Albisteak
’39 lore’ liburua aurkeztu du Amancay Gaztañagak Zestoan
— 2022-03-25“Feminismotik (H)astea!” egitarauren baitan, ’39 lore’ liburua aurkeztuko zuen atzo arratsaldean Amancay Gaztañagak. Jakin-mina piztu zuen aurkezpenak eta hainbat herritar bertaratu zen Portalera. Gaztañagarekin batera izan zen Goizane Barroso Eromen taldeko produkzio arduraduna elkarrizketatzaile lanetan. Elkarrizketaz gain, liburuan jasotako ’39 lore’ antzezlana irakurri zuten Eromeneko kideek Gaztañagarekin batera.
Susa argitaletxeak eta Ehazek elkarlanean argitaratzen duten Ganbila bildumaren barruan plazaratu du lana. Liburua hiru zatitan banatutako triptiko bat da. Lehen zatia, saiakera bat da, eta emakumeek sorkuntzan ze oztopo aurkitzen dituzten kontatzen da. Horrez gain, euskaraz lan egiten duten antzerkizaleek dituzten eragozpenei buruz ere aritu da Gaztañaga. Bigarren zatia, ’39 lore’ izeneko antzezlana da eta hirugarrena, bestiarioa da. Bertan, antzezlanean agertzen diren pertsonaiei buruz hitz egin du Gaztañagak. Azken zati horretan, Arrate Rodriguezek egindako ilustrazioak ere ageri dira.
Egin zaitez bazkide