2025 urtearen laburpena Aizarnatik
Jon Egiguren— 2025-12-26Urtero egin ohi dudan bezala, amaitu den urteari ere gainbegiratu bat egitea dut helburu ondorengo lerro hauetan. Orokorrean gertatu diren albiste eta pasarte batzuk aipatu nahi ditut; ez dut urtea amaitu nahi guregan eraginik izan ez balu bezala.
Urte guztiek izaten dute eragina gure bizitzan, batzuk emankorragoak dira eta beste batzuk aldiz ez hainbeste. Denek uzten digute, ordea, zerbait positiboa. Alderdi positibo hauek modu egokian kudeatzen baditugu, lagungarri izan daitezke gure bizitza suspertzeko.
Hasteko, zeresan handia eman duen Palestina eta juduen arteko sarraskia aipatuko dut. Urrutiko kontuak badira ere, gaur egun dauzkagun hedabideen abantailei esker, bertan gertatzen ari balitz bezala sentitu dugu. Palestinako lurretan hilketa masiboa egin dute juduek, eta bizirik irten diren asko pobrezia gorrian gelditu dira.
Gertatzen ari dena ikusita Espainiako Txirrindularitza Itzulian hasi ziren protestak, eta ondoren urte osoan zehar ikusi ditugu Palestinako ikurrak manifestazioetan, balkoietan, eta hainbat tokitan.
Juduek diotenez, erasoaldi honen arrazoia Hamas taldeko kideek Israelgo lurretan egindako sarraskiaren erantzuna omen da. Nire ustez, ordea, erantzuna neurrigabea izan da, gizarteari eta eraikuntzei egin zaizkien erasoek argi erakusten duten bezala.
Euskal Herrian elkartasun handia ikusi dugu Palestinarekiko, kaleetako protesta ugari horren adierazgarri izan dira. Elkartasun horrek Saharako arazoa bigarren mailara eraman du. Juduek arma eta aliatu nahiko dituztela esango nuke, horrelako erasoak egin beharrik gabe ere, sortu berria duten estatua defendatzeko.
Dena dela, Israel eta Palestinaren arteko arazo honek utzi dizkigun irudi tristeak alde batera utzita, herrian gertatutakoak aipatuko ditut.
Aspalditik aipatzen den egitasmoa da Aizarnako meategien ibilbide egoki bat eraikitzea, bertako aztarnak zaindu eta ezagutzera emateko. Badirudi aurtengoan bultzada handia hartuko duela helburu honek.
Udaletxeak bultzatuta, auzolanean ari da lantalde bat egitasmo polit hau aurrera eramateko: bideak garbitu, aztarnak agerian jarri, sarean ibilbidearen mapa osatu zeharkatzeko lagungarri izan dadin, eta abar. Zestoa eta Aizarna lotzen dituen ibilaldi hau burutzea zoragarria litzateke, Aizarnako lanbide zaharren aztarnak ezagutzera emateko.
Nire ustez, aspaldi egin beharrekoa kontua zen. Ea oraingoan lortzen den.
Urtea amaitzeko gutxi falta zen arte, Aizarnak egoera egokia eduki du jatetxeei dagokienez. Bai lan egunetan eta bai igandeetan zerbitzua ez da falta izan. Tamalez, Aranburuko jangelak zerbitzua emateari utzi dio, eta orain lan egunetan jantokirik gabe gelditu da Aizarna. Eskerrak asteburuetan Konpitterokon taberna eta jangelaren zerbitzua daukagun; bestela, zein triste geldituko litzatekeen Aizarna, taberna eta jantokirik gabe.
Aipatu gabe ezin utzi Aizarnako elizan burutu den proba pilotua ere. Gure Ondarea, Gure Historia gaia ardatz hartuta, Aizarnak dituen eraikuntza eta ondare baliotsuak nola zaindu aztertu dira bertan. Antolakuntza Gordailuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku egon da, eta erakunde hauek adierazi dutenez, Aizarnan eman diote hasiera egitasmoari. Ea emaitza egokiak lortzen dituen, helburuak merezi baitu.
Denak ez dira egitasmoak, ordea. Argiola kooperatibak Aizarnan jarritako eguzki-plakak martxan jarri dira, eta aurrerantzean komunitateko kideek energia berriztagarria kontsumitzeko aukera izango dute. Pauso txikia da oraindik, asko falta da energia hauekin kontsumo osora iristeko, baina lehen urratsak direnez, pazientziaz itxaron beharko da helmugara iristeko.
Amaitzeko, kirolak eman duenari begiratuko diogu. Jaietako herri kiroletan bertako gazteak ikusi ditugu maila egokia emanez, eta txikiak pilotan; beraz, kirola ez dago ahaztuta Aizarnan. Beste herri batzuetan bezala, kirolaririk onena aukeratu beharko balitz, nik Amets Arambarri hautatuko nuke, igaro den urtean lasterketa herrikoietan erakutsi duen maila ikusita.
Urtean zehar eta egunerokoan ekintza gehiago ere ikusi ditugu herrian. Ospatu ditugun jaiak normaltasun osoz igaro dira, beraz, normaltasuna nagusitu dela esan daiteke.
Gailendu diren albisteak eta ekintzak dira hemen aipatu ditudanak. Aitortu behar beste hainbat ekintza arrunt aipatu gabe geldituko zirela agian, guztia hemen jasotzea zaila egiten baita.
Aurreko guztia laburbilduz, garbi gelditzen da herri txiki hau pausoak ematen ari dela, bizirik dagoen seinale da hori.
Urte berri on guztioi!
Jon Egiguren

Egin zaitez bazkide

