230. Visconti zale bat Zestoan

Interneten aztarrikan nenbilela, blog bat –El ventalle de cedros– eta bertan Zestoa. Hori da poza hartu nuena. Juan Gil-Albert (1904-1994) idazlea aipagai, eta haren Crónica General (1974). Zestoari buruzko paragrafoa ezin deigarriagoa: “Bigarren [zatia], bere egonaldia Frantzian, eta adoleszentziaren amaiera, adiskidetasuna Kennett de Boennville 17 urteko bere lagun ingelesarekin, zeinarekin bizi izan zen, maitemindu zen, baina inolako kontakturik ez zuen izan. Kenneth ibaian bainatzen zen biluzik, berak lagundu egiten zion, eta urrutitik kontatzen du ilargi beteko gau haiek bezala, edo Valentziako bere etxe ederra edo bere oporrak Zestoan, markes aristokratiko eta mundutarrez beteta, deskribatzen dituen bezala.”

Arratsalde hartan bertan, segituan, hartu kotxea eta Donostira, Koldo Mitxelena liburutegira, joan nintzen liburua hartzera. Ez nuen Bainuetxeari buruzko orrialde haiek irakurri arteko onik izan (31 orrialde).

Juan Gil-Albert 1904an jaio zen Alcoyn (Alacant), familia dirudunean eta giro mokofin batean, (Parecía destinado a la vida plácida de un príncipe, esaten du Gonzalez Iglesiasek). 1912an, familia Valentziara aldatu zen. Bere lehen liburua 1927an argitaratu zen (La fascinación de lo irreal) eta garai haietan hasi zen, baita, prentsan idazten. Gerora idazle bikain-bikaina bilakatu zen.

Baina zertxobait lehenagokoa da Zestoako bainuetxera etorri zenekoa. Fernando Alcantarilla (1872-1936) bere irakasle eskolapioarekin etorri zen gure herrira mutil gaztea. Gil-Alberten familian oso etxekoa zuten, nonbait, erlijiosoa. Zeharka dakigu, idazleak berak ematen dituen xehetasunei esker, 1923 inguruan egon zela gure herrian.

Zestoari buruzko kronikak xehetasun askorekin azaltzen du bainuetxeko dotorezia eta giroa. Berak isolamendua eta bakardadea atsegin ditu eta, ondorioz, ez da ageri herririk, ez ingururik, ezta paisaia ere (paisaia bakarra hotel aurreko lorategia da). Baina orain arte ezagutu ditugun kronikek ageri ez duten informazio klasea darie orrialdeei: aristokraten bizimodu itxia eta dekadentea, giro politikoa, goi mailako kultura… Barojak ez du ezer jakin nahi aristokraziaz, Unamunok ere ez du gustuko bainuetxea, Azorinek malenkonia giro batean murgiltzen ditu udatiarrak, Salgadok eta gainerako medikuek nolabaiteko forentse ukitu batekin erakusten digute establezimendua… Gil-Albertek, berriz, handiki ezagunenen gelatara eramaten gaitu eta kafea hartzen dugu beraiekin, pianoa entzuten dugu, politikaz hitz egiten dugu… Dena digresio askorekin baina, horri esker, Espainiako eta munduko gertaeren testuinguruan murgiltzen du gure bainuetxea.

Han aritzen zen mediku gure lagun Gimeno kondea [ikus 151. Aztarka] zeinak itxaron zigun, bere emaztearekin batera, bainuetxeko ataurrean, ez dakit nondik ekarri gintuen autobusaren zain; eraikuntzaren albo berri batean [Alameda] instalatu ginen, eta ezagutzen joango nintzen hainbat jenderen joan-etorria hasi zen han (…). Iritsi nintzenean, jendetza gehiena andaluziarra zen, eta egunetik egunera gutxitzen joan zen kataluniarrek ordezkatzen zituzten arte” (60. orr.). Gil-Albertek kutunagoak ditu andaluziarrak kataluniarrak baino (61. orr.).

Nire lagun berriek konpainia egiten zidaten: haietatik geratu zaizkit, oroimenean iltzatuak, bi mutil kataluniar eta bat andaluziarra (…). Lauok ordu asko pasatzen genituen elkarrekin, egunak luzeak eta armagabeak ziren, ezer egitekorik gabe, gaurko gazte batentzat jasanezinak, berun trinkoaren pare [1960ko hamarkada amaieran idatzi zituen kronikak]. Neskekin ez zegoen orain usatzen den moduko harreman naturalik, gaur egun ia inposatu egiten dena, derrigorrezkoa dena; artean mantendu egiten zen distantzia naturala, nahiz eta ordurako zorroztasun apur bat galdu zuen.”

Lehenago esan dugun bezala, giro mokofin batetik dator gure protagonista, eta bakardadearen zale da. Ez dira, dirudienez, asko irteten herria ezagutzera, bazterrak ezagutzera, Donostiara egindako bidaia bat ez bada: “Cairenarekin [bere lagun andaluziarra] damatara edo pokerrera jokatu behar izaten zen, ni ontzat ematen saiatzen nintzen entretenimenduak, berak eskainitako beste begirune batzuk eskertze aldera; baina baita denbora alferrik galdu ere, astiro-astiro hitz eginez, bat-bateko gar astinaldi batzuekin, jendea eta txoriak pasatzen ikusiz; horixe da nik beti maiteen izan dudan bizikidetza modua” (64. orr.).

Tira, ederra litzateke kronika 64. orrialde honetarainokoa besterik ez balitz ere, baina, lehen esan dudan moduan, gela barruraino sartzen uzten digu gure idazleak: “Eraikuntza nagusiaren [Gran Hotel] lehen solairuan, Gimenotarren gelak zeuden. Egunero ez bazen ere, noizean behin, beraiekin hartzen genuen kafea, bazkalondoren” (66. orr.). Gela haietan, lorategiari begira zeuden gela haietan, kondesak kanta italiar bat oparitzen zigun batzuetan, L’aprile, betaurrekoak jantzita salbuespen gisa, partitura jarraitu ahal izateko, izan ere, pianoari begira jarrita guri bizkarra ematen baitzigun” (69. orr.).

Ez, han ez zen politikaz hitz egiten, pentsatzen dut orain, gogo-aldarteak kargatuta zeudelako”, esaten du idazleak. Zuen baimenarekin –ez naiz gauza ondo itzultzeko-etajatorrizko hizkuntzan jarraituko dut: No, no se hablaba de política, pienso yo ahora, por lo cargados que estaban los ánimos, aun no pudiendo predecir, como no era posible hacerlo, los derivativos de la situación, o sea, la magnitud de sus consecuencias, pero, no se hablaba por prudencia, puesto que, como he dicho, no existía unanimidad de opinión y las gentes que pasaban en el Balneario y los que, incluso, tomaban café en las habitaciones de los Gimeno, podían haber tomado posiciones opuestas, como así era (…). Pero los temas nunca iban más allá de lo que la educación manda. Se estaba de paso y, a lo sumo, se dejaba caer una frase de la que había que atrapar la intención (71. orr.). No se quería herir a ninguno pero la intranquilidad, que no afectaba aun al sueño, se había instalado ya, como un intruso, en las altas esferas, sin que nadie lo mencionara, pero no por ello empezaba a ser, con su presencia poco franca, menos incómodo” (72. orr.).

Goi-goi mailako jendeez ari da Gil-Albert; Amalio Gimeno, Alhucemas-eko markesa, Benlloch kardinala, beste handiki ugari… Den-denak han daude egun haietan bainuetxean eta oso kezkatuta daude egoera politikoaz. Primo de Riveraren diktaduraren atarian gaude. Kontu handiz dabiltza, inor ez da ausartzen garbi hitz egiten… Jabetzen ote zen zeozertaz gure herriko jendea? Auskalo. Mutu ageri zaigu Gil-Albert. Ederki asko jabetzen da, ordea, zein garai korapilatsua zen hura, eta nola hasi ziren tenkatzen gauzak eta zer urte latzak zetozen politikoki, beste diktadura eta guzti (40 urtekoa, ez 7koa Primo de Riverarena bezala). Errepublika garaian eta gerra denboran, demokraziarekin konprometituenetariko bat izan zen Gil-Albert eta garaiko intelektualik handienak ezagutu zituen: Juan Ramón Jiménez, Antonio Machado, Federico García Lorca, Luis Cernuda, Manuel Altolaguirre, María Zambrano, eta abar.

Baina, tira, luzatzen ari gara eta irakurleak berak irakurri beharko ditu nik hona ekarri gabekoak. Politika kontuak aipatu ondoren, garaiko soprano ospetsuenetako bat aipatzen du Gil-Albertek, hau da, Maria Barrientos (Zestoan hura ere) eta gero, kapitulu propioan, Benlloch kardinala.

Ez nuke amaitu nahi El Rolls de la Duquesa y la excursión a Loyola izeneko atala aipatu gabe. “San Ignazio eguna zen eta Loiolara joatea adostu genuen: hori zen, zalantzarik gabe, dukesa [Medinaceli-ko dukesaz ari da], pasadizoan izaki, hona etorri eta Zestoan bazkaltzearen arrazoia. Une batean sinistu ahal izan nuen neu joango nintzela kotxean, aita Fernandorekin, Gimeno kondesak buruko mina zeukala esan baitzuen, baina handik gutxira erabaki zuen bidaian parte hartzea, niri lekua lapurtuz. Taldean geundela, bainuetxeko atarian, Rolls-Roycea hurbildu zen, soinu motelarekin, zeinak satina tarratatzen deneko soinua gogoratzen zidan (…) Ez genekien zerekin konparatu, edo lakazko altzari japoniar batekin, edo agian, bere proportzioen estilizazio isila zela-eta, isats-pianoarekiko ahaidetasun urrun bat ekartzen zigun gogora. Txoferrak, txapela eskuan, laguntzaileari utzi zion bere lekutik ateratzen, armarridun atea irekitzeko. Agurrak izan ziren, buru keinu txikiak; apenas jaso behar zen hanka sarrerako koska igotzeko, eta aldi berean aurpegia gutxi-gutxi makurtu behar zen sonbreiruak ateburua ukitu ez zezan. Airoski igotzen zen solairuarte batera bezala, gaur egun autora igotzea deituriko uzkurtze grotesko hori gabe, eta atearen musika-karraskaren ondoren, Rollsa mugitu egin zen karrozeriaren distira apal bat eginaz, eta matxurarik gabeko pneumatikoak lorategiko hartxintxarretatik zihoazela, berriro entzun genuen satin tarratatuaren soinua, eta hori izan zen motor britaniarraren taupada sakonak kanpoaldean utzi zuen gauza bakarra” (85. orr.).

Guk honekin amaitzen dugu baina Loiolako pasartea osorik irakurtzea gomendatzen dizuet.

Egunkari batean irakurri dudan bezala, beste askorekin batera gaurko gure protagonista ere periferikoa da, non kokatu ondo ez dakigun idazle fantasma horietako bat, arazo bat hala-moduzko hainbat irakaslerentzat eta gure arrazako literaturaren ikerlarientzat. Gil-Alberti buruzko festa labur haien ondoren (1970eko hamarkadan ezaguna eta “ospetsua” bihurtu zen), bere obra desagertu egin da eta ahanzturan erori (Juan Luis Panero, El País, 2004-03-27).

Ni behintzat pozez txoratzen nago hain idazle fina eta bikaina aspalditik gure herriko idazleen klubeko partaide zela jakin dudanetik. Literaturak horixe du gure modukoentzako: horrelako aurkikuntza bat nahikoa da egunetan eta egunetan halako gozamen burbuila batean murgilduta bizitzeko. Mila esker, Juan Gil-Albert.

 

Jatorrizko hizkuntzan, inolako bitartekari neketsurik gabe irakurri nahi duenarentzat hemen erreferentzia bibliografikoa: GIL-ALBERT, Juan: Crónica General. Pre-Textos / Instituto de Cultura Juan Gil-Albert, Valentzia, 1995. (Zestoari buruzko orrialdeak, 59-90).

Argazkia: Zestoako bainuetxea Juan Gil-Albert egon baino urte gutxi batzuk beranduago.

Pos-scriptum: Asko gustatuko zitzaiokeen, seguruenik, urte batzuk lehenago jaio izan bazen, gaur zendu den Franco Battiato-ri, Zestoako egonaldi hura Juan Gil-Albertekin partekatzea, eta, nola ez, L’Aprile hura entzutea. Baina literaturak bakarrik ahal du horrelako konbinazioak egitea eta, tira, irudikatzearekin soilik konformatuko gara. Antzinako erromatarrek esaten zuten bezala, Sit tibi terra levis; lurra arina izan bekizu, Franco!

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide