2017ko aurrekontuak eta gure kezkak
— 2017-04-29Zestoako udalak 2017ko aurrekontuak onartu berri dituela eta, era laburrean bada ere, Ehbilduk abstentzioaren aldeko hautua egin izana azaldu nahi du.
Aurrekontu orokorraren zatirik nagusiena gastu arrunt gisa ulertzen den multzoak eraman ohi du (pertsonala, zerbitzuak, mantenimendua…) eta gure aldetik banaketa egiterako orduan aldagairen bat aldatzea komenigarria ikusi dugun arren, planteamentu nagusiarekin ados egon gintezke. Bide batez, esan dezagun azken urteetan bideratu denarekin alderatuta aldaketa handiegirik ez dugula ikusi.
Ezadostadun edo kezkarik nagusienak inbertsio eta kanpoko eragiletzari zuzendutako partidek sortzen dizkigute. Izan ere, Udal Gobernu honek kudeaketan dituen hutsune eta gabezi nabarmenak ikusita, kanpoko eragileei (iraurgi berritzen, aholkularitza talde pribatuak…) bideratutako 105 mila eurotako diru kopuruari, behar bezalako etekinik ateratzeko gaitasunik politikorik ez bada, aipatu eragileek egindako lana kajoietan ustelduko da.
Zestoako Udala iaz bihurtu zen Iraurgi Berritzen garapen ajentziako kide eta bere garaian Ehbilduk, besterik gabe kidetza hori egiteagatik ordaindu beharreko prezio ekonomikoak izan zitzakeen arriskuaz ohartarazi zuen. Gure ustez, negoziatzen saiatu ere egin gabe hartu zuen gobernuak Iraurgi Berritzenen sartzeko erabakia. Bi urtez proba gisa kuotarik ordaindu gabeko aurretiazko kidetza egiteko aukera ere aztertu gabe, jarritako prezioa txintik esan gabe ordaindu zen eta erakunde hortako herri nagusiei aurre egiteko gaitasunik gabe, guk jarritako dirua Azpeitia eta Azkoitiak balia dezakete. Gaur da eguna, ikastaro edo formakuntza saio ezberdinetara ezinbestean herritarrak Azpeitiara edo Azkoitiara joan behar izaten dutena, Zestoako Udalak oraindik ere herrian bertan bulegoa irekitzeko eskaerarik ere egin ez duenean.
Inbertsio nagusiei dagokionez, Idiazpi eta Zubimusu auzoetako irisgarritasuna hobetzeko igogailua eta kiroldegiaren eraberritzea egin beharrezkotzat jotzen ditugu. Halere, Foru Aldundiari behar adina lata ematen ez bazaio, udalaren altxortegian sarraski handiegia egiteko arriskua dago eta antzeko proiektuetan egin beharreko esfortzu ekonomikoa behar bezala doitzen ez bada, udala datozen urteetarako erabat hipotekatua gera daiteke eta plazako barrerekin gertatzen ari dena ikusita, ditugun susmoak betetzeko zantzu gehiegi daudelakoan gaude.
Bestalde, aurrekontuak onartzeak, hauen jarraipen eta kontrol egokia ematea suposatu beharko luke, bada orain artekoak ikusita, ez da ez jarraipenerako eta ez kontrolerako neurririk hartu eta iaz onartutako hainbat partidetako dirua, gaizki, berandu eta oker kudeatzeaz gain (alokairu soziala, memoria historikoa…) beste gastu batzuk ordaintzeko erabiltzeko ohitura txarra hartzen ari da gobernua.
Gauzak horrela, eta EAJk izan dituen azken dimisioak tarteko luzaroan izan dugun “enpateak” blokeorako aukerarik sortu zezakeen arren, erantzukizunez jokatu eta abstenitzea erabaki dugu. Dena dela, onartu diren aurrekontuen jarraipen eta exekuzio zehatza egitea eskatzen jarraituko dugu.
Egin zaitez bazkide