Albisteak
[ARGAZKIAK] Eskertza eta intsignia banaketa egin du Odol Emaileen elkarteak
— 2024-12-14
Urte askoan odola eman dutenei eskerrak emateko eguna izan da gaur Odol Emaileen elkartean. Udaletxeko aretoan egiten da azken urteotan ekitaldia. Bertan, emaileen elkarteko kideez gain udal ordezkariak izaten dira, gaurkoan Mikel Arregi, alkatea, eta Beatriz Zubia izan dira. Intsignia eta eskertza jaso dute Mari Jose Etxeberriak, 60 adiz odola eman duelako, Jose Mari Arregik, 50 aldiz emanda, Nerea Irurek, 40 aldirekin, eta Joseba Regilek, 25 aldiz odola emanda. Ez dute bertaratzerik izan, baina helaraziko zaie oroigarria 25 aldiz eman duten Lourdes Arsuaga, Izaskun Odriozola Bereziartua eta Joseba Alberdiri eta 50 aldiz eman duen Gorka Unanueri ere. Ekitaldiaren amaieran alkateak bertsoz eskertu ditu emaileen elkarteko kideak eta oroigarria jaso dutenak. Hauxe bertsoaren azkeneko puntua: “Ezer dohainik ez den garaian, denontzat eredugarri” bukaeradun bertsoarekin.
Jarraian Zestoako Odol Emaileen elkarteko Nerea Ayastuyk ekitaldian irakurritakoa:
“Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearentzat urteko une garrantzitsu bat izaten da emaileei esker onak emateko ekitaldia. Aurten hain zuren ere elkartearen 60. Urteurrena ospatzen ari gara, atzo egin genuen ospakizun ekitaldia Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko Ignacio Maria Barriola eraikinean.
Gaurkoan zortzi emaile omendu nahi ditugu (nahiz eta lauk ezin izan duten etorri). Honekin gure esker onak luzatu nahi dizkiegu eta horrela jarraitu dezaten eskatu. Bere borondateekin hainbat eta hainbat pertsonei laguntza emanez zenbat lortzen den aipatu nahi dugu. Dakizuenez zuen borondateari esker, milaka bihotzek taupadaka jarraitzen dute. Zestoarren kasuan 2023. urtean 250 ateraketa izan ziren. Eskerrak ematea baino besterik ez daukagu, oso zenbaki onak dira eta. Ea mantentzen ditugun, guk ahaleginak egingo ditugu behintzat!!
Lan talde bezala gure erronka gazteak erakartzea da. Azken finean, etorkizuna beraiek dira eta guzti honi jarraipena emango dietena. Hainbat urteetan Zestoako odol emaile-bolondres guztion lana ezin da eten eta zaharrak erretiroa hartzen goazen einean denon artean etorkizuna bermatu behar dugu. Komentatu nahi dugu aurten gure taldean lagun berri bat daukagula. Besteek bezala, bere borondate onenarekin, gu denokin batera lan egiteko prest dagoena, Crystel.
Eskerrak ematen jarraituko dugu, nola ez Udalari, Alondero aretoa erabiltzeko arazorik ez dugulako, gaurko ekitaldia egiteko ere Pleno Aretoa zabaldu duzuelako eta ordezkariak bertaratu zaretelako. Herriko bi okindegiak ere aipatu nahiko genituzke: Txoko Txiki eta Ogi Berri, ateraldietarako ogian doan ematen baitigute. Azkenik, Danbolin: gure ohar guztiak argitaratzen dituzuelako herritarrei helarazteko eta gaur bertan ere hemen zaudetelako. Beraz, mila esker guztiei!”.