Paperekoa
BOLIVIARA HAZI BAT LANDATZERA
— 2017-11-02Aintzane Diaz Jauregi. Hogeita bost urte. Psikologia gradua eta gizarte integrazioko goi mailako ikasketak ditu. Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2017 Programan izena eman eta hautaketa prozesu baten ondoren ehun aukeratuetatik bat izan da. Beka baten bidez, hiru hilabetez atzerrira joateko aukera izan du, beharra dutenei laguntza boluntarioa eskaintzera. Aintzane Haizea Arbelaitzekin batera joan da. Oiartzungoa da Haizea, eta farmazia ikasketak ditu. Biak Cochabamban izan dira, Bolivia erdigunean. Ez da Aintzanek lur horiek zapaltzen dituen lehenengo aldia. 2013an Santa Cruzen bizi izan zen sei hilabetez, Latinoamerikako Mugikortasun Programa unibertsitate beka baten bitartez, psikologiako ikasketak egiten. Lurreratu berritan harrapatu dugu Aintzane, oroitzapenak eta emozioak oraindik pil-pilean dituela, eta han bizitako esperientzia kontatu digu.
Cochabamban izan zara, Bolivian, baina zein zentrotan zehazki?
Gu Comunidad Terapeutica Puntiti zentroan egon gara. Hermanas Hospitalarias ahizpen kongregazioaren zentro bat da. Mundu osoan hainbat zentro dituzte, eta Arrasateko Aita Meni zentro psikiatrikoaren adar bat da.
Proiektu hori zeini zuzendua dago?
Proiektu hori aniztasun funtzionala duten haurrei dago zuzendua. Haur horiek menpekotasun maila altua dute hiru arlotan. Batetik, arlo sozialean, haur instituzionalizatuak dira, hau da, gobernuaren esku dago euren zaintza. Umezurtzak, tratu txarren biktimak edota abandonatuak dira. Bestetik, arlo psikikoan, adimen urritasun sakona dute. Eta azkenik, arlo fisikoan, haur horiek gurpil aulkietan edo egoera begetatiboan aurkitzen dira. Berez, zentroko hemezortzi urte bitartekoentzat da. Bereziki ezaugarri horiek dituzten haur kolektiboarekin egon gara, baina badaude ezaugarri horiek ez dituzten haurrak ere; berez, talde horretan egon beharko ez luketenak. Esaterako, hiperaktibitatea duten hiru haur eduki ditugu zentroan eta hemezortzi urtetik gorako gazteak Puntitin jarraitu behar izaten dute, Bolivian arlo sozialean dagoen baliabide faltagatik.
Zer zeregin izan duzue proiektuaren barruan?
Errutina izan da gure bizimodua, goizetik gauera. Umeek euren ordutegiak dituzte eta guztia horren arabera egiten genuen. Goizeko zortzi eta erdietan hasten ginen gosariak ematen eta ondoren, sukaldea garbitu, haurrak oinez egitera eraman, bazkaria eman, eskolako lanak egiten lagundu, harreran egon, haurrekin jolastu, afaria eman eta oheratu egiten genituen. Gure zereginaren helburua egunerokotasun horretan, haur eta gazteen bizi kalitatea hobetzea zen. Lan asistentziala zen batez ere, higienea eta elikaduraz arduratzen ginen gehienbat, baina aisialdia sustatzea zen gure zeregin nagusietako bat.
Zer adar nagusi ditu proiektu horrek?
Hiru adar nagusi ditu egoitzak, hiru lan esparru.
Batetik eguneko zentroa dute. Haurrak goizeko bederatzietatik hamabi eta erdiak arte egoten dira han eta ondoren etxera itzultzen dira. Zentro horrek bi helburu nagusi ditu. Bat, amak haurren zaintzatik pixka bat askatu besteak beste, horien lan-munduratzea sustatuz, aniztasun funtzionala duten haurren abandonua gutxitu eta prebenitzeko. Eta bi, haurren bizi kalitatea hein batean hobetzea. Helburu hori konplexua bilakatzen zen baliabide faltagatik. Izan ere, gela txiki batean hogeita bost haur egoten dira urtebete eta bederatzi urte bitartekoak eta bi zaintzaile. Gure lana, haurren zaintzan zentratu da batez ere; tratamendu, errehabilitazio eta hezkuntza baliabideak oso urriak baitira.
Bestetik, han bizi diren haurren egoitza dago. Haur horiek abandonatuak, tratu txarren biktimak edo umezurtzak dira. Zentroaren helburua haurren oinarrizko beharrak asetzea eta bizi kalitatea hobetzea dira. Horretarako, zaintzaileen eta talde teknikoaren ezinbesteko lana aipatu nahiko nuke: medikua, odontologoa, erizainak, psikologoa, logopeda, fisioterapeuta, etab. Hirurogeita hiru haur bizi dira egoitzan.
Landa eremuan ere bada zereginik ezta?
Bai, hilean behin edo bitan, talde teknikoa eta ahizpa bat hiritik ordubete ingurura dauden herrietara joaten dira anbulantzia espezializatu batean. Han, detekzio, errehabilitazio eta heziketa lanak egiten dituzte aniztasun funtzionala duten haurren familiekin. Landa eremuan, familia asko txabola moduko bizilekuetan bizi dira. Gurasoek ez dute ez tresna ezta estrategiarik ere haur horien heziketa bultzatzeko eta baldintza oso eskasetan aurkitzen dira. Gu iritsi ginenean, Melba izena duen komunitate batean ari ziren lanean. Lehenengo aldiz joan zirenean, urte eta erdi inguruko haur bat balde batean aurkitu zuten, higiene faltagatik zarakarrez josia, eta garapenean atzerapen sakona zuela konturatu ziren. Marilene ahizpak xaboia eta esponja batekin amari umea garbitzen erakutsi zion eta higiene egoki bat izateko jarraibideak eman zizkion. Ondoren, ospitalera eraman zuten haurra, eta han ospitaleratuta egon behar izan zuen denbora batez.
Sentsibilizazioren arloa ere lantzen dute. Unibertsitatera eta eskoletara joaten dira hitzaldiak ematera. Zentroan ezinbestekoa da boluntarioen lana; beraz, hitzaldiekin, gizartea sentsibilizatzeaz gain, boluntarioak lortzen saiatzen dira.
Baliabide aldetik zer moduz dago zentroa?
Zentroko azpiegiturak oso oinarrizkoak dira. Orain arte ez zuten isolamendu gelarik; haur bat gaixotzen zenean beste haur guztiekin batera egoten zen gela berean. Gu iritsi ginean, guztion artean isolamendu gela bat egokitzea lortu genuen. Haurrek dituzten behar bereziak kontuan izanda, ez dago ezer eurentzat egokituta; ez dago garabirik haurren mugikortasuna errazteko, oheak, ateak, sarrerak, komunak, dutxak… ezer ez dago menpekotasuna duten pertsonentzat egokituta. Erabiltzen dituzten gurpil aulkiak ere zaharkituak daude eta arazo larriak dituzte pixoihalekin, haur guztiek behar izaten baitituzte, eta oso garestiak direnez ezin dituzte behar dituzten adina erosi.
Baliabide pertsonalak ere oso mugatuak dira, borondatezko lanari esker egiten dute aurrera, baina ez da konstantea izaten.
Baliabide estrategikoei eta metodologikoei dagokienez, hezkuntza jokabideak kontrolatzeko teknikak aplikatzean estrategia oso gutxi erabiltzen dituzte, pertsonal eta baliabide faltagatik. Erabiltzen duten teknika nagusia euste teknika da, hau da, ume batek haserrealdi bat duen aldiro gerriko batekin haurra hormara lotzean oinarritzen den teknika. Jokabide problematiko bat dagoen bakoitzean aplikatzen da teknika hori. Horrez gain, euste kimiko edo farmakologikoak daude: haurrak hipermedikatuak daude eta den-denek hartzen dituzte antiepileptikoak, antsiolitikoak edota antidepresiboak, besteak beste.
Zuretzat zer izan da esperientzia horretako ikasketarik zailena?
Batetik, lan metodologian integratzea oso zaila egin zait. Eta bestetik, haiek bizi diren testuingurua eta ni joan naizen testuingurua kontuan izanda, eraginkorra izateko modua aurkitzea egin zait zaila. Izan ere, soilik hiru hilabeterako joan naiz.
Handik itzulita, han bizitakoa gogoratzean, zer hausnarketa egiten duzu?
Hasieratik, nire helburua zer eskaini nezakeen jakitea izan zen, nire tokia bilatzea. Itzuli aurretik mediku batek esan zidanarekin geratzen naiz: “Zure hazia landatu duzu hemen egon zaren denboran, eta espero dugu guk zaindu dugun hazi horretatik landare polit bat jaioko dela”.
Reyna Alejandra Paz Salvador
Nire izena Reyna da. zortzi urte ditut eta Puntitin bizi naiz. 2010. urtean nire ama biologikoak “Sagrada Familia” ate parean utzi ninduen, autoaren barruan. Ohar bat utzi zuen nire ondoan, ni han uzteko arrazoiak azaltzen zituen: beste hiru seme-alaba izatea, aitak etxetik alde egitea, baliabide ekonomikoaren eskasia, etab. Bizilagunek aurkitu ninduten, eta poliziari deitu zioten.
Hilabete batzuetara, nire negar amaigabeak zirela medio, ospitalera eraman ninduten eta Garun Paralisi Sakona diagnostikatu zidaten: ez naiz gai nire beharrak adierazteko, ez dut soinurik igortzen, ezta inolako mugimendurik egiten ere; ez dut ikusten eta apenas entzuten dut; botoi gastriko bidez elikatzen naiz eta arnasteko zailtasun handiak ditut.
Luis Vargas Cortéz
Nire ama biologikoa, zortzi urterekin umezurtz gelditu zen eta orduz geroztik kalean bizi da babesgabetasun egoeran. Langile sexuala da eta kontsumo arazoak ditu; besteak beste clefa kontsumitzen du. Clefa Bolivian modu kolektiboan kontsumitzen den droga bat da, “droga merkea” gisara ezagutzen da. Nire ernaldian, amaren kontsumo ohiturek, eragin zuzena izan zuten nire osasun egoeran. Izan ere, gaur egun Espektro Autismoa Nahastearen diagnostikoa daukat: ez dut hitz egiten, laguntza behar dut oinarrizko beharrak asetzeko.
Sara Matsutani Arrizabalaga
Egin zaitez bazkide