244. Ariztain, Arroa, Akoa, Zestoa..

Egun hauetan, erakusketa xume bezain interesgarri bat dago ikusgai Donostiako San Telmo museoko klaustroan: “Euskal sustraiko jende izenak erromatar epigrafian. Soriako Tierras Altasko hilarriak”. Bide batez, museo horretako erakusketa iraunkorrean dauden beste hilarriak ezagutzen ez dituenak ez luke beste egun baterako utzi behar hango hilarri multzo oparoa (erromatar garaitik XIX. mendera) ikusmiratzea ezta haren inguruan dagoen argizaiola bilduma zoragarria ere.

Erakusketaren berri izan nuenarekin batera, burura etorri zitzaidan, 22 urte nituela, Salamancako unibertsitatean, erromatar garaiko euskal hilarriak oinarritzat hartuz egin nuen eskolako lana. Antzinako Historia ikasi nuen Salamancan, eta Ekialde Hurbileko kulturak (Sumeria, Babilonia, Persia, Fenizia, Egipto…) ikasi ondoren, Grezia eta Erroma aldea arakatzen genuen, eta hortik Hispania. Ikasgai komunetan hamabost bat lagun izango ginen baina hautazkoetan askoz gutxiago. Banuen nik, esate baterako, “Epigrafía y numismática” zeritzana, Antonio García Bellido ikerlari handiaren alaba Mari Pazek irakasten zuena, eta bi ikasle bakarrik ginen. Han bai ikasi, han ez zegoen lokartzerik edo piper egiterik. Alde batetik, zorte ikaragarria genuen: bi izateak eta irakaslea Garcia Bellidoren alaba izateak “pribilegio” handi bat ematen zigun: haren aitaren numismatika bilduma zoragarria (2.000 urte baino gehiago zituzten txanponak) geure eskuekin ukitzeko eta aztertzeko pribilegioa. Epigrafiari dagokionez, berriz, zientoka argazki eramaten zituen ikasgelara, latinezko inskripzio haiek erraz irakurtzen eta ulertzen ikasteko.

Burutazio horiek neramatzala, erakusketa ikustera joan nintzen. Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako erromatar garaiko sei hilarri daude bertan, eta haiekin batera San Telmo museoan bertan gorderik dagoen Andrearriagako estela (Oiartzun). Inperioko lurralde gehienetan bezala, latinez idatzita daude, baina aldi berean bertako jendearen izen indigenak agertzen dira. Alegia, erromatarrak hona iritsitakoan, bertako handikiek haien hizkuntza eta kultura bereganatzen dute baina, aldi berean, askok beren jatorrizko izen indigenak mantendu egiten dituzte. Izen indigena horiek, ordea, ez dira hainbat kasutan zeltiberiar edo iberiar hizkuntzakoak (horiek ziren kultura indartsuenak iberiar penintsulan erromatarrak ailegatu arte), eta hor dator erakusketaren berezitasuna: azken ikerketen arabera, hitz horietako batzuk euskal-akitaniar antroponimiaren ikuspuntutik azal daitezke, eta, ondorioz, oso aztarna baliotsuak dira euskararen historia ikertzeko eta euskara –edo protoeuskara– erromatar garaian zein lurraldetara iristen zen ikusteko.

Pieza arkeologikoen ondoan, besteak beste, Joakin Gorrotxategi irakasle eta euskaltzain urgazleak egindako azterketa eta iruzkin linguistikoak jasotzen ditu erakusketak.

Gai hauetan aditua ez den jendearentzat, oso esanguratsua da, esate baterako, Sesencoren hilarria, I. edo II. mendekoa. Honela dio: ANTESTIUS / SESENCO / PATERNIF / AN XX HSE. Esan dezagun, lehendabizi, erromatar hilarriak laburdurekin ageri direla beti. Hilarriaren transkripzioa, falta diren hitzak parentesi artean jarrita, hauxe da: “Antestius/ Sesenco / Paterni · f(ilius) / an(norum) XX h(ic) s(itus) e(st)”, alegia, “Hemen datza 20 urte zituen Antestius Sesenco, Paternoren semea”. Hildakoaren izena, Sesenco, gaur egungo “zezen” euskal izenarekin identifikatu ahal da eta “ko” atzizkiarekin, berriz, “zezentxo” esan nahiko luke. Horrela bada, antzinako euskararen aztarnak aurki daitezke Soriako Tierras Altaseko eskualdean.

Bueno, eta hau dena oso interesgarria baderitzot ere, ez luke batere balioko gure Aztarka bildumarako, non eta ez dugun aipatzen gure udalerri maitea. Eta horretarako aitzakia paregabea eskaintzen dit lehen aipatu dugun erakusketak eta azken aldian antzinako euskarari buruz egiten ari diren ikerketa mamitsuak. Horietako bat da Luis Mari Zaldua Etxabe urnietar doktoreak argitaratutako “Gipuzkoa antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan” (Gipuzkoako Foru Aldundia /Euskaltzaindia, 2020).

Liburuak sarreran dioen bezala, onomastika kriseilu gisa harturik, Antzinaroan barrena abiatzen da egilea,
Gipuzkoan
antzinako hizkuntza-egoerari buruz dagoen ilunpeetan argi apurra jaurti nahian. Zuhurtziaz abiatzen da, onomastika kontuak oso irristakorrak direlako eta historia eta arkeologiaren datu-kopuruak
oso urriak eta murritzak direlako. Horrez gain, ikerlari franko daude Gipuzkoa-Bizkaia aldean latinaren aurreko hizkuntza nagusia indoeuroparra (zeltera) zela ondorioztatzen dutenak eta esaten dutenak euskara (edo haren sustraiak) berandu, erromatar inperioaren bukaeran, iritsi zirela Gipuzkoa eta Bizkaia aldera, Nafarroa edo Akitania aldetik. Eztabaida hortxe dago, beraz, eta Zalduaren liburuak frogatu nahi du euskararen sustraiak erromatarren garairako bazeudela hemen.

Azterketak, Zestoako toponimo franko erabiltzen ditu antzinaroko hizkuntzak eta eremu linguistikoak finkatzeko. Latinetik heldutako toki izenetan, esate baterako, Aria eta Ariztain aipatzen ditu, baita Arroa eta Zestoa ere. Toponimia txikiari erreparatuz gero, Akoa aipatzen du, besteak beste. Toponimo horiek latinetik iritsi zaizkigu baina erromantzearekin batera ezinak omen dira. Euskarak, aldiz, bere-berekia duen hizkuntza trataera erakusten omen du toponimo horien artean. Horrela bada, nahiz eta latinaren bidetik iritsi, berezko izaera euskarazkoa dute Zestoako makina bat toponimok. Ondorio modura, Zalduak dio Gipuzkoan, gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko hizkuntzen ekarpenak gaineko geruza ematen duela, ez azpikoa, alegia, itxura batean badirudi Antzinaroan euskaldunak hemen bizi ginela eta gure hizkuntza (edo haren sustraia) ez zela hona iritsi gure aroaren lehen mendeetan baizik-eta lehenagotik.

Gaia mamitsua da eta konplexua, horrela, laburrean, azaltzeko, baina burutazio asko eragiten dizkigu gai horietaz pitin bat irakurri eta hausnartzen dugunoi; esate baterako, zer hizkuntza erabiltzen zuten hor, Aizarnako Erretoretxeko baratza zeneko eremu horretan, erromatar garaiko aztarnak utzi zituzten “aizarnar” haiek: indoeuroparra (zeltera) edo euskara? Erantzun ezinezko galdera, gaur egun. Denborak esango du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide