215. Varela eta oinazerik gabeko Eden bat

Interneten aurkitu dudan postal batek eman dit aitzakia gaur hona bainuetxearen alde iluna ekartzeko. “Postal colección Forjadores del Imperio, del General Varela, dedicada. Cestona, 1938” dio saltzaileak; “Para Lolita, en recuerdo de la Cruzada por Dios y por España”, berriz, Varelak. Ez pentsa erosi dudanik; 125 euro, alajaina!, eskatzen ditu saltzaileak; gure etxean esan ohi den bezala, “txakurrak zauzkak, buztanpean!”.

Beti izan zen aristokraten bilgune gure bainuetxea eta berehala eman zion tankera Barojak gure herrira etorri zenean mediku izatera: karlisten eta aristokraten biltoki. Hori baino konplexuagoa da, ordea, kontua, eta bainuetxea ez dago eslogan batean laburbiltzerik. Varela egon zeneko garai hori, nolanahi ere, gure establezimenduaren garairik ilunena eta nahasiena da. Zaila egiten zaigu hango gerra garaiko giroa irudikatzea eta horretan hasten garenean, beldurrez beteta geratzen gara.

Zestoako bainuetxea ospitale militar garrantzitsua izan zen gerra hasieran. Gerra lehertu zenean, errepublikanoek presondegi bihurtu zuten eraikuntzaren zati bat, eta tropa frankistak iritsi bezain laster ospitale militar. Bertan, frankisten aldean zauritutako soldaduak artatzen ziren, Zestoatik pasaeran zeuden soldadu eta militar frankistak egonaldia egiten zuten eta zauritutako preso errepublikanoak kartzelatzeko eremua ere bazuen. Presoen kontu honetan, Ascensión Badiola Ariztimuñok badu doktore tesi bat (La represión franquista en el País Vasco. Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra) eta hango datu orokorrak oso baliagarriak zaizkigu. Zestoako ospitale militarrak 1937ko udatik aurrera hartu omen zituen presoak (“comenzó a recibir prisioneros clasificados como afectos a partir del verano de 1937”). Jakina denez, beren jarrera aldatzeko zuten borondatearen arabera sailkatzen ziren presoak: Erregimenaren “aldekoak”, “zalantzazkoak” eta “kontrakoak”. Badiolaren arabera, ospitalea gaixotasun infekziosoetara bideratu zen eta badakigu ehuntik gora pertsona har zitzakeela. Azpimarratzekoa da ebakuntzak eta dena egiten zirela bertan; esate baterako, Badiolak dio 1939ko abuztuan 33 preso ekarri zirela Lermako kontzentrazio eremutik Zestoara ebakuntzak egiteko.

Daukagun informazio urriarekin ez dago gauza garbirik jakiterik baina pentsa liteke 1937ko uda edo udazkenera arte, frontean, batez ere Bizkaian, zauritutako soldadu frankistentzako ospitalea izan zela batez ere. Handik aurrera, ordea, frontea Euskal Herritik kanpo zegoen garaian, preso errepublikanoak artatzeko eta kartzelatzeko “ospitale” bilakatu zela.

Soldadu frankisten ospitale izan zeneko garaietarako, artxiboetako dokumenturik ez dugu eskuartean baina bai, ordea, bestelako informaziorik. Horietako bat da Félix González Olmedo jesuitak idatzitako El sentido de la guerra española (El Mensajero del Corazón de Jesús, 1938). González Olmedo oso pertsona interesgarria da, jakintsua, eta era berean frankista sutsua, oso baliagarria garaiko pentsaera eta mentalitatea ezagutzeko. Hala ere, luzatzen ari gara eta Varela atzean uzten eta, ondorioz, hurrengo baterako utziko dugu González Olmedoren liburuaren azalpena.

Gure” Varela, Franco aparte utzita, Espainiako armadan botererik gehien izan zuen jenerala zen. Armadako ministro, gerra amaitu eta 1942ra arte, eta handik aurrera, Marokoko Goi Komisario, hil zen arte (1951). Esan behar da Marokoko iparraldea Espainiako Protektoratua izan zela 1956ra arte. Botere ikaragarriko gizona, beraz, Varela.

Gerran zebilela, Ebroko bataila irabazi ondoren eta frontea iraunkortu ondoren Zestoara etorri zen, hiru aste pasatzera, 1938ko abuztuaren 23tik irailaren 16ra arte. Itxura guztien arabera, bake santuan egon zen jenerala. Martinez Rodak Varelari buruzko biografian esaten du harrigarria dela Varela Zestoan egon zen hiru astetan beraren ardurapean zegoen frontean (Cuerpo de Ejército de Castilla) ez inolako berririk aipatzea jeneralak bere egunerokoan.

Gerra ospitalea zen artean bainuetxea, eta zaurituak artatzen jarraituko zuen, baina ondo ezkutatuak edukiko zituzten Alameda edo Hotel Entrada bazterretan. Zestoa jendez gainezka zegoen Martinez Rodaren esanetan. Han izugarrizko jendetza –eta oso maila altukoa, esango genuke guk– aurkitu omen zuen Varelak: Valdes jenerala Defentsa Ministerioko idazkariordea, Orgaz jenerala, Monasterio jenerala, Marinez Anido jenerala, Alfonso Barra koronela; gobernuko goi-kargu ugari ere bai, hala nola, Rodezno kondea Justizia ministroa, Sainz Rodriguez Hezkuntza ministroa, Gaiztarro FET y de las JONS erakundeko Ogasun ordezkari nazionala, Krahe Hezkuntza zuzendari teknikoa; idazle eta kazetariak, esate baterako, José María Pemán, Manuel Aznar, Mompeón Heraldo de Aragón-en zuzendaria, Halcón Vértice-ren zuzendaria, Luca de Tena (ABC); eta beste hainbat pertsona ezagun, zein baino zein: Domecq, Mola jeneralaren alarguna, Marcellán familia, Güell, Fal Conde, “baita Madrazo margolaria ere, zeinak erretratu bat egin baitzion”. Han ziren baita, Casilda Ampuero, Fronte eta Ospitaleen Ordezkari Nazional izendatu berria eta FET y de las JONS-eko emakumezko ordezkari nagusienetakoa. Neguriko familia ospetsu bateko alaba zen Ampuero eta denborarekin Varelaren emaztea izango zen.

Varela txora-txora eginda joan zen nonbait Zestoatik (hurrengo batean kontatuko dizuet txutxu-mutxu polit bat) eta urte gehiagotan ere itzuli zen, esate baterako, 1940an eta 1947an.

Honek denak, hain zuzen ere Varelak Zestoan hain ondo pasatzeak, gai delikatu eta desatsegin baten aurrean jartzen gaitu: euskaldunok eta frankismoarekiko kolaborazionismoa. Jende handi hori dena hemen Zestoan egotea (eta ez ziren, ez horixe, gero ikusiko dugun bezala, bainuetxetik atera gabe egoten) eta haiekin hartu-emanak izatea aukera bikaina zen, batez ere inguruko enpresa-gizonentzat eta handikientzat, gerra ondorengo España Grande y Libre hartan kristoren etekin ekonomikoak ateratzeko. Ikerketa ikaragarri baterako gaia (agian oso desatsegina) emango luke, baita “trantsizio” garaian jende hori zein alderdietan integratu zen aztertzeko aukera zoragarria ere. Utz dezagun horretantxe.

* * *

Juan Jose Saezmierak, bere Zestoari gorazarre liburuan, bi aldiz aipatzen du Varela eta zer pentsatua eman dit horrek. Izan ere, Saezmieraren aita, maisua hura ere, lanetik bota egin zuten gure herrian beste asko bezala, multa izugarria jarri zioten, zigortua izan zen eta, kartzelara sartu aurretik, hil egin zen, uste dut bihotzekoak jota. Saezmiera aita eta bere lankide Máximo Puerta oso sentsibilizatuak zeuden Errepublika garaiko berrikuntza pedagogikoarekin eta izugarrizko formazio gosea zuten. Frankistek, ordea, hura guztia zapuztu eta errepresaliatu egin zuten eta, batez ere, maisu-maistrak. Ordurako 30 urte paseak zituen Juan Jose Saezmierari zer etortzen ote zitzaion burura Varelarekin, Erregimenaren goi-goi agintari batekin, hizketan ari zenean? Gustura jakingo nuke erantzuna.

Saezmierak, nahiz eta bere aita zirkunstantzia zail haietan hil, erregimenarekin guztiz lotutako lagunak bazituen, esaterako, Ramon Aramburu, “Joan Aranburu alkatearen iloba eta izen handiko familiako semea”. 1947an, “enpresa gizon bihurtu ginen” dio bere liburuan. Zekorketak antolatu zituzten eta sarrerak saltzera eta kartela jartzera joan zen bainuetxera: “Euria goitik behera ari zuen. Goiz osoan ez zuen gelditu. Salmenta lekura Varela jenerala hurreratu eta bere andaluziar tonuaz ‘Euri pixka bat ari duela dirudi’ esan zidan. Izugarrizko zaparrada ari zuen”.

Antzeko beste esperientzia bat ere kontatzen du, toreatzaile izan zenekoa: “Ez dut urtea gogoratzen, denok txuriz jantzita atera ginen plazara: Agustin Goia, Jesus Errasti, Joxe Sagartzazu eta ni. Saka Markesaren lau zekor toreatu behar genituen. Zer eratako zekorrak aterako ziren jakin gabe, toreatzeko ordena ‘zaharrena aurrena’ izan zedila erabaki genuen; eta zaharrena neu nintzen. Presidentzian Varela jenerala, Valellanoko kondea, alkatea eta gainerako agintariak, kanpotar emakume ederrez inguraturik (…). Zekorketa bukatutakoan, azken pasodoblea ari zela, aguazila, uste dut Joan Joxe Goikoetxea zela, hurreratu zitzaidan: ‘Maixua, udaletxera joan behar dek’. Izutu egin nintzen, lehendakaritzari gustatu ez zitzaion zerbait egingo nuela, pentsatu nuen. Ausardia osoz, Joxek, Jesusek eta Agustinek zekorren kolpeak, beno, hobeto esanda ahuntzen ostikoak, sendatzen zituzten bitartean, udaletxean aurkeztu nintzen. Varela jeneralak deitu eta habano puru handi bat eman, eta zorionak eman zizkidan denetan ausartena eta toreatzaileena izan nintzelako. (…) Alde batetik pena hartu nuen, Varela jeneralak habano puru haren ordez ehun pezetakoa eman ez zidalako. Eman ez zidan billete harekin festak ederki pasako nituen”.

Ai, Saezmiera! Zein postal goxo, inolako maliziarik gabekoak idatzi zenizkigun Zestoari gorazarre edo festetako pregoi zoragarri zein azukrezko haietan… Zein goxo eta melankoliatsu ageri den Varela postalean… Inolako oinazerik gabeko Eden bat.

 

Argazkia: https://www.todocoleccion.net/militaria-fotografia/postal-coleccion-forjadores-imperio-general-varela-dedicada-cestona-1938~x231118220

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide