Paperekoa
Adiskide bat bazen – Mikel Ibarguren
— 2017-10-18Orotan bihozbera zen adiskidea, kanta ezagunak dioen bezala. Eta beste hainbatekin bezala, izar urrunera begiratuko dugun bakoitzean, mendi hegaletan gora egiten dugularik, Attolaz ere gogoratuko gara, izarren hauts bihurtu eta amets betezko ilunabarrean muga guztien gaindi, oroitzapen den gerora ihesetan joan baitzaigu gure bihotz-begietan gorazarre eginez.
Nun hago, zer larretan…, Erniotik Izarraitzerainoko oihartzun betean, gorputzaren mugetatik askatu eta naturarekin bat egin duan adiskide hori?
Gaztain morkotsak gaztainondoetatik erortzen hasiak diren garai honetan, udazkenaren atari honetan, gizaseme zimel, langile, mendizale eta lagunen lagun haren oroitzapena bizi-bizirik dudala ari naiz. Bere herria, Euskal Herria, askatasun bidean nahi zuen abertzale petoa, gorputz zimel haren barruan haur egonezin bat zeraman betigazte bat zen garaiak datozkit akordura tropelean. Barrikaden, atxiloketen eta bertso txarren garai hura. Herri antolatuaren garrantzia azpimarratzen genuen aldi gogor baina bital hura. Bizitzaren argi-itzalen garai ahaztezin hura.
Herria zuen bizibide Attolak, herria zuen kezkabide eta arnasbide. Herria zuen asmo, helburu eta bide bakar; herriarekiko maitasuna eta natura elkarri lotuz, orainaz eta geroaz, huntaz eta hartaz aritzen ginen goizaldeko ordu txiki haiek datozkit akordura, denborak erakusten baitigu zer utzi dezakegun albo batera, zer eraman nahi dugun geurekin. Zer den beharrezkoa eta zer ez. Denbora ez dela alferrik galtzekoa, bizitza denboraz egina baita. Eta presentziaz eta ausentziaz. Eta akorduz ere bai.
Nun hago, zer larretan…, goizalbaren mugalari bilakaturik, hurritz-makila eskuan hartu eta behelaino artean inork ezagutzen ez duen gailurrera, lanbrotutako ez-lekuetara hoan hori?
Adiskide bat bazen hesia urratu eta ametsen bestaldera joan dena, gauaren isiltasunean abaro hartu eta oroitzapenen bideetan betikotu dena, denboraren abaraskan eztiro barnebildu dena.
Adiskide bat bazen, oroiminean daramaguna.
Egin zaitez bazkide