Paperekoa
Argiteria publikoa, udalaren edo enpresa pribatu baten esku?
— 2017-10-18Uztailaren 26ko udalbatzarrean, Zestoako udal gobernuak (EAJ) herriko argiteria publikoa 10 urtez enpresa pribatu batek kudeatzeko erabakia hartu zuen. Erabakiaren aurka agertu ziren, batzarrean bertan, oposizioa (EH Bildu), udal langileak eta zenbait herritar. Oposizioak gaia behar bezala ez aztertzea leporatu zion udal gobernuari, eta beste aukera posible batzuk aipatu ondoren erabakia bertan behera uzteko eskatu zuen. Udal langileek, berriz, langile guztiek adostutako mozioa, pribatizazioaren aurkakoa, jarri zuten mahai gainean. Gaiak zeresana eman du, bai udalean baita kalean ere. Guk gobernuari, oposiziori eta langileei erabakiaren nondik norakoak eta iritzia eskatu diegu.
Alkatearengana jo dugu informazio eske, baina Gorka Unanuerengana, hirigintza zinegotziarengana, bideratu gaitu, gaia hobeto landu duela-eta. Aldaketa emango dela dio, aldaketa positiboa; besterik gabe, orain arte udalak egin duen lan bat, orain, enpresa pribatu batek egingo duela.
Argiteriaren kudeaketa enpresa bati emateko erabakia hartu duzue. Nola izan da erabakia hartzeko prozesua?
Beti ikusi izan dugu herrian iluntasuna zegoela. Legegintzaldi hasieran, argiteria publikoaren inguruko datuak jaso nahi izan genituen. Enpresa bati ikerketa txiki bat eskatu genion. Ikerketan ikusi zen bazeudela desbideratze batzuk, ondo kontrolatu gabeko puntuak. Erregulazio baten beharra ikusi zen. Eskualdean ere ikusi genuen argiteriaren inguruan mugitzen ari zirela, batzuek bazutela argiteria kontrolatzeko programa bat. Horrela ari ginela Bizkaiko enpresa batek, zenbait herritan argiteriaren gestioa ematen zutela-eta beraien esperientziak aurkeztu zizkiguten. Gipuzkoan ere lan egiteko interesa zutela agertu zuten. Zerbitzu Energetikoen Enpresa eredu bat-edo zegoela azaldu ziguten. Udalaren argiteria enpresa batek gestionatzea proposatzen dute.
Udalak kudeatu beharrean, enpresa batek kudeatzeak zer abantaila ditu ba?
Orain arte ordaintzen genuen kopuru berdina ordainduta, beraiek egiten dira argiteriaren kargu. Herriko argiteria osoa sistema berrira pasako dute lehenengo 6 hilabetetan eta 10 urtean beraiek arduratuko dira hornitzailea ordaintzeaz, argien mantenuaz, konponketez, garbitasunaz…
Baina hori udalak berak ere egin dezake, ezta?
Bai, udalak ere bere medioekin egin dezake baina guk kanpoko enpresa bati ematea erabaki dugu hainbat arrazoiengatik.
Zein dira arrazoiak?
Guk ez dugu dudan jartzen langileen lana, guk ez dugu esaten gaitasunik ez dutenik. Baina orain arte ez da mantentze egoki bat eman, erabaki politikoengatik edota beste lehentasun batzuk egon direlako, baina ez da nahikoa izan. Mantentze egoki bat emateko gaitasuna segurenez badute, baina horrelako mantentze-lan batek dedikazio handia eskatzen du. Orain arte ez da eman, hemendik aurrera emango den, ez dakigu… Beraz, enpresa bati ematea erabaki dugu. Bestalde, ekonomikoki, hasierako inbertsioa 520.000 euro ingurukoa izango da: udalak hori bere gain hartu dezake? Sei hilabetean sistema aldatuta berehala hasiko ginateke aurrezten.
Udal langileak eta oposizioa erabakiaren aurka, eta hala ere plenoan erabakia hartu zenuten. Zergatik horrenbesteko presa?
Ikertu egin dugu, bi urte daramatzagu gaia aztertzen. Azkenean, inbertsio batez ari gara hitz egiten. Udaletxeak gestionatu edo enpresak gestionatu, inbertsioa egin behar da. Kontua da mantentze lana udaleko langile batek egitea edo enpresa batek.
Zergatik ez dira lanpostuak sortzen herrian?
Orain gu sartu ginenean baino 2-3 langile gehiago daude. Beste lan batzuk kanpoko enpresek egiten dituzte eta ez da ezer pasatzen.
Legegintzaldi erdia pasata, hauteskundeak irabazi zenituzten bezala irabazita eta 10 urterako erabakia hartu?
Erabakiak hartzeko daude; batzuetan hamar urterako, beste batzuetan hogei urterako eta beste batzuetan bi urterako hartzen dira erabakiak. Niri informe tekniko batek esango balit hau ilegala dela, ekonomikoko kaltegarria dela… ez genuen hartuko.
Kontratua eteteko aukerarik ba al dago?
Baldintzak betetzen ez badira bai. Oinarriak irakurri ditudanean enpresarentzat nahiko gogorrak direla iruditu zait.
10 urte eta gero, enpresa behartuta al dago urte horietako informazioa udalari pasatzera?
Bai, oinarrietan egon behar du horrek. Udalak eskumen osoa dauka hamar urtean jarraipen osoa egiteko, edozein momentutan informazioa eskatzeko, kontratua eteteko…
Esku-orrian esaten duzue mantenua 24 ordukoa eta urtean 365 egunekoa izango dela. Horrek zer esan nahi du?
Telefonoren batzuk egongo direla suposatzen dut, eta aberiaren bat badago hortik enpresari deitzeko aukera. Jarraipen bat egitera ere etorri beharko dute astean behin edo hamabostean behin. Udaletxeak baloratu beharko du ondo betetzen ari diren beraien lana eta hala ez bada ba zigorrak jartzen hasi behar, eta muturreko kasuan kontratua eten behar.
Azpeitiko Udala bera ari bada egiten, Zestoakoa zergatik ez?
Azpeitiko kasua ez dut ondo ezagutzen, badakit beraiek ari direla argiak aldatzen. Azpeitiko Udalak eta Zestoakoak daukan gaitasuna ezin dira konparatu. Azpeitian askoz ere langile gehiago daude.
Banatu duzuen esku-orrian Zestoa eredu izango dela diozue. Zergatik?
Eredu baino, aldaketa handi bat egingo dugu, oraingo “iluntasunarekin” bukatuko dugu. Gestio eredu hau berritzailea da, Bizkaiko hainbat herritan funtzionatzen du eta gustura daude. Denen gustukoa izango da? Seguru ezetz, baina aldaketa positiboa izango dela uste dugu. Udalak egin zezakeen? Bai, baina gure erabakiaren arrazoiak eman ditugu: bat, uste dugu mantenimendua urteetan justukoa izan dela eta bi, ekonomiko egokiagoa ikusten dugu. Azkenean, bankuaren lana enpresak egingo du.
* * *
Mikel Arregi, oposizio burua, haserre eta kezkatuta agertu da erabakiaren aurrean. Gobernuak gaia behar bezala ez aztertzea eta langileekin eta oposizioarekin ez kontsultatzea salatzen dute. Ez diote zentzurik ikusten herriko langileek egin dezaketen lan bat enpresa pribatu bati emateari.
Argiteria pribatizatzeko erabakiaren aurka agertu zarete, zer dela eta?
Hasteko zerbitzu publikoen gestio publikoa defendatzen dugulako, herritarren interesak ondoen erakunde publikoetatik zaindu daitezkeelako, eta hain era arinean energia publikoaren kudeaketa 10 urterako enpresa pribatu baten esku uztea oso larria delako. Azpeitian, adibidez, udal langileak inolako arazorik gabe ari dira lan berdina egiten eta Zestoan bonbillak aldatzeagatik 10 urterako zerbitzua enpresa pribatu bati oparitzea “pelotazo” hutsa da.
Erabakia oposizioarekin kontsultatu al da?
Justu horixe da egin dutena, kontsultatu. Politikan oposizioarekin kontsultatu baino, kontsentsua lortzen saiatu behar da, eta gurekin ezer hitz egiterako dena erabakita zeukaten. Udal teknikariekin ere ez dute ezertarako kontatu, balizko onura edo kalte ekonomikoen inolako azterketarik ere ez dute egin. Jaso dugun bakarra, kanpoko enpresa pribatu batek egindako kontratazio-oinarrien txostena izan da.
Herritarrei, behintzat, erabakiaren inguruko informazioa banatu zaie.
Benetan lotsagarria iruditu zaigu, plenoan erabakia hartu eta gero alkatearen fikziozko elkarrizketa bat panfleto batean argitaratu dute; panfleto hori nola egin den ere… Beste enpresa pribatu bati eman zaio panfletoa egiteko lana baina guztion diruarekin ordaindu da. Oposizioa, udal langileak eta teknikariak ere erabakiaren aurka eta hala ere Zestoako Udalaren izenean atera dute. Hori onartezina da, Zestoako Udala ez da batzokia eta euren kabuz idatzi bat egiteko ere kapaz ez badira, gutxienez EAJk hartutako erabakiaren propaganda EAJk ordaindu dezala.
Baina oinarrietan datu ekonomikoak agertuko dira, ezta?
Enpresa pribatuak egindako oinarrietan aitortzen da sistema aldaketak lehen unetik gutxienez kontsumoaren %70eko aurrezpena ekarriko duela. Horregatik diogu epe motzean aurrezpen horren onura ekonomikoa udalak aprobetxatu beharko lukeela eta ez enpresa pribatu batek. Kostu eta irabazien arteko azterketarik ez da egiten, 10 urteren buruan enpresak izango lituzkeen irabaziak garbi azalduko liratekeelako. Oinarrietako inbertsioa puztuta dago, hori baieztatzeko zenbakiak ditugu. Hasierako inbertsioa 500.000 euro kalkulatuta dago; Azpeitiko Udalak egindako ordainketetan oinarrituta, inbertsioa 300.000 eurora jaitsi daitekeela uste dugu eta une honetan udalak 1.500.000 eurotako diru gerakina daukala kontutan harturik, gastu horri aurre egiteko ez genuke inolako arazorik.
10 urte eta gero berriro udalaren esku geratuko da argiteria, ezta?
Bai, baina hamar urte pasata argiteriaren inguruko informazioa eta kudeaketa ahalmen guztia galduta izango du udalak, botere guztia galduta alegia. Eta lehen ere, EAJk kale garbiketak pribatizatu eta 10 urte pasa zirenean, zerbitzua berriz berreskuratzeko arazoak izan dira. Oraindik ere udala zerbitzua berreskuratu zenean enpresak jarritako helegiteei aurre egin beharrean aurkitzen da. Enpresentzako sekulako pagotxa da eta epea bukatzean ahalegin guztiak egiten dituzte berriz zerbitzua hartzeko. Bestalde, enpresa hauetako administrazio kontseiluetan begiratu besterik ez dago zenbait alderdi politikorekin enpresa hauek duten harreman zuzena ikusteko.
Jaso dugun informazioaren arabera, ordea, argiterian ematen diren pauso guztiak udaleko zerbitzu teknikoen esku egongo dira.
Hori gobernuak banatutako panfletoan jartzen duen gezur askotariko bat da. Oinarrietan esaten dena da enpresak udaleko zerbitzu teknikoa informatuta izango duela eta informatuta egotea eta pauso guztiak zure esku egotea bi gauza oso ezberdin dira. Gainera, udalari zein informazio mota eman beharko zaion ere ez da zehazten, adibidez hornitzaileekin egindako kontratuen xehetasunak eta abar, enpresa pribatuen neurrira egindako oinarriak dira, eta denok dakigu behin erakunde publiko batek zerbitzu bat pribatizatzen duenean, udalak zerbitzu horrekin duen lotura ere erabat apurtzen dela; izan ere, udala gainean egotekotan zertarako pribatizatu?
Udalak edozein momentutan moztu omen dezake kontratua.
Ez, hori ere panfletoko beste gezur bat da. Zestoako alkatea, plenoan argi geratu zen bezala, ez da gai Zestoak urtean zenbat kilowatt kontsumitzen dituen esateko ere, ez da Iberdrolari urtean argiteria publikoagatik zenbat ordaintzen zaion esateko gauza ere. Alkateordeari ere plenoan interpelazio zuzen bat egin zitzaion eta isilik gelditu zen. Oinarrietan garbi jartzen du Zestoako Udalak kontratua mozteko aukera bakarra enpresak zerbitzuaren kudeaketan egindako akats larri batengatik bakarrik izan daitekeela, eta hortik kontratua edozein momentutan mozteko aukerara alde handia dago.
Argiteria pribatizatuta, sistema aldatzeko EEE-ren (Energiaren Euskal Erakundea) diru-laguntza jasoko da, ezta?
Udalak kudeatuta ere, diru-laguntza jasoko litzateke. Azpeitiko Udalak berak egin du sistema aldaketa eta EEE-ren bitartez laguntza berdin-berdin jaso du.
Udal gobernuaren iritziz Zestoa eredu izango da.
Gure inguruan argiteriaren kudeaketaren ardura enpresa pribatu bati ematen lehenak gara eta hori eredu da? Izatekotan ere, EAJren gaitasun publiko ezaren seinale litzateke, izan ere gestio publikoa enpresa pribatuen esku utzita, zertarako behar ditugu politiko profesionalak erakunde publikoetan? Bestalde, panfletoan jartzen du denok irabazten ateratzen garela, enpresa pribatu batek bere onuran baino udalaren onuran pentsatuko duela uste duzue?
Pribatizazioarekin ados ez bazaudete, zein da zuen aukera?
Gure ustez, eta udal langile eta teknikariek adierazi bezala, udalak badu nahikoa baliabide, berritze lan hauek egiteko. Gure iritziz, herriko brigadak egin dezakeen lan bat kanpoko enpresa bati emateak ez du zentzurik. Bestalde, datorren urtean udalak Iberdrola multinazionalarekin duen hitzarmena amaitzen da eta eredu jasangarriago baten alde lanean ari diren energia kooperatibekin hitzarmena egitea litzateke onena, zenbait udalek egin bezala, Goienerrekin adibidez. Zoritxarrez, gobernuak hartu duen neurriarekin, gutxienez 10 urtean Zestoan gure estrategia energetiko propioa garatzeko ahalmenik gabe geundeke.
* * *
Udal langile guztiek bat egin dute eta udal gobernuak hartutako erabakiren aurka agertu dira mozio baten bidez. Erabakia hartzeko orduan ez dituztela kontuan hartu diote, beraiekin elkartzerako, erabakia hartuta zegoela. Irati Peñagarikano aparejadorearekin, Xabier Mujika brigadako enkargatuarekin eta Aitor Alberdi brigadako argiteria arduradunarekin elkartu gara.
Udal langileei erabakiaren berri eman zitzaienerako erabakia hartuta zuten inpresioa dauka Peñagarikanok: “Teknikoekin eta langileekin elkartu dira baina iritzia eskatzeko baino, datuak eskatzeko”. Behin erabakiaren berri jakinda, langile guztiak erabakiaren aurka zeudela edo behintzat birplanteatu egin behar zela ikusi zuten, eta hobeto pentsatu behar zirela gauzak erabakia hartu aurretik. Oinarriak ikusi zituztenean, langileen ordezkaritzak bilera bat egin zuen eta mozio bat atera zen langile guztiek sinatuta.
Mujikak azaldu digu argiteriaren kudeaketa enpresa pribatu bati pasako ote zitzaion zurrumurruak zabalduta zeudela langileen artean. Egoera ikusita, udal gobernuari azalpenak eskatu zitzaizkion baina lasai egoteko, gaiaren inguruan informatzen ari zirela eta printzipioz ez zela horrelakorik ikusten esan zioten, baina azkenean ez da hala izan: “Bigarren aldiz elkartu nintzenerako nahiko lotuta zutela ikusi genuen”.
Langileen arabera, gobernuak dio orain arte mantentze egoki bat ez dela eman eta aldaketaren arrazoietako bat mantentze-lana hobetzea dela. Alberdik eta Peñagarikanok azaldu digute beste lehentasun batzuk egon direla eta argiteria publikora bideratutako diru-partidak ez direla oso handiak izan orain arte: “Oso baliabide gutxirekin jardun gara ahal duguna egiten. Miserian aritu behar izan dugu”. Langileen iritziz, inbertsioa eta mantentzea guztiz lotuta daude: “Gobernuak bestelakoa badio ere, dirurik ez badago zaila da mantenua”.
Erabaki politikoa hartuta dagoela diote baina kontu tekniko asko airean daudela ikusten dute: “Ez dakigu nola berreskuratu daitekeen informazioa kontratua bukatutakoan, berreskuratzea baldin badago… Zalantza asko ditugu, gero nola izango diren gauzak ez digute esaten, ez dakigu eskurik sartzea izango al dugun hainbat kontutan; adibidez, argiteria publikoko koadrotan beharra dagoenean”.
Aparejadoreak nabarmendu nahi izan du sistema aldaketak ez duela inongo zailtasunik: “Oso lan erraza da eta oraingo langileek edo langile berriak kontratatuta, edozein herritarrek egiteko modukoa da, ez da formazio berezirik behar”.
Egin zaitez bazkide