Albisteak

XI. Antzerki Astearen balorazio positiboa egin dute

Eromen Produkzioak taldea (Argazkia: Jon Artano)

Iragan larunbatean amaitu zen Zestoako Antzerki Astearen XI. Edizioa. Eromeneko kideek sentsazio “oso onekin” amaitu dute astea. Jendearen parte hartzea “sekulakoa” izan dela azpimarratu dute, eta egindako lanarekin “oso konforme” agertu dira.

600 ikusle inguru bildu dira aurtengo antzerki astean. “Badakigu asko ezin etorrita geratu direla momentu honetan Caravan Parken eskaini dezakegun edukiera mugatua delako. Izan ere, halako ikuskizunetarako toki egoki bat lortzea da gure erronketako bat, Zestoako Antzerki Astera etorri nahi duten guztiek lekua izan dezaten” azaldu dute Eromeneko kideek.

Aurtengo edizioan berrikuntzak izan dira, antzezlanen ondorengo mokadutxoak eta Herria eta Kultura hizketaldia, esaterako. “Mokadutxoetan ikusleek ikusitakoaz hitz egiteko eta ideiak elkarbanatzeko aukera izan dute. Herria eta Kultura hizketaldian, berriz, hausnarketa kolektiboa egitea proposatu genuen eta bertaratu zuiren herriko zein inguruetako pertsonek eta kultur eragileek oso ekarpen interesgarriak egin zituzten: arte eszenikoetarako eta sorkuntzarako espazio multidiziplinarra, zinema aretoa, zineforuma, ikastaroak eta tailerrak… Aldi berean, agerian geratu da zer nolako beharra dagoen oinarrizko kultur zerbitzu eta eskaintza urte osoan zehar egonkortzeko” azaldu dute Eromeneko kideek. Bestalde, udaletxeko kultur arloko ordezkariek izandako “parte hartze aktiboa” ere txalotu dute.

Argazkiak: Jon Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide