, sekula ez nuen bat jo.

Horrela hasi eta pixkanaka aldaketa etorri zen: lokaleko konposizioetan musikaren estiloa aldatzen zihoala konturatu ginen. Aldi berean, Manuk esan zuen abesteari utzi nahi ziola, probatzen hasi ginen eta txarrenetan ondoen egiten zuena ni nintzen (barrez). Gauza asko aldatu ziren azkenean; estiloa, izena, abeslaria, taldekideren bat…

Orain ahotsa eta hitzak zureak dira, erantzukizun hori nabaritzen al duzu?

Batzuetan bai. Talde batek osagai asko ditu, baina jendeak arreta gehiena ahotsari eta letrari ematen dio. Horrek batzuetan panikoa ematen dit, ze nik adibidez musikalki erraztasuna izan dezaket melodia bat ateratzeko, baina zailagoa egiten zait askotan ahotsaren partea ateratzea.

Rural Zoombiesekin hasi aurretik, ez nuen kantu bat sekula idatzi. Gauza bat da zure kontuez pentsatzea eta beste bat idatzi eta jendeari abestea. Gauzak asko pentsatu beharra izaten dut gainera. Eta zenbat eta gehiago pentsatu are eta zalantza gehiago sartzen zaizkizu “uf, hau esango al dut?”. Hori gehiago kurratu behar izaten dudan zerbait da.

Beraz, letretan zure intimitateaz ari zara?

Gehienak (ez denak) gauza pertsonalak dira, bai… Ez dira literalki gertatu zaizkidan gauzak, gertaerek ebokatutako sentsazioak transmititzen saiatzen naiz.

Horregatik ezin izan dut inoiz euskaraz idatzi, izua ematen dit ama hizkuntzan biluzteak, ingelesak horretarako balio izan dit, errazagoa egin zait kamuflatzeko. Nahiz eta euskaraz hobeto adieraziko nukeen barrukoa.

Beraz, zuen musikan Egia bat dago

Bai, dudarik gabe. Musika zentzu batekin egin behar duzu, izan aldarria, izan sentimenduak, berdin du zergatik, baina Egia bat izan behar da hor, hori da musika egiteko funtsezko arrazoia nire ustez, ze ez baldin badago, antzeman egiten da.

Zein talderi antzematen diozu hori?

[Kar kar kar…] Ez naiz arriskatuko, oso zaila da hori erantzutea. Nik uste oso erraz antzematen dela noiz bihurtzen den musika produktu bat eta telebistako musika saioetan asko gertatzen da hori. Eta hala ere gustatu egin lekiguke abesti bat eta buruz jakin oso osorik baina ez digu benetako oilo ipurdirik jarriko.

Beraz, musikak funtzio soziala izan behar du?

Bai. Funtzio sozialak ez du nire ustez politiko edo aldarrikapenekoa izan beharrik ordea. Euskal Herrian izan ditugun talde handi gehienek era horretako funtzio soziala bete dute, eta nire iritziz oso beharrezkoa izan da. Baina letrarik gabeko musika elektronikoan ere, benetan sinistu eta biziz gero egiten ari zaren hori, zilegi da. Egi bat dago hor.

Funtzio soziala aipatu duzunez… euskarari ez al lioke on egingo Rural Zoombies bezalako talde batek?

Bai, pentsatzen dut baietz. Oso zaila da hori erantzutea. Uste dut musikalki nahiko itxiak izan garela oro har hemen, gauza berrietara egokitzea kostatu egiten zaigula. Gaur egun asko ireki bagara ere: estilo berriak sartzen ari dira euskal panorama musikalera.

Nik adibidez ingelesez abesteko erabakia ez nuen oso kontzienteki hartu, gehiago izan da lotsa kontu bategatik, lehen esan bezala, eta gertatu da ingelesez abesteak beste ate batzuk ireki dizkigula, gu horren bila joan ez bagara ere. Eta gainera ezin da esan euskara muga bat denik, duela aste batzuk Berri Txarrak-ek Madrileko La Rivieran sarrera guztiak saldu zituen.

Alde batetik beraz, euskarari on egingo lioke, hizkuntza zabaltzeko era oso on bat litzakeelako baina, bestalde, gu jaialdi eta kontzertu asko ematen ari gara Espainian, euskaraz akaso iritsiko ez ginatekeen lekuetara iritsi izan horrek berak ere, gu euskaldunak izanda, euskal sorkuntza eta euskal identitatea beti markatzen ditugu, eta hori ere bada bultzada bat euskal kulturarentzat. Jendeari kuriositatea sortzen dio. Ez gara euskaraz abesten ari baina iritsi gara leku batzuetara azkarrago (era inkontziente batean hartutako erabakiak medio) eta hor euskal musikarekiko interesa piztu dugu. Horren inguruko komentario asko egiten dizkigute, eta iritsi zaizkit esatera guri esker euskal musikan saltseatzen hasi izan dela jendea. Nik uste euskarari laguntzeko edo gutxienez keinu bat egiteko beste modu bat dugula.

Zer ematen dizu agertokiak? Eta zer kendu?

Ni agertokian txiki egiten naiz. Pertsona irekia naiz, baino metro bat gorago jartzen naizenean eta hainbeste jende ikusten duzunean, zer egingo duzun zain, beldurtu egiten naiz. Zorionez agertoki batera lehen aldiz igo nintzenetik orain arte alde handia egin dut. Lehen aldian hitz bat esateko ere ez nintzen gai.

Eta, bestalde, musika jotzean zure munduan sartzen zara. Ondo dakizun zerbait egiten ari zara eta askotan bukle batean sartu eta kanpoan dagoenaz ahaztu egin zaitezke. Eta zenbait kontzertutan, publikoarekin konexio hori sortzen baldin bada, magikoa da.

Zein izan da kontzerturik zailena?

Lehenengo aldiz gaztetxean abestu nuenekoa. Malderrekin zen baina dagoeneko nik bizpahiru abesti kantatzen nituen. Uste dut behin ere ez naizela hain urduri egon, ez nintzen nire buruaren jabe. Gainera oso-oso gaizki kantatu nuen… ez nengoen ohituta, ez nuen ezer entzuten, ezta nire ahotsa ere! Askotan errazagoa da jende ezezagun pilo baten aurrean abestea: “ez ditut pertsona hauek bizian gehiago ikusiko, bost inporta zer pentsatzen duten” herrian eta lagunez inguratuta jotzea baino, hori beste mobida bat da.

Lagunak portatu ziren behintzat, desastre bat izan zen arren Beyonce banintz bezala zoriondu ninduten [kar, kar, kar].

Bartzelona eta taldea bateratzeko moldatzen al zara?

Hala-hola… Bigarren urtea dugu horrela eta ez da erraza. Cadizen kontzertua genuen batean, Bartzelonatik abiatu eta Cadizeko aireportua kolapsatua zegoela eta bost ordu pasa nituen hegazkinean, kontzertura iritsiko ote nintzen jakin gabe. Agertokira justu-justu iritsi nintzen azkenean.

Gainera, ez da urrun egotea bakarrik; nik momentu honetan ikasketei ematen diet lehentasuna eta horrek esan nahi du batzuetan kontzertuei ezetz esatea. Nire gurasoek ordaintzen dizkidate Bartzelonako ikasketak eta gainerakoa eta esfortzu horrekiko begirunea dut.

Taldea dagoen puntua goxatzeko aukera baduzu behintzat?

Bai, kontzertu asko izan ditugu eta puntu goxoan gaude. Ez gara musikaz bizi eta presiorik gabe gustatzen zaiguna egiten dugu, askatasun hori ederra da.

Bigarren diskoaren grabaketak ere urduritasun polit bat sortzen digu, guretzat erronka bat delako. Lehenengoa aurkezpen bat da, ez dago gainditu behar den maila bat: “Hau da daukaguna eta kito”. Baina bigarrengoan presio bat dago, behintzat gure burua gustura uztekoa, horregatik egiten dugu eta musika.

Zer da Rural Zoombiesek ematen dizun onena?

Taldekideak. Hainbeste ordu pertsona berekin egoten sekulako lotura sortzen da, bosten artean erabakiak hartzea askotan ez da erraza, elkarbizitza eta errespetua landu beharra daude. Ariketa polita da.

——————————

Liburu bat: Le pays de maison lounges, Luca Merlini

Film bat: Lost in translation

Abesti bat: Hey Jude, Beatles

Bartzelonako leku bat: Born-eko gure etxeko teilatua

Egin nahi duzun bidaia bat: Errusiara

Gorrotatzen duzun zerbait: automobilismoa eta futbola.

Afizio bat: Argazkilaritza.

 

Mari Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide