246. Zenbat gauza behar zituen baserritar batek duela 150 urte?

Zenbat lur behar ditu gizon batek?” Tolstoiren liburu ezagunaren izenburua geure eginez, “zenbat gauza behar zituen baserritar batek duela 150 urte?” galdetu diogu geure buruari. Behar, behar, gehiago baina eduki, gutxi. Izan ere, Joxe Ramon Zubimendik dioen bezala (Gipuzkoa. Mari-lur, 2009) “dakienak badaki nekazarien bizimodua askoz ere gogorragoa dela ehiztariena eta biltzaileena baino: gogorragoa (nekazari-lana neketsuagoa delako), lotuagoa (beti lur puska bera landu behar delako), arriskutsuagoa (eguraldi txarra, harria, kazkabarra edota izurriteak direla eta, uzta ona izateko segurantziarik ez dagoelako) eta eskasagoa (nekazarien dietako janari motak urri direlako, nahiz eta uztarik onenean janari ugari eman soroak).” Bizimodu gogorra, beraz. Zer esanik ez duela 150 urte.

Bide asko leudeke orduko baserritar arrunt baten “aberastasuna” aztertzen hasteko, eta horietako bat esku-eskura daukagu: Gipuzkoako Artxibo Historikoa eta bertan gordetzen diren protokoloak, esate baterako, testamentuak eta antzekoak. Gaur egun, Internet bidez egin daitezke kontsultak eta eskaerak aipatutako artxibora, eta bizkor bidaltzen dute agiriaren kopia digitalizatua. Neure arbasoen ondasun banaketa batekin (autos de inventario y abintestato) egin nuen topo oraindik orain, eta tximista baino azkarrago bidali zidaten agiria ordenagailura.

1858ko azaroaren 16an egin zuten inbentarioa, Pablo Arzallus hil ondoren (nire birraitonaren aitona), bere alargun Josefa Antonia Uzkudunek aginduta. Hauxe zen bere ondasunen balioa: 31.537 erreal. Horietatik 3.300, aurreztuta zeukaten dirua zen. Konparazio bat egiteko, 1.000 erreal inguru irabaz zitzakeen langile batek urtean.

Baserria eta lursailak behar zituen baserritar batek, beste ezer baino lehen. Errentan hartuak (Aurrekoetxe hala zen) edo norberarenak izan zitezkeen. Aipatutako inbentarioan bost lursail aipatzen dira: Igartzako sarobe barrena, Amisoro, Urreizti, Ormatxoeta eta Pagotxulueta. Zestoako Udalak, XIX. mendean, diru premia handia izaki, herri lur gehienak saldu egin behar izan zituen, eta horietako batzuk dira hemen aipatu ditugunak. Ez ziren izango lur bikainegiak baina nahiko garo, orbel eta egur emango zuten; sasoian, gaztaina ere bai franko… Denera, aipatu ditugun sail horiek eta errentan zeukaten Aurrekoetxe baserriaren sailek, 20 hektareatik gora osatzen zituzten, sail dezente. Hori bai, urtero errenta pagatzeko atera egin behar.

Lursailez gain, ganadua zen inportanteena baserrian. Oraindik ere, gure amak sarritan esaten du, “pertsonen ondoren, hauexek maiteenak”, bere kargura daukan artaldea seinalatuz. Are garrantzitsuagoak ziren ganaduak duela 150 urte. Atera kontu, ondasun guztien balioaren ehuneko hogei inguru zela ganadua (6.796 erreal). Lursailak kenduz gero, berriz, (17.422 erreal) gainontzeko ondasunen balioaren erdia. Hauxe zen orduko ganadutegia: idi parea, hiru behi, mendi-behia, hiru urteko txekorra, bi txahal, 36 ardi, ahuntza, bi behor, astoa eta txerria.

Ganaduaz gain, baserriko ekonomiari lotutako zenbait ondasun aipatzen dira, hala nola, baserriko lanabesak (ez dira zehazten baina gurdiak, areak, uztarriak, laiak, aitzurrak… izango ziren) eta bi barrika (etxerako adina sagardo).

Bistan denez, biziraupen egoera zen hura, guztiz. Familia hazi, errenta ordaindu eta gutxi gehiago. Alegia, oso larre motzean bizitzea. Zubimendik dioen bezala, ardoa, gatza eta olioa izan ezik, baserrian bertan sortzen zen etxerako behar zen guztia. Artoa, babarruna eta patata ziren oinarrizko janariak. Garia ere egingo zuten. Baita inguruak ematen zituenak ere: gaztaina, intxaurra… Edateko, ura, sagardoa (bertakoa) eta ardoa (Nafarroatik edo Errioxatik garesti ekarria). Oinarrizko janari horiez gain bazituzten, ordea, beste asko ere: etxeko barazkiak, aldian aldiko fruta mota ugariak, arrautzak, gazta, ehiza, perretxikoak, (amu)arraina, bakailaoa, oilo zaharra, noizean behin etxeko oilaskoa edo arkumea… Ganaduarentzat, berriz, belarra, alpapa, arbia, erremolatxa… Arropak egiteko, berriz, lihoa eta artilea.

Ondasunen zerrendarekin jarraituz, etxeko altzariei eta haien xumetasunari erreparatzea oso interesgarria da benetan. Ohe eta ohe-jantziei dagokionez, 8 ohe eta beste hainbeste jergoi edo lastaira, 14 koltxoi (bi lumazkoak) eta haien azalak, 6 ohe-estalki, 2 artilezko manta, 25 izara, 13 almohada edo burko, 19 burko-azal.

Sukaldeko arropa ere urria: 3 toalla, 5 mahai-zapi eta 8 aho-zapi. Oso azpimarragarria da, bestalde, 23 hari-mataza, propio, aipatzen direla. Horrek adierazten du baserrian ehungintzak zuen garrantzia. Bertan bizi zirenen arropak ez dira aipatzen baina ez zen gauza handirik izango, jaietakoak aparte utzita.

Altzari kontuetan ere, xume ziren gauzak duela 150 urteko baserrietan: bost kutxa, kutxatzar bat eta bi kutxatxo, mahai bat, 3 armairu, 7 eserleku. Horrez gain, sukaldeko tresneria eta ontziteria aipatzen dira (zehaztasunik gabe) eta azpil bat.

Pentsatzen jarrita, kontsumismoaren esklabo bihurtu garen garai hauetan, ez du ba ondasun material gehiegirik behar gizakiak bizitzeko –eta askoz gutxiagorekin ere biziko da makina bat munduan: lur pixka bat eta etxe bat, ganadu apur bat, lanabesak, arropa, altzari batzuk, janaria…

Dena den, kontua ez da hain sinplea: milaka euskaldun joan ziren garai haietan Ameriketara, baldintza hobe batzuen bila; hemengoa pagotxa ez zen seinale. Gutxienez, euskaldunoi, daukagun baino begirune gehiago eskatu beharko litzaiguke, hor, goseak akabatzen etortzen zaizkigun etorkinekiko, gutako asko ere hala ibili behar izan zutelako.

Baina hemen bizi izan ziren haiek, beren ondasun pitinekin, ez ote zuten inoiz pozik sentitu? Ez ote zuten inoiz barre-algararik egin? Ez ote ziren zortedun pertsonak sentitu? Daukagun gauza-gose etengabeko honetan, zenbat gauza behar ditu gizon batek?

(Zoroperia bertan behera geratu den honetan, artikulu hau iraganeko, oraingo eta etorkizuneko baserritarrei eskaini nahi diet, eta Gabon hauek ondasunez estu pasa beharko dituztenei)

2021eko abenduan Danbolin aldizkarian argitaratua




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide