Albisteak
[ZUTABEA] Hitz egin, hitzekin!
— 2022-05-17Urtebete gehiagoz itxaron ondoren, pasatu da Korrika. Beti gogoratzen naiz AEKn ibili nintzen garai haietan zenbat kostatzen den antolatzea, eta eguna iristean zein azkar pasatzen den herritik. Zestoan ere jende askok hartu zuen parte, nahiz eta goizeko ordu txikietan igaro. Korrikak badu zerbait berezia, denongan irrika eta poza sortzen dituena. Irudipena dut, ordea, Korrika pasatu bitartean bakarrik irauten digula gure hizkuntzarekiko poz horrek.
UEMAK Zestoako kale erabileraren azken neurketen emaitzak kaleratu berri ditu. 2021eko maiatzeko kale neurketan jasotako datuak 2017koekin alderatu dira, eta emaitzak argi dio: umeen artean hamabi puntuko galera izan du euskararen erabilerak, nahiz eta hamarretik zortzi euskaraz entzun dituzten. Heldu nagusien artean ere jaitsiera dago, eta beste hiru adin tarteetan, berriz, igoera.
Badirudi euskaraz hitz egitea ez dagoela “modan”. Amorrua ematen didan gauzen artean dago ingelesezko hitzak erabili behar hori. Gimnasiora joan behar badugu bizikleta estatikoan ibiltzera, “cycling” edo “spinning” egitera joango gara. Gure herria ezagutarazteko esaldiren bat asmatu behar badugu, ezin du euskaraz soilik izan, zerbait ingelesez behar du. Eta ez dut uste horrek mesede egiten dionik euskarari; alderantziz, hizkuntzak berak duen balioa kentzen dio.
Benetan du balioa gure hizkuntzak. Guk sehaskan jaso dugu, gure aurrekoek erakutsi digute. Ez dugu esfortzurik egin behar izan ikasteko, gure lana hizkuntza bizirik mantentzea besterik ez da, eta horrekin batera, gure ondorengoei transmititzea. Baita benetan hizkuntza zahar bat mantentzeak duen garrantziaz ohartaraztea.
Nere miresmen osoa dute euskaraz ikasi duten eta ikasten ari diren guztiek. Haiek esfortzu handi bat egiten ari dira herri zahar honetako hizkuntza bizirik mantentzeko. Euskara ama hizkuntza dugula esaten dugunok ere egin dezagun ba ahalegina gure hizkuntza gal ez dadin. Erabil dezagun, sinets dezagun ez dagoela modaz pasatuta, jabetu gaitezen hizkuntzak herri egin gaituela.
Erkuden Larrañaga
Egin zaitez bazkide