Albisteak

24. Korrikak egun osoko jaia ekarriko du bihar herrira

Asteazkenean iritsi zen 24. Korrika Arroabera, eta bihar, larunbatez, euskararen aldeko lasterketa erraldoia herrigunetik igaroko da. Egun osoan zehar festa giroan murgilduko da herria, izan ere, goizetik iluntzeraino adin guztietako herritarrentzat askotariko ekintzak izango dira.

Haurrek hartuko dute protagonismoa goizean. 11:00etatik aurrera mural, aurpegi eta ikurrina margoketak egingo dituzte kiroldegiko aterpean. 12:00etarako bingo musikatua ere prestatu dute Ekain Guraso elkartekoek, sari eta guzti.

Bazkalondoa ez da gehiegi luzatzerik izango, 17:16an sartuko baita Korrika Zestoako lurretan. Azpeitia aldetik etorriko da, eta Lasaon hartuko dute lehen lekukoa. Enekosauztegi kaletik sartuko da herrigunera, eta handik Gurutzeaga kaletik igaroko da. Ondoren, Zumaia alderako irteeratik errepide nagusira aterako da, eta berehala gasolindegi ondora iritsita, Pio Baroja plazara igoko da kontrako noranzkotik. Kaleokerretik eta, ondoren, Gesalaga kaletik pasako da; Arozena parean berriz ere errepide nagusira aterako da, Azpeitirako bidea hartzeko.

Korrika igaro ondoren, 19:00etan Zumaiako Hamarru elektrotxarangak girotuko ditu kaleak. Jan-edanaren txanda 21:00etan izango da, udaletxe azpian mokadua eta txotxa antolatu dituzte. Gaur da txartelak erosteko azken eguna; Portalen eskuratu ahal izango dira, 10 euroan.

24. Korrikak herrigunean egingo duen ibilbidea:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide