223. Distira eta alderantzia

Liburu bat aurkeztera nator, beste behin ere, lerro hauetara. Joxean Agirreren Distira eta alderantzia. Gaur bezalako arratsalde goxo bat, eta Bainuetxeko kafetegiko terraza litzateke leku aparta liburua irakurtzen hasteko, edo, zergatik ez, Parisko txokoren bat; baina izan gaitezen xumeagoak eta Azpeitiko Egaña gozotegia (Landetakoa) aukeratuko dugu, idazlea azpeitiarra izaki akaso ilusioa egingo lioke eta. Eska ezazu te beltz on bat, eman iezaiozu bere denbora infusioa bere puntuan jartzeko, eta harekin batera har ezazu sagar tarta zati eder bat, tearen mikatz puntuari gozoaren plazera eransteko. Sei bat dozena orrialde ditu liburuak eta konturatzerako bukatuko duzu.

Nik hemen duela pare bat urte hizpide izan nuen Ispiluak eta itsasoak liburuarekin hasitako trilogiaren bigarren partea da oraingo hau. Gogoratuko dizut, irakurle, Maria Garrastazu aizarnarra dela protagonista (fikziozkoa, hori bai, Garrastazurik ez baitzen bizi garai hartan Aizarnan, eta egileak berak esaten baitigu bere amari egindako omenaldi moduko bat izan zela). Gogoratuko dizut, baita, gure protagonista hamasei urteko neska eder eta argia zela, 1920ko hamarkada aldean Zestoako bainuetxean lan egiten zuena. Monsieur Perrin deritzan bezero batek, dandya izatez eta ispilu saltzailea ogibidez, berarekin lan egitea proposatu zion, eta, gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekin zion, lehenik Biarritzera eta gero Parisera eramango zuena.

Bigarren parte honetan, alegia, Distira eta alderantzian, bizpahiru urte gehiago ditu Mariak eta affaire txiki bat tarteko, utzia dio ispiluak saltzeari. Parisen bizi da. Orain, Leveque argazkilariaren laguntzaile da gure protagonista. Gauetan, Aizarnaren falta sumatzen du, eta, halakoetan, paseotxo bat egitera ateratzen da. Behinola, neskato batekin egiten du topo parkean. Negarrez ari da umea, eta amari deika. Zuberotarrez. Holaxe hasten da nobela eta umearen ama topatzeko ahaleginen kontaketa da garapena.

Tartean gai franko jorratzen ditu: Coco Chanel eta Elsa Schiaparelli goi mailako jostunen alde ezkutuak eta emakumeen borroka lan baldintzak hobetzeko; Pariseko euskal komunitatearen egoera; garaiko artea eta argazkigintza; argazkia eta gure identitate fisikoa…

Eta hori dena gai “goxoagoekin” nahasten da. Lehen liburuko Vauxhall cabriolet berde distiratsuaren ordez Bugatti gorri bat ageri da orain; Pigalleko “gaueko gordelekuen” ordez Montparnaseko kafetegiak… A!, eta amodioa, nola ez! François gaztearekin maiteminduta dago Maria, eta Zestoako bainuetxean imajinatzen du bere burua, eztei egunean: “ (…) Begiak ixten nituen eta haize epelak aurpegia laztantzen zidan bitartean gure eztei eguna irudikatzen nuen Zestoako bainuetxean: ama Villa Larralden ahizpa zaharrenak jositako Coco Chanelen modelo batekin, buruan kapela dotore bat zuela; aita traje urdin ilun handiegi batekin, ez dakit zergatik izan behar zuen handiegia, eta gorbata gorriarekin, eta ahizpak zein baino zein modelo eroago banarekin. Beharbada, Schiaparellirenak ziren. Irekitzen nituen begiak eta Françoisen kokotea ikusten nuen: kaskoaren azpitik ihes egiten zioten ile mataza kizkurrak airean dantzan zituela, eta barreneko bulkada batek altxarazten ninduen eta ematen nion lepoan musu (…)”.

Egitura aldetik sinpleagoa dela nobelatxo hau, pertsonaia gutxirekin, historia lineal bat kasik eginez, dio egileak, eta, bai, oso erraz eta gustura irakurtzen den liburua da. Ez zaio, hala ere, sinpletasunari garrantzirik kendu behar. Azorin handiak Un pueblecito: Riofrío de Ávila liburuan hauxe zioen (nik hala-moduz euskaratuta): “Estiloa horixe da; estiloa ez da ezer. Estiloa da halako modu batean idaztea, non irakurleak pentsa dezan: “Hori ez da ezer”. Pentsa dezala: ‘Hori nik egiten dut’. Baina hain gauza erraz hori ezin egin, ordea, –hala pentsatzen duenak– ; eta ezer ez den hori zailena izan dadin, neketsuena, konplexuena. (El estilo es eso; el estilo no es nada. El estilo es escribir de tal modo que quien lea piense: Esto no es nada. Que piense: Esto lo hago yo. Y que sin embargo no pueda hacer eso tan sencillo –quien así lo crea-; y que eso que no es nada, sea lo más difícil, lo más trabajoso, lo más complicado.)

Horrela bada, erraz irakurtzeko moduko liburua duzu hau, irakurle, hasi eta buka irakurtzeko moduko liburu bat. Baita aurrekoa ere (Ispiluak eta itsasoa), oraindik irakurri gabe badaukazu. Gomendagarriak benetan, biak ala biak. Eta gozagarriena da gure herriaren aipamenek askoz ederragoa eta hurbilagoa egiten digutela berez oso ederra den liburua. Aurrekoan esaten nuen bezala, Joxean Agirre Aizarna eta Zestoako bainuetxea literaturara eraman izan duten klub berezian sartu da liburu horiekin, eta Baroja, Azorin, Unamuno, beste Agirre, Etxepare eta gazteago batzuen mahaikide da dagoeneko. Urte askotarako. Hirugarren partearen zain geratzen gara.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide