Albisteak

Danel Lauzirikak Aizarna eta Zestoan landutako eleberri laburra aurkeztuko da datorren ostegunean

Euskarazko sorkuntza sustatzeko asmoz,”Guretik sortuak” proiektua jarri zuen martxan iazko urtarrilean Udalbiltzak. Euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala da “Geuretik sortuak”. Besteak beste, idazle, zinegile edota antzerkigileen egonaldiak sustatu dira Euskal Herriko hainbat udalekin elkarlanean. Hautatutako artistek euren bizilekua ez den herri batean hilabete inguruko egonaldia egin dute, herriaren errealitatea oinarri hartuta edota herriarekin batera hitzartutako gai baten inguruan, euskarazko sormen lan bat garatu ahal izateko.

Danel Lauzirika idazle bizkaitarrak Zestoan egin zuen egonaldia: ekainean herrigunean izan zen eta uztailean, Aizarnan. Eleberri labur bat mamitu du Lauzirikak herrian. Doinuak, soinu-bandak, tinbreak, 1990eko hamarkadako gizartea, orduko musika, herriko hamalau hotelak, baserriak, jendea, herriko txokoak, herri euskaldun bateko bizimodua, droga, ETA, Txitxarro, Varela jenerala eta, batez ere, mutu geratzen den pertsonaia bildu ditu eleberrian. Lauzirikarena eta, oro har, “Geuretik sortuak” proiektuan parte hartu duten idazleen lanak “Hamazazpigarrenean aidanez” izeneko liburu bikoitzean daude jasota eta datorren ostegunean, otsailak 17, arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko da lana Zestoan, Alonderoko udal aretoan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide