Albisteak

[ELKARRIZKETA] Aitor Salegi: “Saioan erdirik ere eman ezin izanaren sentsazioarekin nago”.

Gipuzkoako Bertso Txapelketako final-laurdenak jokatu ziren igandean, Errenterian. Bertan izan zen  Aitor Salegi herritarra. Oso zaila izango du final erdietara pasatzea, eta berak dioen moduan, “agur” esan dio aurtengoagatik txapelketari. Elkarrizketa egin diogu txapelketan zehar izandako sentsazioen inguruan.

 

Hasteko, zorionak! inoiz baino aurrerago ailegatu zara aurtengo txapelketan.

Normalean lau urtetik behin egiten da txapelketa, baina pandemia tarteko atzeratu egin zen Euskal Herrikoa eta ondorioz, Gipuzkoakoa ere urtebete atzeratu zen eta orain dela bost urte egin zen azkenekoa. Final zortzirenetan abestu nuen orduan, ez nuen lortu laurdenetara pasatzea. Aurten bai, igandean Oreretan laurdenetan kantatu nuen.

Nola sentitzen zara txapelketan orain arte egindako ibilbidearekin?

Egian esan sailkapen faseko bi saioetan gustura jardun nintzen, baina final zortzirenetara erdi gaixo joan nintzen eta ez nintzen oso konforme geratu. Igandean, berriz, asko sufritu nuen. Pena dezentearekin nago. Ustez entrenamenduetan eta ondo jardun eta nahiko fin genbiltzan eta hara joan eta saioan erdirik ere eman ezin izanaren sentsazioarekin. Egia da saio osoa joan zela nahiko behetik. Ez zen puntako saioa joan eta horrelakoetan zaila izaten da saioan bertsolari batek oso maila altua ematea, elkar kontagiatzeko joera egoten delako.

Atzoko saioa, gogorra egin zitzaizun?

Atzoko saioarekin, momentuz, gero igual beste irakurketa bat egingo dugu, baina, penatxo dezentearekin nago, aho zapore horrekin esango diodalako “agur” txapelketari.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna txapelketan?

Etorkizuna ez dakit, Bizkaian adibidez bi urtean behin egiten dute txapelketa, baina Gipuzkoan lau urtetik behin bakarrik eta ikusiko da hemendik lau urtera bertso eskolan ere elkartzen jarraitzen dugun. Gero betiko kontua da, puntuazioak direla eta ez direla, horrelakoetan ere batzuetan kontentu gelditzea ez da erraza izaten norberak egindakoaz haratago. Orain behintzat taldetxo polita egin genuen Itziarren eta Deba inguruan eta horri maiztasun batekin eusten badiogu eta talde moduan astero xamar biltzen jarraitzen badugu izango du zentzua seguru asko berriro ere izena emateak. Aldiz, bertso eskolarik gabe baldin bagaude eta ez bagabiltza asteroko martxa horretan, zaila ikusten dut txapelketarako bakarrik berriz prestatzen hastea. Izan ere guk saiorik eta apenas ez dugu izaten, auzoren batean ez bada, agian festetan, baina bestela ez dugu jende aurrean kantatzeko aukera gehiegirik izaten. Txapelketako prestatzeak ere ordu dezente eskatzen ditu eta gero askotan sariak baino gehiago bestelako golpeak hartzen dira. Esandakoa, ikusiko da nola gaude talde moduan eta horren arabera erabakiko da garaia iristen denean.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide