Albisteak

«Euskara salba dezagun baino, euskarak gu salba gaitzan» tertulia eskainiko du Lorea Agirrek hilaren 13an

Euskara Foroak antolatuta, Lorea Agirrerekin tertulia egingo da azaroaren 13an, 18:00etan, udaletxeko aretoan. Agirrek «Euskara salba dezagun baino, euskarak gu salba gaitzan» izeneko hitzaldia eskainiko du, hizkuntzaren garrantzia, feminismoa eta euskalgintzaren erronkak aztertzeko aukera emanez.

Lorea Agirre Dorronsoro (Beasain, 1968) Informazio Zientzietan lizentziatua eta Antropologiako ‘Kulturak Aldaketan’ masterduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kazetari gisa, Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Berria hedabideetan lan egin du eta Mondragon Unibertsitateko Huhezin irakasle eta Sorguneak ikerguneko kide ere izan da. Gaur egun, Jakin aldizkariaren zuzendaria da eta hainbat liburu idatzi ditu, tartean, “Gezurra ari du. Egunkariaren itxieraren kronika” eta “Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskara”.

Agirreren ibilbidea eta ikergaiak (hizkuntzaren, generoaren eta kulturaren arteko loturak) oinarri hartuta, kafe-tertulia honetan ikuspegi berritzaile eta sakonak partekatuko dira, euskalgintzaren erronkei aurre egiteko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide