Albisteak
[ELKARRIZKETA] Ane Urresti: “Luze joango dela dirudi eta penaz, baina, itzultzea erabaki dut”
— 2020-03-27Ane Urresti (Narrondo, 1989) urtebeterako joan zen Eskoziara ingelesa ikastera. Motzegi iritzita urte eta erdi zeraman han. Abuztuan zen etortzekoa, baina, kontu honi luze joko duenaren itxura hartu eta hemen da dagoeneko. Presaka etorri da, ordea, eta jende asko agurtzeko modurik ez du izan. Dena pasatzen denean, bai ala bai joango dela berriz bixitan dio.
Non harrapatu zaitu Koronabirusak?
Oban izeneko kostako herri txiki batean, Edinburgo baino gorago, hiru bat ordura edo.
Zer egiten zenuen han?
Haur eskola batean ari nintzen lanean. Ingeles maila hobetzera joan nintzen. Haur hezkuntza ikasi nuen, baina, leku pribatuetan lan egiteko ingelesa eskatzen dute eta hemen akademian nenbilen baina kanpora joatea erabaki nuen. Hasiera gogora izan zen. Maila baxu xamarrarekin joan nintzen eta ez nuen ezer ulertzen. Hostel-etan boluntario hasi nintzen, lo egiteko lekuaren truke eta sei hilabete egin nituen. Asko hobetu nuen turistekin-eta. Behin maila hartuta, lan bila hasi nintzen; sukalde batean, hotel batean eta ekainean hasi nintzen haur eskola horretan.
Noiz hartu duzu erabakia?
Asteburu osoa bueltaka ibili nintzen erabaki ezinda. Astelehenean erabaki nuen etortzea eta asteartean irten nintzen handik. Aurreko ostiralean esan ziguten haur eskola itxi egiten zela, aste hau haurrentzat itxita egongo zela, baina, ostiral honetan irekiko zela zaharrak eta menpekotasunak dituztenak zaintzera eta ospitaletara lanera joan beharra zutenen seme alabentzat. Baina gero, astelehenean bidali ziguten mezu bat esanez, ez joateko lanera abisatu arte.
Nola joan da buelta?
Astelehenean hegaldiak begiratzen hasi nintzen eta Edinburgotik ez zegoen zuzenean Bilbora hegaldirik, Amsterdamera eta horrela zeunden eta ez nuen arriskatu nahi. Hiru eguneko bidaia izan da. Aurrena Edinburgora joan nintzen, gero Edinburgotik Londresera autobusean. Londresetik bakarrik zeuden hegaldiak Bilbora zuzenean eta Erresuma Batu barnean hegaldiak bertan behera gelditu dira. Asteartean atera nintzen handik eta ostegunean iritsi nintzen etxera.
Tartean ez duzu arazorik izan lo egiteko lekua bidaltzeko?
Edinburgon logela bat hartu nuen eta ez zidaten arazorik jarri. Glasgown bigarren saiakera bat egin behar izan nuen lo egiteko lekua aurkitzeko, aurreneko eskaera bertan behera gelditu zelako. Beldurrez egin dut bidaia osoa, ziurtasunik gabe. Hegaldien berri jakiteko ere enbaxadara deitu nuen eta nire konpainiak kontrakorik esan ezean aterako zela esaten zidaten baina…
Nola dago han egoera?
Han hemen baino beranduxeago doa dena. Orain hasi dira aurreneko kasuak agertzen baina hotel eta pub guztiak itxita daude eta langabezia handia dago. Konfinamendua ostiralean hasi zen baina esango nuke hemengoa baino malguagoa dela. Tarteka kirola egitera ateratzea gomendatzen dute…
Egin zaitez bazkide