Albisteak

[ARGAZKIAK] Luka Iruretagoiena eta Ander Alkorta Lanbide Heziketako ikasleek Bainuetxeko bisita gidatua egin zuten pasa den ostiralean

Menpekotasun egoeran dauden pertsonen arretako bigarren maila ikasten ari dira Luka Iruretagoiena eta Ander Alkorta Azkoitiko Izarraitz lanbide heziketan. Psikosoziala irakasgaiaren baitan menpekotasuna dutenak nola tratatu, aisialdiak duen garrantzia eta antzekoak lantzen dituzte eta Azkoitiko Pasira taldekoekin elkartzen dira bi astetik behin.

Eskolarako erronka honetan hirugarren adinekoekin Bainuetxearen historia ezagutzeko irteera antolatzea bururatu zitzaien bi zestoarrei eta Andry Giron hirugarren taldekide azpeitiarrari. Pasa den ostiralean gauzatu zuten ekintza. Bertan izan ziren Zestoa Osasuntsuko kideak, 3Z taldekoak, San Juango eguneko zentrokoak… Bainuetxeko geralekua aprobetxatuta Azkoitiko Pasira taldekoak ere bertaratu ziren Izarraizko gainerako ikasle eta irakasleekin batera.

Bainuetxearen jarreraren inguruko salaketa

Bi ikasleek Danbolineko lerro hauek baliatu nahi izan dituzte Bainuetxearen jarrera salatzeko. Irteeran zehar, parte hartzaile batek Bainuetxea norena zen galdetu omen zuen eta hauek aipatu zuten Santanderreko enpresa batek erosi zuela eta beraien ustez, kanpotik margotu bazuten ere, barruko zainketari ez ziotela garrantzirik eman. Bi zestoarrek diotenez, “Bainuetxearekin kontaktuan jartzen saiatu ginen, beraiekin elkarlanean zerbait egitea posible ote litzatekeen jakin nahian; barrua bisitatu, erabiltzaileekin kafea hartu… Telefonoz deituta, gaztelera hutsean eskatu ziguten mezu elektroniko bat bidaltzeko. Ondo landutako mezua bidali genuen, geure lana hartuta, baina robot moduko batek erantzun zigun gazteleraz esanez “laster jarriko gara zurekin harremanetan”. Hori bi hilabete lehenago izan zen. Gerora, astero deitzen jardun genuen, baina kasurik ez. Azkenean, Udalari eskatu behar izan genizkion mahaiak eta eguraldi ona egin zuenez dena ondo atera zen, baina pena horrekin gelditu ginen, eta horregatik jarri gara Danbolinekin harremanetan, Bainuetxearen jarrera salatzeko”.

Bi zestoarrek gaineratu dute, Bainuetxeko garai bateko tren geltokia eta zubiaren arteko zatia ere oso egoera txarrean dagoela, batez ere, adinekoentzat, eta zati hori pribatua dela jakitun diren arren, beraien ustez, Udalak konpondu egin beharko lukeela, herritar guztientzat mesedegarria izango litzatekeelako.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide