240. San Viator anaien bizimodu latza

Orain dela 75 urte alde egin zuten San Jose ikastetxetik San Viator ordenako irakasleak, gure herrian irakaskuntzan bost urte besterik egin gabe. Urte gehiagotan egon zirelako edo, askoz ezagunagoak dira zestoarrentzako Maristak eta, zer esanik ez, Salletarrak, baina gaur hona dakartzagun San Viator anai hauek nahiko ezezagunak dira, nahiz eta, frankismoaren hastapeneko urte haietan izanagatik, oso informazio berezia eman diezaguketen orduko irakaskuntzari buruz.

Aurreko batean (131. ‘Hermanotako’ eskola berria. 2019-01-18) esan genuen 1920ko hamarkadan ez zela ohikoena erakunde erlijiosoen esku uztea irakaskuntza eta Gipuzkoan ez zirela garai hartan horrela jokatu zuten herri asko. Zestoan, behinik behin, irakaskuntza erlijiosoa bultza nahi izan zuten, eta ikastetxea eraiki bezain pronto (1929), Maristak ekarri zituzten eskolak ematera. 1941ean, ordea, arazo ekonomikoak medio, alde egiteko erabakia jakinarazi zioten Zestoako Udalari.

Udan, hainbat gestio egin zituen Zestoako Udalak eta, azkenik, Eskoriatzako San Viator anaiekin ados jarri ziren hiru irakasle Zestoara ekartzeko: Fernando Dañobeitia, Marcelino de la Presa eta Juan Bautista Etxaburu. Azken hau hil ondoren (2001), Jesus Maria Urrutia Goikoetxeak egindako ikerketari zor diot hemen emango dudan informazio guztia, batez ere, Dañobeitiak, eskolako zuzendariak, Probintziako Zuzendariari bidaltzen zizkion gutunak argitaratu izanari. (Euskarazko itzulpena geurea da).

Gaur egun berrogei bat [ikasle] dauzkagu baina urriaren 1erako dezente gehiago etorriko dira, hala adierazi digute. Ume gehiago ez etortzearen arrazoia da asko hoteletan enplegatuta daudela botones gisa, jakina da-eta hemen hotel asko dagoela, eta beste batzuk hango dendatan, ile-apaindegietan, merkataritzan eta abar.”

Gutunak nahiko zehatzak eta iradokitzaileak dira, eta haize freskoa dakarte udaleko hizkera zaharkituan idatzita dauden udal agiriekin konparatuta. Hara, esate baterako: “Indar Nazionalek herria askatu zuteneko urtemuga zenez, nobilladak eduki genituen; gu gure eskola ondoko pinudira paseatzera joatearekin konformatu ginen.”

Egia esan, panorama tamalgarria daukate gure irakasleek: “Hau oraindik muntatzeko dago. Ez daukagu oherik ezta altzaririk ere, Aita maitea, nahiz eta zu hemen hartzeko, arotzarengana, alkateordearengana, behin eta berriz joan naizen presa sartzera, eskolako altzariak egiten has dadin. Beti esaten dit lanpetuta dabilela. Lau ohe besterik ez dauzkagu: hiru irakasleontzat eta bat emakume sukaldariarentzat. Ez daukagu ez armairurik ez apalategirik arropa, liburuak eta abar jartzeko.”

Ostiralean iritsi zen Gasteizko neskatxa. Oso estu gaude janari kontuekin, ez daukagu-eta ezer datozen egunetarako eta egunean-egunean bizi behar dugu. Alkateak esaten zuen kontu hura, zera, errazionamendua gordetzen zigula, duela hamabost egunetik ez da ezer egon. Hori zuk jakin dezazun, baina ez iezaiozu ezer esan, ni neu saiatuko naiz-eta ea zerbait ateratzen diodan. Enteratu egin nahi dut ea zein baserritarrek saldu ahal didaten patata pixka bat eta beste gauza batzuk, baina orain arte ez dut ezer lortu. Tira, Jainkoak lagunduko du. Anaiek oso ondo egiten dute lana, gogoz, eta ez zaie falta umore ona.”

1942-43 ikasturtetik aurrera. Carlos González de Zárate izango da eskolako zuzendaria. Ikasturte hastean, larri dira, ekonomikoki, San Viator anaiak. Baserritarrak ere, ez dira fio, nonbait, babak, arto-irina edo ardi gazta erostera joaten direnean. 1945-46 ikasturtea azkenekoa izango da. Alkatearen eta bikarioaren desio onak izan arren, ikasle kopurua ez da hazten, soldatak urriak dira, elikadura eskasa, erlijiosoen osasuna gainbehera doa… Instalazioak, berriz, asko dute hobetzeko eta ez dirudi hobetuko direnik epe motzean. 1946ko maiatzean, eskola uzteko erabakia jakinarazten dio Udalari San Viator anaien Probintziako Zuzendariak. “El Ayuntamiento acordó darles las más expresivas gracias por los servicios prestados” eta berehala hasten dira beste erlijioso batzuen bila. Ez zen kontu erraza, eta lau urte beharko zituzten (1950) beste batzuk konbentzitzeko, oraingoan Salletarrak.

Horrela, ahaztuta geratu ziren San Voator anaiak Zestoa aldean, harik eta 1979an, eskola eraiki zeneko 50. urtea, iritsi zen arte. Orduan, orduko udalbatza ez ezik, tartean Gorrotxategi eta Lizaso bertsolariak ere bazirelarik, 400 lagun inguru bildu ziren bazkaltzen bainuetxean. Hantxe, San Viator anaien garaian ikasle izandako Patxi Artetxek eman omen zion Probintzialari plaka bat, oroigarri gisa: “Zestoako herriak, San Jose ikastetxearen urrezko eztai [sic] egunean, heziketa lan ixila [sic] eta miresgarria eskertzen dizue [sic]. Clérigos de San Viator. Zestoa 1979 urtea, abenduak 8”.

Garik badu abesti bat niri asko gustatzen zaidana. Izaten dira gauzak sortzen direnetik zahar itxura izaten dutenak. Dirudienez, zaharra zen San Jose Ikastetxea San Viator garaian, zaharra zen eskola publikoa zenean –guk ikasi genuen garaian–, zaharra zen Kultur Etxe bihurtu zutenean, zaharra da oraintxe bertan: “Begiratzen zaitut / zuloaren gainetik / zerbait esan nahi dizut / zugan galdu aurretik / zaharra zara Bilbo”, zaharra zara, maite, gure Kultur Etxe.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide