Albisteak

‘Iluntzean’ antzezlanarekin eman diote hasiera Antzerki Asteari

‘Iluntzean’ obraren amaiera Caravan Parken. (Eromen)

Aste guztian zehar bost antzerki obra ezberdin eta mahai-inguru batez gozatzeko aukera izango da.

Lesakako Mairu Antzerki Tailerreko kideek Iluntzean obrarekin eman zioten atzo arratsaldean hasiera Zestoako Antzerki Astearen bederatzigarren edizioari. Harrera bikaina izan du aurtengoan ere egitasmoak.

Gaur, bihar eta etzi, Iñigo Dierezek idatzi eta Amancay Gaztañagak zuzendutako Guateke antzezlana jendaurrean aurkeztuko dute arte eszenikoen eskolako kideek. Uztailaren 2an Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen izenburupean antolatutako mahai-ingurua gidatuko du Zuriñe Maguregi Mondragon Unibertsitateko irakasleak. Aizpea Goenaga, Olatz Beobide, Erika Olaizola eta Nerea Arriolak hartuko dute parte. Arratsaldeko 17:30ean izango da saioa, Kultur Etxean. Iluntzean, berriz, Artedrama konpainiaren Atzerrian lurra garratz antzezlana plazaratuko dute.

Uztailaren 3an, Xake Produkzioak taldeak sortutako Fadoak entzuten zituen gizona obra eskainiko dute. Azkenik, antzerki asteari amaiera biribila emateko, arte eszenikoen eskolako gaztetxoek  Santiaga antzezlana antzeztuko dute uztailaren 4an. Antzezlan guztiak Caravan Parkeko pabiloian izango dira eta arratsaldeko 20:30ean hasiko dira, hasieran iragarrita baino ordu erdi beranduago.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide