Albisteak

Kepa Zabalegiren Tximeleta bilduma ikusteko azken egunak gaur eta bihar

Kepa Zabalegiren erakusketa bihar amaituko da Zestoako Alondero aretoan. Gaur arratsaldean eta bihar izango dira bilduma honetaz gozatzeko azken aukerak, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Zestoan bizi den bildumagile zarauztarrak 98 tximeleta espezie bildu ditu, horietako asko duela 45 urte baino gehiago bere anaiarekin batera bildutakoak. Tximeleta horiek, bere garaian unibertsitateko laborategiei utzitakoak, erakusketa honetarako gordeak dauden kutxa ilunetatik atera dituzte. Disekatutako tximeletez gain, erakusketak argazkiak eta beste intsektu batzuei buruzko informazioa ere jasotzen du.

Zabalegik nabarmendu duenez, disekatutako tximeletak kutxa ilunetan gordetzen dira, hondatu ez daitezen; beraz, ezohiko aukera da gertutik ikusi ahal izatea. Hala ere, egileak ez du bere tristura ezkutatu bizilagunen parte-hartze eskasaren aurrean, izan ere herriko gazteak animatu nahi izan ditu erakusketatik pasa eta gaur egun ikusi ezin diren hainbat tximeleta ikusteko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide