Multimedia
[BIDEOA] Antton Ao Povo herri plataformak Antton Olaizolaren deportazioarekin amaitzeko garaia dela aldarrikatu du
— 2023-10-07Antton Ao Povo herri plataformak deportazioarekin amaitzeko eta Antton Olaizola herritarraren eskubideak aldarrikatzeko agerraldia egin du gaur goizean Kultur Etxe aurrean. Amaieran, datorren urriaren 28an plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.
Hemen irakurritako testua:
2022ko ekainean, hemen elkartu ginen ANTTON herritarraren eskubideen alde, etxera bueltatzeko garaia zuela aldarrikatzeko; sortu zitzaion minbiziari, hemen, etxean, gurekin aurre egiteko eskubidea aldarrikatzeko.
Deportazioari aurre egin dion bezala, minbiziari ere aurre egin dio hemengo mediku eta hangoekin batera; era egonkorrean jarraitzen du, zaindu egin behar, baino ondo dago, momentuz.
Gatazka politiko honen ondorio latzenak pairatu eta gero, konfrontazio armatuaren zikloa itxi ondoren, egia da, garaiak aldatu diren arren, gatazka honen bestelako ondorioak hor jarraitzen dutela; etxe askotan sufritu da eta era guztietako biktimak utzi ditu han-hemenka. Baina, batzuk errelato bakarra ezartzen saiatu badira ere, askotariko kontakizunak baino ez du osatzen saminaren egiazko ispilua. Eta aparrak ur azalera bezala egiten du kontatu gabeko sufrimenduak ere. Ustezko egia ofizialak alde batetik, torturaren testigantzak bestetik eta deportazioaren errealitate ankerra hor segitzen dute gure begien aurrean.
Iraganean gertatutakoak ezin badira aldatu, oraina eta etorkizuna ulertzeko balio diezaguke iraganean gertatutakoak. Iragana ez bertan goxo gelditzeko, aurrera egiteko gailu bezala erabiltzeko baizik.
Eragindako eta jasandako min eta injustizien zergatiak ulertzen saiatzetik ikas baitezakete belaunaldi berriek. Euskal Herriak aurrera egiteko beste aukera bat du eta deportazioarekin amaitzeko beharra ezinbestekoa dela deritzogu.
Antton Olaizola Atxukarrori ezartzen zaion bizi osorako zigorrarekin amaitzeko ordua da. Bada garaia, 3500 kilometrotara, hormarik gabeko kartzelan dagoen egoera jasanezin horrekin amaitzeko. Bada garaia, Antton gure herrian libre, lagunez eta senideez inguraturik ikusteko.
Hori dela eta, hemen elkartu garenok, ideologia eta pentsamendu politiko ezberdinekoak izanik, dei egin nahi diegu herritar guztiei, urriak 28an, arratsaldeko 18:30etan, Zestoako plazatik abiatuko den manifestazio isilean parte hartzera.
Gure herriak ANTTON AU POVO!! ozenki oihuka dezan. Etorkizunaren orrialde berri bat idazten hasteko. Aldarri izatetik, errealitate bihurtu dadin.
ELKARTASUNA OINARRI
ANTTON ETXERA BEHAR DUGU EKARRI!!!
Egin zaitez bazkide