Paperekoa
KabeZ U L O maiteminduaren film laburra
— 2017-11-02Borondatezko lanean oinarritu, baina maitasun handiz egindako lan bat aurkeztu digute Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola azpeitiarrak urrian, beraien aurreneko film laburra. Z U L O du izena 14 minutuko labur mutu honek eta sinple esanda buruhandi bat eta neska baten arteko maitasun istorioa kontatzen du. Ezin dela gehiago aurreratu esan digute, bestela dena kontatzen omen da.
Amancayk beti eduki du zinea egiteko gogoa, “zinea faszinatzen nauen formatu bat da; zineko musika, aktuatzea, zuzendaritza…”. Erikarekin suertatu zaio aukera, biak antzerki mundutik datoz. Azpeitiarrak, Z U L O buruhandiarekin maitemintzen den neskaren papera ere egiten du. Oso argi eduki dutela diote momentu oro, bakoitzaren zereginak zein ziren: “Forma ematen hasi ginenean biok jardun genuen lanean, gero ni protagonistetako bat izatea erabaki genuen, beraz, grabaketa garaian Amancayk egin du zuzenketa lana”.
Mikel Ibargurenek berriz Z U L O buruhandiaren papera bete du: “Buruhandi baten sartu eta hau gorpuztea zen nire helburua, buruhandi horren bizitza islatu nahi izan dut, benetako irudikapena eskainiz, jendeak tipo bat dago hor barruan esan gabe”. Lan asko egin behar izan dute buruhandiak beti aurpegi bera duelako eta dena gorputzaren bidez espresatu beharra zegoelako. Gainera, Ibargurenen begiak, buruhandiaren ahoan daude, eta Zuloren begiak berriz oso goia. “Poliki-poliki aztertzen eta deskubritzen joan gara zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez”.
Lehen grabaketa eguna ez dute ahazteko, Kristina Enean, ondo entzun eta ikusi ezin zuten buruhandi mordoa… antzerkian keinu txiki batekin zuzen daitekeena, hemen ezinezkoa zen.
Galtzen ari den mundu bat deskubritu dute. Mundu herrikoi ezezaguna. Lehen, herri bakoitzaren izaera aintzat hartuta egiten ziren buruhandien irudiak, jada, herri askotan berdinak daudela diote. Zestoakoak erre egin omen ziren.
Filmerako udaletxeetara deitu eta buruhandien casting moduko bat egin zuten, 50 lortu arte. Oiartzungo konpartsek utzi dizkiete hogeiren bat edo. Herri bakoitzean mundu hau oso modu berezian eta pasioz bizi duten bolondres taldeak aurkitu dituzte, denengan interes berezia piztu du proiektuak eta horrek filmari egundoko ekarpena egin dio.
Buruhandietan adituak diren Irungo Garate anaiak artisauek egin zuten Z U L Oren buruhandia eta Azpeitiko Paradisu Zinema taldeak diru laguntzatxo bat eman zien hau ordaintzeko.
Edizio lana TAOMek egin du, hauentzat ere lehen film laburra izan da eta ideia gustatuta, borondatez egin dute lan. Josu Torrealday ezaguna zuten Grises musika taldeko argazki lanetatik eta berak egin du zubi lana. Torrealday, argazki zuzendaria, istorio honi bizia emateko oso pertsona garrantzitsua izan dela esan digute. Ikuspuntu berezi bat eman dio eta aktore lanetan ere jarri da. Aitor Guerrerok efektu bereziak sartu dizkio, Karlos Trijueke kamara eta editore lanez arduratu da eta Jagoba Ormaetxea soinuaz. Eñaut Gaztañaga eta Raul Olaizolak ere beraien ekarpena egin dute musika joz.
Aurkezpenak
Urte hasieran edizio lanak bukatuta, lehiaketa ezberdinetara aurkeztu dute proiektua, baita maila internazionalean ere eta momentuz aukeratuak izan dira Euskal Zine Bileran, Enkarzine eta Zaragozako zine jaialdirako. Lan oso berezia denez, jendeak nola hartuko duen jakiteko irrikaz daude.
Jone Bergara
Egin zaitez bazkide