234. Txilar usain freskoa

Beste tarte batean (Aztarka 2019-02-20) aipatu genuen Didier Petit de Meurville diplomatikoa (Haiti, 1793 – Biarritz, 1873). Didier, 1857tik aurrera, Frantziako kontsul izan zen Donostian eta 16 urte egin zituen bertan. Denbora horretan Donostiako eta inguruetako paisaiak margotu zituen eta, nola ez, gure herrira ere etorri zen (1860 inguruan). Zestoa bost margotan jaso zuen eta, horiez gain, beste dozena erdi margo polit egin zituen, bakoitzean gure herriko txilar klase bat erakutsiz. Horiei eskainiko diogu tartea gaur. Meurvillek, Gizpuzkoako ibilaldietan, arreta berezia eskaini zion probintziako florari, eta kalitate handiko hiru ilustrazio-albumetan jasotzen dira margoak.

Zestoan egindako lehendabiziko margoari “Zestoako txilarra ekainean” jarri diote izenburua katalogatzerakoan. Gouache teknikaz egina da, 16 x 12 cm. Bigarrenak “D’après nature (…) de Cestona le 07 juilet 1867” jartzen du. Hori ere gouachea, 20 x 13 cm. Hurrengoak “Famille des éricinées, tribu des andromédées. Menziezia à feuilles de Germandrée (Dabaecia)”, alegia (esker mila itzultzaile neuronala sortu zutenei), “Ertilarien familia, andromeatuen tribua. Germanderen hosto-Menziezia (Daboecia), eta ondoren “Juin Cestona”; hori ere gouachea 31 x 23 cm. Katalogoan “Ainarra kantauriarra” dio. Hurrengoak “Cestona juilet” dio eta ondoren “Ononis repens”, eta katalogoak “Itxiokorria” edo Uña de gato; berriro ere, gouachea, 31 x 23 cm. Hurrengoak “Cestona juilet” eta “Erica Cinerea” eta katalogoko izenburuan “Ainarra purpura” edo Brezo nazareno. Neurria eta teknika, ohikoa. Azkenik, “Ainarra burusoila” edo Bruco (ohiko neurria eta teknika).

Barkatuko al dit kuriositaterik gabeko irakurleak baina xehetasun horiek guztiak jarri nahi izan ditut hemen, munduaren —eta hizkuntzaren— aberastasuna irudikatu nahian. Barkatuko al didazue orain, berriz, elkarren segidan jartzea izen guztiak horien sonoritatea entzuteko: Famille des éricinées, tribu des andromédées. Menziezia à feuilles de Germandrée (Dabaecia) / Ertilarien familia, andromeatuen tribua. Germanderen hosto-Menziezia (Daboecia) / Juin Cestona / Ainarra kantauriarra / Cestona juilet / Ononis repens / Itxiokorria / Uña de gato / Cestona juilet / Erica Cinerea / Ainarra purpura / Brezo nazareno / Ainarra burusoila / Bruco. Poza ematen du hitz eder horiek denak Zestoarekin lotura izatea.

Tamalez, beste zenbait iturri aztertzen baditugu askoz urriagoak dira txilarraren aipamenak. Zestoako bainuetxeko medikuek urtero egin ohi zituzten txosten edo memoriatan, 1878koan ageri da, lehenengo aldiz, nolabaiteko sakontasunez azalduta, herriko landarediaren zerrenda. Balbino Quesada y Agius, orduko mediku-zuzendariak (Castelló, 1843; Malaga, 1904), Ainar edo txilar arrunta (Calluna vulgaris) aipatzen du bakarrik. Toponimia ere ez da, dirudienez, oso oparoa txilar kontuei dagokionez: Luis Maria Mujikaren ikerketak, esate baterako, “Illar (txillar, iñar)” aipatzen du, eta toponimo bakarra, “Illarratxu”. Urritasun hori ikusita nola ez bada eskertu, mila aldiz, gure Meurville diplomatikoari sei txilar klase ezberdin margotu izana gure herri maitean!

Interneten begiratuta, jakin dugu txilar gehienak Ericaceae familiakoak izaten omen direla. Erikazeoak edo ainarraren familia, landare loredunak dira, zuhaixkak, oso familia kosmopolita, 4.000 espezie inguru omen dituena eta 126 generotan banatuak, horien artean txilarra. Txilarren artean ezagunenak genero hauetakoak omen dira: Calluna vulgaris, Erica, Daboecia, CassiopeJakoba Errekondoren Bizi baratzea-ri esker dakigu, bestalde, txilarrek hotza maite dutela, eta batez ere hezetasuna. Klima aldaketarekin agur esango omen digute. “Gajoak, gu, loraldi eder horiek gabe…”. Jakobak dioenez, “ilar ere esaten zaio, baita itsuski, txirrintxin, gilar, ginarlatza, zurdika, zurdikatx eta zurikatx.”

Gauza jakina da txilarra aspalditik erabili izan dela etxolak egiteko. Esate baterako, Euskal Herrian IX. mendean izandako hazkunde demografikoari lotuta, zenbait arkeologok egurrez eraikitako eta txilar zuriz edo bestelako sasiz estalitako ukuiluen aztarnak identifikatu dituzte. Jakina da, baita, artzainek eta ikazkinek mendian egiten zituzten oheetan estimatua izaten zela: “Kamaña au egur-puska batzuen gañean antolatzen zuten, garoa eta txillarra lastairagarri zirala. (Juan Garmendia Larrañaga, Euskal Esku-langintza).

Bestalde, Mikel Zalbidek (Lardizabalen gramatika, bere gizarte-giroan) arrazoi du Frantseste garaian, alegia, XIX. mendearen hasieran, udalek, gerrak ekarritako zorrei aurre egiteko, makina bat herri-lur saldu behar izateak estutasun larrian jarri zuela baserriko bizibidea: “Gaztaina eta ezkur, su-egur eta ikatz, garo eta txilar, hori zuen baserritar jendeak bere bizibidearen oinarrietako bat.”

Azkenik, txilarra omen da onena eztia egiteko. Anekdotikoagoak dira, bestalde, han eta hemen bildu ditudan beste erabilera batzuk: txilarraren sustraiekin pipak egiten omen dira, baita Ferrari etxearen luxuzko autoentzat salpikadero edo aginte-mahaiak eta kanbio-palanken buruak ere. Dena esaten hasteko, berriz, EHUren Egungo Euskararen Hiztegiak dio txilar zuria maitasun grinaren mantsogarri omen dela.

Bada, ordea, txilarra artzaintzaren dekadentziarekin lotzen duenik ere. Martin Ugarte Saletxerengan (1916-1996) ohikoa den etorkizunarekiko mesfidantza, Aizkorri poemaren akaberan ikus daiteke, artzain-metafora ederrez apaindua, eta hantxe aipatzen du txilarra: “Iñoiz artzantzak izan lezakek / Bare-barerik bukaera… / Txillarrak gaillen larre-saillari, / Sasiak oro zabalera, / Ire lillura antzaldatuko, / Piztien leize arabera.” Alegia, artzaintzaren bukaera bare-barea, zarata handirik sortu gabe, nolaz gailentzen zaion larre-sailari txilarra.

Guk askoz nahiago dugu, hala ere, Didier Petit de Meurvillek Zestoako txilar haiek margotzerakoan izango zuen gozamena irudikatzea, edota zeharo modaz pasata dagoen baina idazle handia den François Mauriac-en aipamenak irakurtzea. Hark –aita aldetik Bordeleko mahasti jabea, ama aldetik Landatako pinudi jabea– isiltasuna atsegin zuen, ikuspegi miresgarriak eta, batez ere, usainak, erretxin usaina eta txilardiena: “Txilar usain freskoa ekarri du landatik.” (Un frais parfum de bruyere qu’elle apporte de la lande). Etorriko da udazkena eta txilar usain freskoa ekarriko digute, guri ere, Zestoako txilardiek.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide