Albisteak

Zestoako Udalak komunikatua kaleratu du zenbait langileren greba egoera dela eta

Zestoako Udalak behin behineko egoeran aurkitzen diren langile batzuen greba egoera dela eta, greban dauden langileak zabaltzen ari diren zenbait
informazioren aurrean, gauza batzuk argitzeko komunikatu hau helarazi dio Danbolini

Greba ELA sindikatuak deitu du
Udal gobernuak egindako agerraldian, xehetasun sindikaletan ez sartzea erabaki bazen ere, eta hainbat gauza ezkutatu nahi direla ikusirik, lehenik eta behin greba deitu duena ELA sindikatua izan dela argitu behar da. Guk dakigula LAB sindikatuak ez du inondik ere greba honekin bat egiten.
Greba hau oso modu xelebrean deitua izan dela ere adierazi nahi du Zestoako Udalak. Izan ere, ez delako inolako langileen batzarrik egin eta udaleko langile guztien ordezkaritza sindikala ere, langileek hautatua, ez delako kontutan hartua izan. Logika demokratiko eta sindikal guztia hankaz gora jarri dute, sindikalgintzan udal honen ustez ezinbestekoa den negoziazio kolektiboaren kontzeptua erabat birrinduaz.

Negoziaziorik gabeko greba baten kronologia
Agerraldian adierazi bezala, Zestoako Udalak 2019an 12 lanpostuko eskaintza publikoa deitu zuen eta langileen batzarrari deialdiaren ordena erabakitzeko aukera ere eman zitzaion. Eskaintza publiko hark ez zuen inolako inpugnazio edo helegiterik izan, hau da, segurtasun juridiko guztiz egindako prozesua izan zen eta udalak pandemiak eragindako zailtasunei aurre eginaz, prozesuari ekin zion eta lau lanpostu esleitu ziren. Gainontzeko lanpostuak atera aurretik, Madrilek, 2021ko abenduaren 28an (sic), oso prozedura berezi bezain harrigarrian egonkortze legea argitaratu zuen, non denbora jakin bateko lanpostuak, azterketarik egin gabe, soilik meritu lehiaketa bidez esleitu zitezkeen.

Zestoako Udalak, nahiz ados egon ez eta langile guztiekin bilerak egin ondoren eta lege berriaren eraginpean zeuden langileek horrela eskatuta, 2019ko eskaintzari lege berria aplikatzea erabaki zuen. Egia da Zumaiako udalak aurreko eskaintza guztia bertan behera uztea erabaki zuela baina grebalariek egiaren zati handiena ez dute kontatu; izan ere, Zestoako eskaintza ez bezala, Zumaiako eskaintza guztia inpugnatua zegoen eta horregatik erabaki zuen Zumaiako Udalak aurreko eskaintza bertan behera uztea.

Gauzak horrela, langile batzuen ordezkari gisa aurkeztuaz, ELAk Zestoako Udalari bilera bat eskatu zion eta nahiz eta egun Zestoako Udalean ELAk ordezkaritzarik izan ez, bileran ELAk proposamen zehatz bat jarri zuen mahai gainean. Proposamen honek, lehiaketaren 100 puntuetatik 95 lan esperientziari ematea eta soilik 5 beste merituei ematea eskatzen du. Ondoren egindako bilera batean, udalak langile hauen ordezkariei garbi adierazi zien ikuspegi publiko eta juridiko batetik proposamen hori onartezina dela eta epe motzean udalak negoziatzen hasteko beste proposamen bat aurkeztuko ziela. Horretarako egun bat ere jarri zitzaien, uztailaren 15a.

Helburua greba deitzea izan da, ez mahai negoziatzailea sortzea
Zestoako Udala eta langileen gehiengo zabal baten harridurarako, ordezkaritza sindikala barne, uztailaren 7an, lan delegaritzatik ELAko kanpoko ordezkari batek sinatuta, uztailaren 11tik hasita, hilabeteko greba deialdia jaso zuen udalak. Harridura oraindik handiagotzeko, uztailaren 11n denak lanera etorri ziren eta hurrengo egunean alkateari egun bertan bilera bat egiten ez bazen grebara joango zirela adierazten zuen idatzi bat igorri zioten.

Nahiz eta bilera egun gisa lehendik uztailaren 15a jarrita zegoen, alkateak egun bertan bilera egiteko proposamena onartu zuen. Bilera horretan, udalaren eta ordezkaritza sindikalaren (LAB) aldetik langile horiei mahai negoziatzailea osatzeko borondatea eta premia adierazi zitzaien eta guztion harridura lehen gutxi izan gabe, eta inolako jakinarazpenik jaso gabe, hurrengo egunean 9 langile ez ziren lanera etorri eta beraz, udalak greban zeudela ondorioztatu zuen.

Zestoako Udala jomugan, lehena izateagatik
Udalaren irakurketa garbia da, oinarriak prestatzen hasi den lehen udala izanik, Zestoako Udala jomugan dago eta estrategia sindikal jakin bati ondo datorkiolako eta ondoren sartuko diren beste udalek mezua jaso dezaten, Zestoako Udalari egurra ematea erabaki da. Bestela, negoziatzen hasi aurretik greba deitu izana nekez uler daiteke. Ordezkaritza sindikala erabat baztertu izana nekez uler daiteken bezala. Izan ere, udal gobernu ororen mintzakide ofiziala langile guztiek hautatutako ordezkaritza baita eta ez langile partikular batzuen ordezkaritza.

Bestalde, inguruko udalek oinarriak beste era batera egin dituztela esaten dutenean ez dira egia esaten ari. Arestian esan bezala, guk beste epe batzuk ditugunez, aurrenetakoak gara eta ez Azkoitia, ez Azpeitia eta ez Zumaia, oraindik ez dira oinarri eta puntuazio sistemak prestatzen hasi eta horrela ez bada, aurkez dezatela herri horietako puntuazio sistema bat.

Amaitzeko, greba deialdi hau, zentzugabekeria eta arduragabekeria hutsa izan da. Udala hasieran egindako proposamena negoziatzen hasteko prest zegoen eta negoziaketak hasieran ez dira greba baten mehatxupean egiten, are gutxiago langileen artean gutxiengoa izanda. Negoziazioak diskrezioz egiteko nahikoa denbora bazegoen baina zoritxarrez denon kalterako izango den bidea hautatu da eta fokoa Zestoan jarrita dago.

Lehiaketa irekia egitea ez da inor kaleratzea eta udalak lanpostu publikoak ez ditu oparituko
Grebalariak kaleratuak izango direla etengabe ari dira esaten eta hori gezurra da. Zestoako Udala prest dago, interes partikularretatik harago eta langile guztiak aintzat hartuko dituen prozesu bat adosteko. Urte asko lanean daramatzaten langileei hobariak aitortuaz baina beti ere, eta legeak dioen bezala, prozesu irekiak eta berme juridikoa oinarri hartuta. Ez ditugu herritar guztien diruarekin ordaintzen diren lanpostu publikoak oparituko.

Mikel Arregi, Zestoako alkatea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide