Paperekoa

1.085 aldiz – Itxaso Waliño

Bartzelona. Apirilak 27. Iluntzeko 21:30. Gau eta lagun giro ederra. Etxetik irten eta Euskal Etxerantz goaz pintxo eta kaña pare bat hartzeko asmoz. Metroan sartu eta hizketan hasi gara: “Zer moduz osteguneko azterketa?, inguruko ezeri erreparatu gabe.

Metrotik irten eta eskailera mekanikoetan gora goazela, bat-batean, golpe batez gelditu gara. Guk geure artean: “betiko graziosoa izango zen orain ere. Buila entzun da baina ez dakigu ondo zer gertatu den. Jaume I plazara irten eta gazte bat hurbildu zait: “Barkatu baina han korrika alde egin duten hiru horiek eskailera gelditu eta poltsatik tiratzeko asmoa zuten. Zuen atzean jarri naiz eta gaurko negozioa zapuztu diedala ikustean ‘lerdoa!’ esan didate eta ihes egin dute ziztu bizian”. Eskerrak eman dizkiot eta han joan da gaztea ere.

Lau lagunok elkarri begira gelditu gara: “Eskerrak susto bat izan den!. Hiru gazte haiek poltsatik tira eta gerta zitekeenaz hasi gara hizketan. Batek: “Nik nahiago dut mugikorra baino diru-zorroa kentzea, nahiz eta barruan 50 € izan!. Hausnarketa momentua izan da. “Arrazoi duzuesan diot, neuk ere nahiago nukeela diru-zorrorik gabe gelditzea sakelakorik gabe baino.

Duela urte batzuk pentsaezina zen horrelako egoerarik. Mugikorra ezinbesteko gailu bihurtu da gaur egungo gizartean. Eskua poltsan sartu eta sakelakoa ez aurkituz gero, edota goizean etxetik irten eta mugikorra mahai gainean ahaztuta utzi dugula ohartu ondoren, zerbait falta zaigula sentitzen dugu. Ez gara lasai egongo hogei bat minutu pasa eta egoera berrira ohitu arte.

Une oro, momentu oro konektatuta gaude. Estatu Batuetako Nottingham Trent unibertsitateko ikerketa baten arabera, egunean 85 bider begiratzen dugu mugikorra. Benetan harritu nau datu horrek baina pentsatzen jarri eta zifra horretara hurbiltzen naizela konturatu naiz.

Eta ohartu naiz, 85 aldiz pantaila huts bati begiratu ordez, badaudela 1.085 aldiz begiratzeko moduko gauzak nire inguruan.

Itxaso Waliño




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide