Albisteak
580 ikusletik gora bildu ditu aurtengo Antzerki Asteak
— 2018-07-04Ekainaren 24a eta 30a bitartean, antzerki obra ezberdinez bete zen Kultur Etxeko areto nagusia. Guztira, bost antzezlan izan dira ikusgai eta 580 ikusletik gora bildu ditu aurtengo Antzerki Asteak. Amancay Gaztañaga Zestoako Interpretazio Eskolako zuzendariak izandako harrerarekin “oso gustura” daudela azaldu du. “Gero eta jende gehiago ari da hurbiltzen Antzerki Astera. Beti etortzen den jendeaz gain, jende berri asko ikusi dugu aurtengo edizioan eta horrek Antzerki Astea zabaltzen ari dela esan nahi du” dio Gaztañagak.
Dena ez da positiboa ordea zuzendariarentzat. “Antzerki Astea handitzen ari da baina gu geroz eta muga gehiagorekin topatzen ari gara” adierazi du. Obrak sortzeko, entseguak egiteko edota kanpotik konpainia bat ekartzekorako orduan zailtasun handiak dituztela azaldu, du lekua oso txikia baita. Bestalde, urteko garai honetan aretoan egiten duen beroa ere nabarmendu du. “Udan bero izugarria egiten du eta neguan hotza. Antzerki Asteko ikusleak ahal den ondoen egotea nahi dugu eta hori askotan ez da posible. Horrek badu konponbidea baina ez digute kasurik egiten. Antzerki Astearekin jarraitzea nahi bada, gauzak urtetik urtera hobetu egin beharko dute, bestela hau guztia pixkanaka hiltzen joango da” adierazi du Gaztañagak.
Antzerki Astean izateko aukera izan ez dutek “Elurra” antzezlana ikusi ahalko dute datorren azaroan Azpeitian egingo diren XXXVI. Euskal Antzerki Topaketetan.
Argazkia: Manu Izeta
Egin zaitez bazkide