Paperekoa
[ZUTABEA] Dena eraldatzen da
— 2024-03-21Denboratxo bat pasa da dagoeneko Egañazpi kirol dendak ateak itxi zituenetik. Hainbeste urteren ostean Kontxi eta Maiteri erretreta hartzeko eta apur bat deskantsatzeko garaia iritsi zitzaien (ondo merezita!).
Gogoan ditut itxi aurreko hilabeteetan inguruko pertsona askok egindako zenbait aipamen:
-Izugarrizko pena ematen dit denda ixteak…ez al duzue zuetako iñork hartu nahi lekukoa?
-Betidanik ezagutu dugu denda hor… eta orain zer?
Kontuak kontu, hilabete batzuetan dendan txukunketak egiten aritu ginen; behar ez ziren gauzak bota, aprobetxatu zitezkeenak gorde… ez zen lan makala izan!
Horretan genbiltzala ordea, zenbait koaderno ikusi genituen. (Oraingo dendarientzat normala da kontu gehienak ordenagailuz eramatea baina Egañazpi dendan ez zen horrelakorik izan,azken momentura arte eskuz egin ziren gauza denak),
Bi koaderno nagusi zituzten bertan; batean egunean saldutakoaren zerrenda idazten zuten eta egunaren bukaeran guztiaren batura eginez ixten zuten kutxa.
Bazuten, ordea, bigarren koaderno bat: jendeak etxera probatzeko eramaten zituen arropak apuntatzeko erabiltzen zutena. “Halakoaren alabak 3 galtza pare”, “X baserriko semeak 2 zapatila pare”, “X-en amak 5 jertse” eta abar luze bat.
Barre pila bat egin genuen koaderno horiek gainbegiratzean, baina esan beharra dago
tartean negar-malko batzuk ere erori zitzaizkigula.
Kalean egunero gurutzatzen ditugun pertsonen izenak ageri ziren koaderno horietan eta baita dagoeneko gure artean ez dauden zenbaiten izenak ere.
Argi dago Zestoa bezalako herri txiki batean kirol denda bat hainbeste urtean irekita
egotearen arrazoi nagusia bat dela: herritarrek bertan erosten zutela.
Idatzi honen bidez eskerrak eman nahi dizkizuegu urte guzti hauetan zehar dendara hurbildu zareten guztioi eta bide batez, zuen erosketak herrian dauden denda txikietan egitera animatu nahi zaituztegu.
Asko gustatzen zaidan abesti batek hala dio, “Ez da ezer galtzen, dena eraldatu egiten da”. Egañazpi Kirolak dendak egin du bere bidea eta orain Irantzu kafetegiaren txanda da. Urte on askotarako izan dadila.
Ainitze Urbieta
Egin zaitez bazkide