Albisteak

Martxo Morea antolatu du Arroabeko talde feministak

Arroabeko talde feministak Martxoa Morea antolatu du eta ostiral honetan emango diote hasiera ekintzez betetako hilabeteari. “Denok gara langileak” argazki erakusketaren irekiera ekitaldia egingo dute ostiralean. Arratsaldeko 18:00etan izango da hitzordua, eskola txikian. Iluntzeko 22:00etan berriz, “Arroa Beheko emakumeak kontu kontari” dokumental emanaldia izango dute.

Martxoaren 7an, genero-rolak lantzeko tailerra egingo dute. Bost urtetik gorako haur eta nerabeei zuzendutako saioa izango da. Tailerraren helburua, auzoko haur eta nerabeekin genero-rolen inguruan hausnartzea da. Horretarako, eztabaidak, marrazkiak, antzerkia eta kolore ezberdinetako ariketak egingo dituzte. Arratsaldeko 17:00etan izango da, eskola txikian.

Iganderako, berriz, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizeko 10:00etan kafe tertulia eta pankarta tailerra egingo dituzte. 12:30ean, kazerolada plazan eta 14:00etan bazkaria Ederki elkartean. Ondoren, Donostiako manifara joango dira. Ekintza hauek ez dira mistoak izango.

Azkenik, hilabeteari amaiera biribila emateko, “Erradikalak ginen” emanaldia eskainiko dute Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak hilaren 27an, iluntzeko 22:00etan hasita, salto gelan.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide